EAEko Medikuen Plataformako eta MUD elkarteko (Medicos Unidos por sus Derechos) ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean izan dira gaur goizean, eta mahai sektorial autonomiko bat sortzea eskatu dute. Medikuek “egiturazko aldaketa” beharrezkoa dela uste dute, Osakidetzaren etorkizuna bermatzeko, besteak beste.
Era berean, medikuak lan kargaz kexu azaldu dira, atseden egokirik gabeko jardunaldi luzeak egitera behartuta daudela gogorarazi dute eta larrialdi zerbitzuak kolapsatuta daudela azaldu dute.
Hala, euren lan baldintza “eskasak” salatu eta araudi berri bat eskatu dute. Hori bai, Espainiatik abiarazitako Estatutu Markoari uko egin diote, besteak beste, lanaldi muga argirik ez duelako zehazten eta, medikuen arabera, profesionalen jarduna ez delako aitortzen.
"Egungo Estatutu Markoak, 2003tik indarrean dagoenak, lanbidea gainkargatu eta higatzera eraman bagaitu, estatutu berriak lanaldi denbora mugatu gabe jarraitzen du, lanbide honetarako eranskin espezifiko bat aurkezten du, ordainsaririk eta atseden egokirik gabeko etengabeko lanorduak betikotzen dituena. Gainera, erantzukizun-maila ez du aitortzen eta prozesu kliniko asistentziala desitxuratzen du", esan dute.