Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) urteko topaketa egin zuen atzo Automobil eta Kamioi Fabrikatzaileen Espainiako Elkartearekin (ANFAC) eta Noatum-UECC ibilgailuen terminalarekin, portuko jarduera hobetzeko martxan dauden proiektu estrategikoak aztertzeko. Helburua automobilgintzaren logistika indartzea izan zen, jarduera hori baita Gipuzkoako portuaren trafiko nagusietako bat. Bilera PPAren egoitzan egin zen, eta bertan izan ziren ANFACeko Logistika Batzordeko kideak, Europako hainbat automobil markaren ordezkariak eta portuko zein terminaleko arduradunak. Parte-hartzaileen artean zeuden Izaskun Goñi PPAko presidentea eta David Candelario zuzendaria, besteak beste.
Topaketan, portuan egiten ari diren inbertsio nagusien egoera ezagutu zuten bertatik bertara. Nabarmendu zuten Lezoko kanala zabaltzeko 23 milioi euroko proiektua, dagoeneko martxan dagoena, eta gaueko nabigazioa errazteko 650.000 euroko argiztapen lana. Halaber, azken urteetan amaitutako obrak ere azpimarratu zituzten, hala nola, lurreko sarbideen hobekuntza, kanalaren seinaleztapena eta Lezoko tren-geltokiaren handitzea.
Izaskun Goñiren hitzetan, “fabrikatzaileekin harreman zuzena izateak aukera ematen digu gure inbertsioak industriaren benetako beharretara egokitzeko, portu lehiakor eta eraginkorra eskaintzeko”. Bilera baliatu zuten, gainera, 2024ko balorazio-txostenaren emaitzak berrikusteko: Pasaiako portuak 4,1eko puntuazioa lortu du 5etik, eta "Espainiako Estatuko lau porturik onenen artean kokatu da", batez ere, irisgarritasunagatik, zerbitzuaren malgutasunagatik eta kudeaketa proaktiboagatik.