Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx': "Sudur gorritik edozein gai landu daitekeela uste dugu"

Pailazogintzak ekonomiaz asko duela argi utzi du pailazo eta Katxiporreta kooperatibako sortzaileetako batek

Porrotx, Sosola baserrian | Argazkia: Katxiporreta (utzitakoa) Porrotx, Sosola baserrian | Argazkia: Katxiporreta (utzitakoa)

Aiora Zulaika Pirritx eta Mertxe Rodriguez Marimototsekin batera, oholtza gainean antzerkia, dantza eta kantu bidez gizartean bolo-bolo diren gaiak haurrei helaraztea du ogibide Joxe Mari Agirretxe Porrotxek, izan euskara, ekologia, etorkinen egoera edota familia ereduak. Ekonomia akaso gai "helduagotzat" jotzen dugu, astunagoa edo sakonagoa suerta dakiguke eta. Aitzitik, gure egunerokoan etengabe azaltzen den gaia da, gizartean pisuzko garrantzia duena, eta zergatik ez, barre eta algara artean ere azaldu daitekeena.

Pailazoen jardunarekin ere badu lotura. Orain hiru hamarkada baino gehiago herrigintzatik hasitako emanaldiek afizioa ofizio bihurtu zuten, eta Katxiporreta kooperatiba sortu zuten hiru pailazoek. Pailazogintzak, eta kulturak oro har, atzean duen lan eskergaren erakusle. Ikuskizun bat sortzeak denbora eskatzen baitu, baliabide ekonomikoak, idazleak, kantariak, dantzariak, diseinatzaileak eta bestelako profesionalak. Bada, algarek ere sortzen dutela ekonomia.

Zer esango zenuke duela pailazogintzak ekonomiaz?

Orain 36 urte jaio ginen Lasarte-Orian, euskararen erabilera eta normalizazioa sustatu nahian, herrian orduantxe lanean ari zen herri mugimenduaren baitan. Modu amateur batean, afizioz, herrigintzatik sortu bazen ere, handik urte gutxira, modu profesional batez prestatzen hasi ginen, zegoen eskariari erantzuteko. Afizioa ofizio bilakatu zitzaigun. Hasieran ez bazen ere, gerora kooperatiba osatu genuen pailazoon artean.

Horrek esan nahi du ekimenak konponente ekonomikoa ere hartu zuela. Ikuskizunak eskaintzen ditugu eta horiek badaukate balio ekonomiko bat, eta horrekin batera ere badago ekoizpen kultura bat diskoei, ipuinei, material didaktikoari dagokionez. Merchandisinga ere hor dago, guk sortutako web orriaren bidez saltzen dugu, eta dendetan ere aurkitu daitezke. Dinamika ekonomiko horrek guri talde bezala diru sarrera batzuk ekartzen dizkigun moduan gu hortaz bizi ahal izateko, beste sektoreetan ere eragiten du. Guk produktuak saltzerakoan, horiek sortzeko dago: musika konposatzailea eta musika estudioak; diseinatzaileak, gure kartelak, ipuinak, diskoak, kartak, puzzleak, kamisetak sortzen dituztenak; dendariak... Gu kontratatzen gaituztenek ere sarrera bat jartzen dute gure ikuskizuna ikusteko.

"Modu amateur batean, afizioz, herrigintzatik sortu bazen ere, handik urte gutxira, modu profesional batez prestatzen hasi ginen, zegoen eskariari erantzuteko"

Horrez gain, kultura oso garrantzitsua da pertsonontzat. Gutako bakoitza hazteko, nortasuna garatzeko, zer garen, nolakoak garen, munduarekin nola erlazionatuko garen eta nola jasoko gaituzten irudikatzen duena. Pertsonatik harago, herri bezala ere sortzen du izaera bat, lotua dagoena gure hizkuntzarekin, gure balioekin eta nortasunarekin. Izaera horrek ere proiektatzen zaitu mundura, eta horrek guztiak badu nolabait eragina ekonomian. Nahiz eta kultura printzipioz zerbait humanoa izan, badauzka beste ondorio batzuk, tartean ekonomikoak.

Urtetik urtera ikuskizun berriak prestatzen dituzue, gizarteko gaiak landuz, ekonomia bezalako gai bat, sarritan helduekin lotzen duguna. Nola landuko zenuke haurrei zuzendutako ikuskizun batean?

