
Frantziako egoera politiko ezegonkorrak albo kalteak izan ditu merkatuetan. Sébastien Lecornu orain hilabete eskas hautatutako lehen ministroak dimisioa eman ostean, herrialdeko burtsak behera egin du. Zehazki, %2,12 beherakada izan da Parisko burtsan, CAC 40 indizean, nahiz eta eguerdirako beherakada apaldu eta %1,5ean kokatu den.
Frantziako bankua izanda sektore kaltetuena. Societate Generalen akzioak %7 apaldu dira, eta Credit Acricole eta BNPrenak %5 baino gehiago. Herrialdeko beste zenbait enpresa handik ere sumatu dute Lecornuren dimisioaren oihartzuna: Thalesek (%4), Renaultek (%3). Vivendik (%2), Axak (%5) eta Carrefourrek (%3) behera egin dute.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hautatu zuen Lecornu lehen ministro, Francois Bayrouren aurkako konfiantza mozioa aurrera atera ostean. Frantziako zor publikoa BPGaren %114 da egun, eta horri aurre egiteko, zergak igo eta gastua murrizteko 44.000 milioi euroko plana aurkeztu zuen gobernuak. Hexagonoko Asanblea Nazionalak, ordea, muzin egin zion planari.
Gobernua iragarri ondorengo egunean eman du dimisioa Lecornuk, eta adierazi du ezin duela lehen ministro izan herrialdea gobernatzeko baldintzak ez direlako betetzen. “Bide bat irekitzen” saiatu dela aitortu du, “blokeatuta” zeuden zenbait gai deslotzeko, baina amore eman du, "desio alderdikoi batzuk berpiztu” direla argudiatuz, besteak beste.
Ikusteke dago Emmanuel Macronek zer erabaki hartzen duen orain. Egoera zailean da, gutxiengoa baitu Asanblea Nazionalean. Beste norbait izendatu dezake lehen ministro (laugarrena litzateke iazko uztailetik) edo Asanblea Nazionala desegin dezake eta bozetara deitu.