Pasaiako Portu Agintaritzak portuko espazio bat doan lagatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Adinberri fundazioak Pasaian eraikiko duen zentro berrirako. Portuak azaldu duenez, espazio horrek 4.747 metro karratuko edukiera eta 3.353.660 euroko balioa du.
Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Izaskun Goñi PPAko presidenteak gaur goizean sinatu dute akordioa. Lursailaren lagapena La Herreran zentroa eraikitzeko eta Ospitalillo kaiaren inguruan lurpeko aparkaleku bat egiteko izango da.
"Pasaiako Portuak bere ingurunearekin duen konpromisoaren erakusgarri da akordio hau, eta Herrera Norteko hirigintza-berrikuntza sendotzea ahalbidetzen du; izan ere, Sprilurrek enpresa-eraikin berri bat eraiki berri du bertan", nabarmendu du Goñik.
Peñak, bestalde, adierazi du Adinberri giltzarri izango dela pertsonak erdigunean jarriko dituen Gipuzkoa eraikitzen jarraitzeko. “Proiektu honek zainketa eredu berritzailea eta komunitarioa indartuko du. Adinberrik 129 plazako egoitza izango du, bizikidetza-unitateetan antolatua, baita eguneko zentroa, 18 apartamentu tutelatu, komunitateari irekitako espazioak eta 468 plazako lurpeko aparkalekua ere”, gehitu du.