Guk abestia badugu, “eman eta jaso, jaso eta eman, elkartasuna da hori, eman eta jaso, jaso eta eman, ba al dago ederragorik?”. Pertsonen artean harremanak ditugu, eta harreman horietan sartzen da bizikidetza. Munduan denetariko izakiak bizi gara. Natura, mendiak, itsasoa, basoak, oihanak, eta horien parte txiki bat gara gu. Askotan ahazten zaigu; uste dugu gu garela nagusi edo gainerakoen gainetik bizi garela. Naturaren zati txiki bat gara, eta hor bizi behar dugu elkarrekin. Konturatu gabe natura zainduz zaintzen dugu gure burua, eta natura ez badugu errespetatzen gure burua gaixotuko dugu.

Mundua gerraz eta okupazioz beterik dagoela ikusten ari gara. Migratzaileak itsasoan ari zaizkigu itotzen, eta hesiak altxatzen ditugu pertsonak ez daitezen batetik bestera mugitu, betiere boteretsuen interesak kaltetuak ikusten badituzte. Baina era berean, hesi horiek ez dira existitzen boteretsuek esplotatu nahi badituzte herritarrak. Oinarrizkoak diren giza eskubideak eta bizi baldintzak ez dira errespetatzen. Hortaz hitz egiten dugunean, ekonomiaz ere ari gara, zeren mundu honetan denok jaio beharko genuke eskubide berdinekin.

"Hala beharko luke ekonomiak: zerbait amankomuna, zerbait adostua, non denok eskubideak eta ardurak izango ditugun, non denok izango dugun duintasunez bizitzeko adina"

Zuen ikuskizunetan agerikoa al da ikuspegi hori?

Iruditzen zait urtero lantzen ditugun gaietan badagoela konponente hori. Aurten adibidez Amazonia gara kanpainaren barruan Ez gara jaitsiko ikuskizunarekin ari gara, eta Artikoan, Ozeanian, Afrikan, Amazonian, sortzen ari garen kalteez eta horrek guztiak naturan, animaliengan eta gugan duen eraginaz hitz egiten dugu.

Askotan landu izan ditugu gaietan presentzia daukate errealitate horiek, bizi ditugun injustiziak. Borobilean izeneko disko, ipuin bilduma eta ikuskizuna sortu genuen. Lau ipuin argitaratu genituen Uxue Alberdik idatzita, Nork agintzen du? tituluarekin. Nork agintzen du etxean, eskolan, kuadrillan, kalean? Botere harremanez ari ginen eta bizikidetzaz, eta mundua konpontzeko hasi behar dugu gure eremu intimoetatik, gure arteko arauak nolabait antolatzen, elkarri begira borobilean, gure minak, pozak, desirak eta ametsak partekatzen. Eta horiek partekatuta, denen artean adostu nola nahi dugun bizi. Hala beharko luke ekonomiak: zerbait amankomuna, zerbait adostua, non denok eskubideak eta ardurak izango ditugun, non denok izango dugun duintasunez bizitzeko adina. Horretarako, behar dira adostasunezko jokabide batzuk. Munduan badira batzuk gosez hiltzen ari direnak eta beste batzuk sekulako dirutza pilatzen ari dira; hori ez da justua. Txikitasunetik hasita, baino mundu mailaraino iritsi beharko litzateke borobil handi hori.

Eta azaltzen duzun errealitate hau nola helarazi diezaiokezue gazteenei?

Haurrei begira hitz egin beharko bagenu ekonomiaz, hasi beharko genuke modu xume batean hitz egiten gure arteko harremanez, eta harreman horietan sartu nahi badugu bizikidetza, horren parte ere bada ekonomia. Txikitasunetik abiatuta, eta munduraino zabalduta, erradiografia orokor bat egin beharko genuke. Izan ere, gauza horiei buruz ere hitz egin behar da haurrekin. Hitz egin behar da etxean, herrian, komunitatean. Komunitatetik erantzun behar diegulako galdera potolo hauei. Komunitatean sartzen dugu hezkuntza, familia, herrigintza, herriko eragileak eta administrazio publikoak.

