“Egurraren herria. Bosque Country” kanpainak edizio berri bati ekin dio. EAEko baso-egur sektorearen kudeaketa herritarren artean balioetsi eta ezagutarazi nahi du Baskegurrek. Donostia izan da erakusketa-kamioi ibiltariaren edizio berriaren abiapuntua, eta Bilbon eta Gasteizen ere izango da; horrez gain, Guardia, Zuia, Amurrio, Deba, Zumarraga, Hondarribia eta Bermeo bisitatuko ditu.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
EAE Europan baso-azalera handiena duen lurraldeetako bat da: azaleraren %55 basoek hartzen dute, eta horren %49,5 inguru hostozabal autoktonoak dira. Egurraren sektoreak 19.000 lanpostu inguru sortzen ditu.
Zeintzuk izango dira “Egurraren Herria - Bosque Country” kanpainaren helburu nagusiak aurten?
Helburu nagusiak bi izango dira eta aurten ere mantenduko ditugu: alde batetik, sektorea balioan jartzea, eta bestetik PEFC Euskadiko ziurtagiria ezagutaraztea. Askotan jendeak ez daki erabiltzen duen egurra jasangarritasunez kudeatutako baso batetik datorrela, eta hori ziurtagiri horrek bermatzen du. Gure sektorean eragile ugari daude: baso-jabeak, basoa ustiatzen duten enpresak, garraiolariak eta egurra eraldatzen duten enpresak.
Zeintzuk izango dira berrikuntzak?
Bereziki, ikastetxeetako presentzia indartu eta hobetu nahi izan dugu. Iaz ere bisitak programatu genituen, baina aurten gehiago izango dira. Produktu berriak ere eramango ditugu: Ternuarekin elkarlanean egindako zelulosazko kamiseta bat, duela zenbait urte garatutako proiektu batean oinarritua.
Horrez gain, haur eta gazteentzako marrazki bizidunetako pertsonaia bat sortu genuen: Ñupi iratxoa. Gaztetxoei erakutsi nahi diegu zuhaitzak moztea, gero berriz landatzen badira, ez dela hain dramatikoa. Horretarako, marrazkiak eta jokoak erabiliko ditugu. Nagusiei zuzenduta, berriz, sektoreari buruzko galderak eta probak dituen gela bat prestatu dugu.
Zure ustez, baso-egurraren sektorea zergatik ez da oraindik behar bezain ezaguna?
Arrazoi ezberdinak daude. Lehen sektorean gertatzen ari den zerbait da. Arazo nagusia gizartearen urruntasuna da. Gero eta jende gehiago bizi da hiriburuetan, eta urruntasun horrek ezjakintasuna eragiten du. Lehen jendeak harreman estuagoa zuen basoarekin; gaur egun, aldiz, aisialdirako gune modura ikusten da askotan. Horren ondorioz, ez da ikusten kudeaketa aktibo baten beharra. Ezin dugu basoa parke tematiko bihurtu. Ustiaketa aktibo baten alde egin behar dugu: lehengaia jasangarria, naturala eta berriztagarria baita.
"Gero eta jende gehiago bizi da hiriburuetan, eta urruntasun horrek ezjakintasuna eragiten du. Lehen jendeak harreman estuagoa zuen basoarekin"
Zeintzuk dira sektorearen erronka nagusiak gaur egun?
Aipatutako urruntasun hori informazioarekin konpontzea da erronka bat. Horrez gain, klima-aldaketa. Oso argi dago basoaren egoera aldatzen ari dela: estres hidrikoak kalte handiak eragiten ditu, eta horren ondorioz gaixotasunak ugaritu egin dira.
Horrez gain, mundu globalaren eragina ere nabaritzen dugu basoetan. Desoreka asko gertatzen ari dira, bai gizartean, bai basoetan. Horrek baldintzatuko du etorkizunean zer espezie landatu ahal izango diren. Prebentzioari dagokionez, tratamendu berriak ikertu eta ezarri beharko dira, eta hobekuntza genetikoa landu, espezieen erresilientzia handitzeko.
Espezieen aldaketa bat aurreikusten duzu datozen urteetarako?
