• EKONOMIA
  • 3,4 milioi tona trafiko izan du Pasaiako portuak 2025ean

3,4 milioi tona trafiko izan du Pasaiako portuak 2025ean

Portuko merkantziaren helmuga nagusiak Erresuma Batua, Belgika eta Kanada izan dira

Urtearen balantze positiboa egiten du Izaskun Goñi presidenteak | Argazkia: PPA
Urtearen balantze positiboa egiten du Izaskun Goñi presidenteak | Argazkia: PPA
2026eko urtarrilaren 21a - 17:18
Eg. 2026eko urtarrilaren 22a - 10:36

“Egonkortasuna islatzen duten emaitzekin” itxi du 2025 urtea Pasaiako portuak. Izan ere, Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) jakinarazi duenaren arabera, ia 2024ko zenbateko berberak lortu ditu portuak, nahiz eta “ziurgabetasun globalak markatutako testuingurua” izan azken hamabi hilabeteetakoa.

 

Zehazki, 3.415.626 tonako bolumena erdietsi du portuak. Merkantziek portaera desberdina izan dute sektorearen arabera: jaitsi egin dira automobilgintzari edota lehen sektoreari lotutakoak, baina igo bestelako industriako merkantziak. Oraindik ere, produktu siderurgikoak gailendu dira, guztizkoaren %52 inguru izatera iritsi baitziren, 1.748.631 tonarekin. Txatarrak, mineral ez-metalikoak, petrolio-kokeak eta produktu kimikoak ere azpimarratu ditu PPAk, trafikoa nabarmen handitu baita.

Salgaien jatorriei dagokienez, Herbehereak (745.991 tona), Erresuma Batua (272.225 tona) eta Suedia (271.822) gailendu dira. “Datu horiek argi erakusten dute Europa iparraldeko merkatuek portuaren jardueran duten pisua”, azaldu dute agintariek. Kontrara, helmuga nagusiak Erresuma Batua (381.709 tona), Belgika (189.467 tona) eta Kanada (139.509 tona) izan dira.

 

“Urtearen balantze positiboa egiten dugu”, esan du Izaskun Goñi PPAko presidenteak, eta gaineratu du datuek agerian uzten dutela portuaren “sendotasuna” eta “ingurune ekonomiko aldakorretara egokitzeko gaitasuna”.

Inbertsioak eta Ekonomia Urdina

PPAk 10 milioi euroko inbertsioak egin zituen 2025 urtean zehar, lehiakortasuna, segurtasuna eta eraginkortasuna hobetu asmoz. 5,8 milioi euro bideratu zituen lonja berritzeko II. fasean, arrantza-jarduera sendotzeko helburuarekin. Ostalaritza-zerbitzuetako lokal bat egokitzeko obrak ere egin ziren.

Uraren kudeaketarako hornidura-sarea sektorizatzen jarraitu du portuak 1,5 milioi eurorekin, eta Lezon zein Herreran errepideko sarbide berriak jarri ditu martxan beste 1,1 milioi eurorekin. Trantsizio energetikoari dagokionez, Onshore Power Supply (OPS) sistema ezartzeko lanetan aritu da, eta ibilgailu elektrikoentzako gune berriak ere jarri dira.

Bestalde, ekonomia urdinaren aldeko apustua nabarmendu du PPAk, “garapenerako ardatz estrategikotzat” baitu portuak. “Jarduera ekonomiko, ingurumen-jasangarritasuna, berrikuntza eta lurraldearentzako balioa sortzea” du helburu portuak, eta horretarako, besteak beste, Oarsoaldea Urdina ekimenean parte hartu du.