
Umorea, gehiegikeria eta gorputz-espresioa. Jarrera komikoa: baldarkeriak, txantxak, mimika. Publikoarekin kimika. Akrobaziak zein jolasak. Janzkera deigarria. Koloreztatutako aurpegia. Sudur gorria. Zirraren asmatzaile eta irrien sortzaile. Maitagarriak. Erreferenteak. Artistak. Pailazoak.
Ikuskizunak. Zirkoa. Arte eszenikoa. Antzerkia. Diziplinartekotasuna. Pailazogintza, barre algarak sortze hutsetik haratago, hezkuntzan eta pedagogian lan egin zein gizartean eragiten duen ofizioa da. Haur, gazte zein heldu, guztiak higiaraztea eta mugitzea helburu. Eguneroko gaien inguruan pentsaraztea. Norbanakoak martxan ipintzea.
Txirri, Mirri eta Txiribiton; Pirritx, Porrotx eta Marimotots; Kakax, Kokox eta Kirriki; Gari Montxo eta Joselontxo; Korri, Salto eta Brinko; Potxin eta Patxin; Tomax, Txoronpio, Pantxi eta Pantxo; Kiki, Koko, Moko eta Flax; Pontx, Motx; Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo; Zapotxin; Potx eta Lotx; Ekain-Txou; Poxpolo, etab.
Pailazogintza, barre algarak sortze hutsetik haratago, hezkuntzan eta pedagogian lan egin zein gizartean eragiten duen ofizioa da
Euskal pailazoen zerrenda luzea da. Aberatsa aldi berean. Amaigabea. Hauspoa badenaren seinalea. Iraganak, orainak eta etorkizunak bat egiten du bertan. Aitzindariak dira batzuk. Hasiberriak besteak. Guztiak, ordea, euskararen eta balioen zabalkundean ari dira lanean. Euskaratik herri bat denona eta denontzat eraikitzeko bidea egiten.
Txirri, Mirri eta Txiribiton
Umeentzat euskaraz ezer ez zegoela kezkatuta jaio ziren Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoak. 1972. urtea zen eta hutsune hura betetzeko asmoz sortu zuten lehen ikuskizuna. “Aita eta bere kideak frankismo garaian hasi ziren, inongo asmo handirik gabe, euskaraz zerbait egitearren haurrentzat”, gogoratu du Kattalin Ansorenak, gaur egungo taldeko kideak.

Lehen aldi hura, ordea, ez zen nolanahikoa izan eta arrakasta bat batekoa izan zen. Herri desberdinetatik eskaerak iristen hasi eta ahoz ahokoaren bitartez pixkana-pixkana Euskal Herri osora zabaltzea lortu zuten.
ETBren sorrera ere mugarri garrantzitsua izan zen taldearentzat. Martin Ibarbia ekoizleak eskaera berezi bat egin zien, astero igorriko zen pailazo saio bat egitea haurrentzako. “Gehiegi jakin gabe aurrera egin zuten”, nabarmendu du Ansorenak.
Kixki, Mixki eta Kaxkamelonek azken saioa emana zutenez, taldea eraberritu zuten. Izena aldatu eta Txirri, Mirri eta Txiribiton jaio ziren. “Musika ere garrantzitsua izan da taldearentzat”, azpimarratu du. Disko anitz eta abesti ugari sortu dituzte, 200 inguru. Beren letra, doinu eta melodiak Euskal Herrian ezagun eta erreferente bilakatu dira. Arrakasta eta iraupenerako gakoak izan dira.
Kattalin Ansorena: “Aita eta bere kideak frankismo garaian hasi ziren, inongo asmo handirik gabe, euskaraz zerbait egitearren haurrentzat”
Ordutik hona 53 urte igaro dira. Txirri, Mirri eta Txiribiton aldi berri batean barneratuta dago, eta 1984an jaiotako taldearen erreleboa dabil lanean egun. Talde txikia dira, ez dira telebistan ateratzen eta ez dituzte 200 ikuskizun egiten urtean, baina betiko esentziak bertan jarraitzen du. Pertsonaiak mantendu arren, bakoitzak bere ukitua ematen dio.