"Haurrei begira hitz egin beharko bagenu ekonomiaz, hasi beharko genuke modu xume batean hitz egiten gure arteko harremanez"

Ekonomiaren lanketak ere denoi eragiten digu, baita haurrei, nerabeei eta gazteei ere. Denok daukagu zer esan, zer onartu, zer komunikatu, zer eztabaidatu eta zer erabaki. Ez luke adin mugarik egon behar, bakoitzak beretik eman, jaso, ikasi eta irakatsi dezake. Uste dugu batzuk gauza bakarren gainean al dituztela erabakiak hartu izan adina, izan jaioterria, izan azalaren kolorea, izan generoa, izan boterea. Beste sistema bat behar dugu, beste eredu bat, eta hori haurrekin partekatu daitekeen zerbait da. Ikuskizun bakar batean horretaz guztiaz hitz egitea ez da erraza, baina iruditzen zait egunerokotasunean txertatu behar direla balio horiek azkenean denean eragiten baitu.

Egungo makroekonomiaren nolabaiteko irudi bat egin duzu, baina zuk esan bezala, guk hemendik jo behar dugu, txikitasunetik. Ikuskizunetan ekologia, kultur aniztasuna edota familia ereduak bezalako gaiak lantzen dituzue, balio eraikitzaileak jorratuz, geroko gizartea justuago bat eraikitzeko. Hori da nolabait helburua, ezta?

Borobilean lana aipatu dizut lehen. Guk jokatzeko metodo batez ari gara, bizikidetza oinarri duena. Borobilean jarri genion izena, eta hor ipuinak abestiak, diskoak, ikuskizunak landu genituen, borobila delako gustuko dugun forma geometrikoa, denok elkarri begira gaudelako. Gero hori aplikatu daiteke lan edo gai bakoitzean eta guk zeharka lantzen ditugu. Iruditzen zaigu sudur gorritik edozein gai landu daitekeela. Hor sartu daiteke familien gaia, Familien mila kolore proiektua garatu genuen. Kulturartekotasuna, gaixotasunak edo heriotza, ekologia, elikagaiak. Baserrian egin genuen Amalur ikuskizuna, hitz egiten genuen elikagaien buruz eta nekazari eta baserritarren garrantziari buruz. Gai guztiak landu ditugu, beraz, zergatik ez ekonomia ere. Eguneroko bizitzan eskuartean dugun zerbait da eta zalantzarik gabe landu daitekeela.

Arestian aipatu dizkidazun hainbat balio eta ekonomia amankomun eta adostu baten aldeko aldarria ere egin duzu. Kooperatiba balio horiekin bat datorrelako sortu zenuten? Eredu demokratiko eta horizontal bat?

Gu herrigintzatik jaio ginen, ekintzailetzatik, eta nahiz eta profesionalizatu ez diogu horri uko egin, ez dugu hori alde batera utzi. Gure lanak badauka alde bat geure jarduerarekin lotura duena, ikuskizunak eta horrekin lotutako produktuak sortu eta eskaintzea. Baina gure lanak badu hortik kanpo, badu ekintzailetzatik, eta adibidez, Irrien Lagunak aldizkaria sortu genuen, ikusten genuelako behar handi bat zegoela sare sozialei eta komunikabideei erreparatuta, Euskal Herrira balio eta eskaintza asko beste hizkuntzetan datozkigulako, eta askotan haien balioak ez datoz bat gure nortasunarekin, gure txikitasunarekin. Beharrezkoa zen guretik sortzea, geure balio, izaera eta hizkuntzarekin bat etorriko zen proiektua.. Aldizkariak 12 urte egingo ditu aurten.

ARGAZKIA  HIRUKA   Aiora   Mertxe   Joxemari
Zulaika, Rodriguez eta Agirretxe | Argazkia: utzitakoa

Bestalde, Bizipoza elkartean ere bagaude. Hor ere zenbait eragile batu gara behar bereziak eta eskubideak gauzatzeko dauzkaten haurren senideen elkarteekin. Orotara 38 elkarte gaude, haiekin eta haientzat egiten dugu lan, informatzen, sentsibilizatzen, balioak zabaltzen eta eragiten. Esan bezala, Euskal Herri eta mundu inklusibo bat nahi dugulako. Bizipozako proiektu askok kooperatibetako ekarpenak jasotzen dituzte, eta haien lana aurrera eraman ahal izateko oso ekarpen garrantzitsuak dira. Funtzionatzeko modu borobil hori existitzen da, elkarri begira ere jartzen direlako proiektu ekonomikoak martxan.