Bai, gertatzen ari da. Insignis pinua portzentaje askoz handiagoan izan dugu. Gaur egun hostozabalak (autoktonoak) %49,5 dira eta gehitzen ari dira, eta koniferoak jaisten. Insignis edo radiata asko jaitsi da banda marroiaren gaixotasunaren ondorioz. %30 inguruan izango da. Itsas pinuarekin ordezten ari da, sekuoia eta abar asko landatzen ari dira bereziki Gipuzkoa aldean.
EAEko basoak jabetza txikien eskuetan daude nagusiki. Zer babes mota behar dute jabe horiek?
Kudeaketa aktibo bat bermatu nahi dugu. Bai sektoreari, bai gizarteari gertatu ahal zaion gauzarik txarrena basoaren abandonua izango litzateke. Estatu mailan eman da, Extremaduran, Gaztelan eta abar. Espainia hustua aipatzen denean ez da bakarrik herriak husten direla, lehen sektore osoa ere bai. Horrek suteekin lotutako arazoak sortzen ditu.
Jasotako txostenen arabera, biomasa asko handitu da lurralde horietan, basoak ez direlako garbitzen eta ez direlako entresakak egiten. Suteak gertatzen direnean ere larriagoak dira, suhiltzaileak ezin direlako sartu. Gipuzkoan eta Bizkaian basoen %75 pribatua da, eta horregatik proiektu ezberdinak garatzen ari gara. Belaunaldien aldaketa bermatzea oso garrantzitsua da, eta horretarako formakuntza eskaintzen dugu.
"Gure basoen jabeek 4-5 hektarea dituzte normalean, jabetza txikiak dira. Jabe horiei aukerak eman behar zaizkie basoa utzi nahi dutenean, basoa saldu gabe kudeaketan jarraitzeko"
Eta administrazioak zer egin dezake laguntzeko?
Batez ere administrazio lanak erraztu eta digitalizazioan lagundu. Guk, adibidez, software bat atera dugu mozketak eta kudeaketak bideratzeko, eta administrazioak ere horretan inplikatu daitezke. Gure basoen jabeek 4-5 hektarea dituzte normalean, jabetza txikiak dira. Jabe horiei aukerak eman behar zaizkie basoa utzi nahi dutenean, basoa saldu gabe kudeaketan jarraitzeko.
Europan kooperatibak sortzen dira eta plataformak daude beste batzuek basoa kudeatzeko aukera izan dezaten. Gipuzkoan Basotik Fundazioa sortu dute horretarako, eta Bizkaian Basotruk proiektua ari dira garatzen. Gu ez gara soilik dirulaguntzen eske ari; Europatik jasotzen ditugu laguntzak, baina proiektuetan sinesten dugu. Gure sektorea etorkizuneko sektorea izango da, balio-kate oso indartsu batekin.
Hostozabal autoktonoak landatzeko dirulaguntzak handiagoak dira egun. Nola ikusten duzue egoera?
Bai, egia da. Insignis edo radiatak ez du ia dirulaguntzarik jasotzen eta etorkizunean ere hala izango da. Bertako espezieek laguntza handiagoa jasoko dute. Guk eredu osagarri baten alde egiten dugu. Ez da %100 hostozabalak landatzea bakarrik. Euskaditik kanpo ere balio-kate osoa balioesten da.
Gure eredua mantentzeko, kudeaketa ezberdinak behar dira: hostozabal autoktonoak eta koniferoak osagarri moduan. Euskadin lurraldearen %55 basoa da, eta %49,5 hostozabala, baina horrek egurraren %1,8 baino ez du ematen. Koniferoek ematen dute egur gehiena. 19.000 lanpostu eta kudeaketa aktiboa bermatzeko, bi ereduak behar-beharrezkoak dira.
Egurra etorkizuneko materiala dela aipatu izan duzu.
Bai, gu kontsumo handiko merkatuetara zuzentzen gara. Egurra ez da altzarietarako bakarrik erabiltzen. Euskadin paper-fabrika oso indartsuak ditugu: kartoiak, enbalajeak, papera eta liburuak ekoizten ditugu. Enbalajearen munduan produktu berriak sortzen ari dira plastikoa ordezkatzeko.
Eraikuntzan ere eraldaketa handia dago. Egurra material egokia da aurre-industrializaziorako. Porlanarekin prozesu hori askoz motelagoa da. Azkenik, kimika berdea aipatu behar dugu: industria eta farmakologian erabiltzen diren produktu asko gaur egun basoetatik lortzen dira.