“Pailazoa matxino bat da, erradikala, punkarra, munduari ateratzen dizkio kontrak eta barre egiten dio”. Modu horretan ulertzen dute pailazogintza. Munduko zaurgarrienaren alde daude, baina, aldi berean, zaurgarritzat dute euren burua ere. Emozionalak dira. Tristurak eta pozak etengabe daude pil-pilean. Gauza sinpleak izan arren, oso gauza konplexuak transmititzeko gai dira. Eszenatokian eguneroko kontuak muturrera eramaten dituzte. Gizatasuna nabari da beren saioetan. Gizartearekin konexio berezia izaten jarraitzen dute.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots
Lasarte-Oriako kaleko euskararen presentzia indartzeko asmotan, umeentzako zerbait egitea pentsatu zuten. Ekintza alai bat izan behar zuen eta, hori horrela, Olentzero jaialdi batean pailazoz jantzi ziren lehenengoz Takolo, Pirrutx eta Porrotx.

Olentzerori bihurrikeriak egin eta Imanol Urbietaren kantekin zein abesti herrikoiekin ikastetxeetako haurrekin aritzea izan zen beren asmoa. “Egun batez pailazoz jantzi ginen Olentzerori ongietorria emateko eta egun bateko proiektua 37 urtekoan bilakatu da”, oroitu du Joxe Mari Agirretxek, taldeko kideak.
Hasieran euskara eta alaitasuna landu zituzten esketx tradizionalen bidez. Horrela iritsi zen lehen eguna, gerora, bigarren eguna, ostera, hirugarren eguna… Denbora pasa ahala erreferenteak bilakatu ziren umeentzat. “Guk esandakoak umeek kontuan hartzen zituzten”, azaldu du. Euskara eta alaitasunaz haratago, balioak txertatzen hasi ziren. Haurrei begira, beraiek pentsatu, sentitu eta bizitzen dituzten eguneroko gaiak lantzen. Gizartean lehen lerroan dauden gaiak hautatu eta proiektuak ontzen.
Joxe Mari Agirretxe: “Egun batez pailazoz jantzi ginen Olentzerori ongietorria emateko eta egun bateko proiektua 37 urtekoan bilakatu da”
Kulturartekotasuna, ekologia, minbizia, osasuna, natura, zientzia eta elkartasuna. Hegaldi desberdinak hartu ditu Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak. Euskaratik beti. Informatzeko, sentsibilizatzeko eta balioak hedatzeko bitartekari bilakatu dira. Haurrak erdigunera ekarri, baina, era berean, haren inguruan eraginez. “Edonorentzat da gure pailazogintza”, adierazi du Agirretxek.
Hezkuntza formala eta ez formala. Biak dira beharrezko eta biak uztartzen dituzte. Haurrak ez dira etorkizuneko pertsonak. Orain eta hemen kontuan hartu behar dira. “Ez dira objektuak, subjektuak dira. Hausnartu eta beraiekin batera erabaki behar dugu”, aldarrikatu du. Haurrentzat egiten den mundua denontzat izango dela argi dute.
Ia lau hamarkada betetzera doazen une honetan asko ikasi dute: tristurak eta pozak partekatzea goxoagoa dela, uneak betetzea bezain garrantzitsua dela abenturak bizitzea eta, nola ez, umorea jarrera bat dela bizitzan. Jarrera eraikitzailea, baikorra, errespetuzkoa, euskara sustatzen duena eta Euskal Herria. Herria egiteko modua. Esnatu eta aurpegian irribarre bat sortzearekin egiten dute amets.
“Haurrak ez dira objektuak, subjektuak dira. Hausnartu eta beraiekin batera erabaki behar dugu”
BECen egingo duten gaurko “festa erraldoian” ere 37 urteko ibilbidean landutako hura sentituko da. Taupada. Aitortza. Aldarrikapen kolektiboa. Ametsa. Sudur gorriak erreferenteak dira beren herrietan. “Agurtu eta ezagutzen gaituzte”, nabarmendu du. Sudur gorriak indarra du. Eragiteko gaitasuna du. Euskaratik herri bat denona eta denontzat izango dena eraikitzen jarraitu nahi dute. Ekarpena egiten modu kontziente batean. Herri bat, sudur gorri bat. Euskara maitasunez transmititzeko. Alaitasunez. Balioekin. Elkarrekin ostadarra osatzea helburu.