Herrigintzatik sortzen dira proiektu eraldatzaile asko, herriarentzat onuragarriak direnak ekonomiaz harago. Eta pozik gaude, pasa den greba feministan aldarrikatu zelako eta ikusten delako herriz herri proiektu publiko komunitarioak sortzen ari direla. Herritarrak elkarrekin antolatuta eta ahaldunduta protagonistak dira, beraientzat garrantzitsuak diren alorretan, izan energiaren ekoizpenean eta kontsumoan, izan elikagaienean.

"Herrigintzatik jaio ginen, ekintzailetzatik, eta nahiz eta profesionalizatu ez diogu horri uko egin, ez dugu hori alde batera utzi"

Orain ikusi dugu, esaterako, ikastoletan zer arazo dugun, Madrilen finkatuta dagoen enpresa batek, bere janaria Logroñon prestatzen du eta hemengo ikastetxeetan ari da banatzen. Energia, zaintza, elikadura, merkataritza txikiak, moneta propio baten sorrera, herriz herri erosketa egitea ahalbidetuko duena… geroz eta proiektu gehiago daude denon bizitzetan eragina dutenak, modu komunitario batean garatzen ari direnak. Lehen aipatuko dugun komunitate hori, familia, eskola, herria, instituzioa bat eginda sortu daiteke espiritu kooperatibo horren bitartez beste Euskal Herri bat eta beste mundu bat. Eta txikitasunetik hori dagokigu, horrelako iparrorratza duen bidea egitea, txikiak izanda ere, indartsuak ere baikara.

Gaur egun Katxiporreta kooperatibaren atzean zenbat lagun zaudete?

Kooperatiban bost lagun gaude buru-belarri, lanean eta lan zehatzak egiten kontratatutako lagunak ere baditugu, oholtza gainean aritzeko, musika konposatzeko eta bestelako lanak egiteko.

Ikuskizunen balio ekonomikoaz harago, bestelako ipuin, disko eta liburuek ere sortzen dute ekonomia, baita merchandisingak ere.

Merchandisinga eta produkzio kulturala bi gauza desberdinak dira, baina bere lotura dute. Gauza bat da kultur eragileko sortzen ditugun ekoizpenak. Disko bat, liburu bat, bideo bat, eta sortu egin behar dira. Horiekin batera, beste material didaktikoa dago. Izan daitezke puzzleak, partxisak, kartak, jostailu eta materialak, eta badute ikaskuntza eta kulturarekin zerikusia. Baina agian, kamisetak edo panpinak gehiago dute zerikusia merchandisingarekin.

Guk Pupu eta Lore panpinak sortzen ditugunean jada badaukate identifikazio kultural bat, hizkuntza bat; haurrek badakite horiek euskaraz hitz egiten dutela. Aldiz, Euskal Herritik kanpoko pertsonaien kamiseta edo motxilak eta haren hizkerak eta kulturak, beste erreferente eta beste balio batzuk dauzkate. Kultura batekin konektatzen duen mundu hau garrantzitsua da.

"Pupu eta Lore panpinak sortzen ditugunean jada badaukate identifikazio kultural bat, hizkuntza bat; haurrek badakite horiek euskaraz hitz egiten dutela"

Irrien Lagunak sortu genuenean, Eusko Jaurlaritzarekin jarri ginen harremanetan, eta jakin nahi izan genuen Euskal Herrian zer enpresa zer aukera dauden horrelako produktuak sortzeko. Basamortu bat dela konturatu ginen. Guk partxis bat atera genuen, eta gure kabuz hitz egin behar izan genuen dena. Diseinatzailearekin alde batetik, arotzarekin bestetik, pegatinak..., dadoak ezinezkoak izan ziren hemen lortzea eta Interneten bidez Txinatik ekarri genituen. Odisea bat da partxis bat Euskal Herriko produktu bezala ateratzea. Kanpora joan da produkzio asko, dependentzia bat sortu zaigu, eta zerbait sortzean koherentziari eustea zaila da.

Burujabetza ekonomikoaren "meloia" ireki duzu. Hori balioan jartzen duzue hortaz, dena hemen ekoizten saiatzea?

Adibidez, energia eta elikagaien kasuan erabat menpeko gara. Horiek potoloak dira gure eguneroko bizitzan, baina badaude beste esparru batzuk hain potoloak ez direnak, eta hor ere antzekoa gertatzen da. Lehendabizi mentalitate orokor bat landu behar da, eta hortik ondorioztatzen da estrategia eta planifikazio bat. Horri heldu behar zaio berandu baino lehen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK