Pasaiako Portuko Agintaritzako (PPA) presidente lanetan urtebete egin du Izaskun Goñik. Kargura iritsi den lehen emakumea da, eta argi du zeintzuk diren portuaren oraingo eta etorkizuneko lehiakortasunaren oinarriak. Batetik, berrikuntza eta modernizazioa, bere ustez jarduera areagotzeko gako direnak. 2025ean soilik 10 milioi euroko inbertsioa egin zuten horiek bultzatzeko. Bestetik, elkarlana, portuko eragile guztien artekoa. Erronka ez da makala, ekosistema zabala dela kontuan izanik. Zuzenean bertan dagoenari erreparatuta, 123 enpresak dute lan-zentroa, eta 1.350 langile ari dira bertan lanean.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Urtebete bete duzu karguan. Nolakoa izan da?
Profesionalki oso positiboa izan da. Zalantzak nituen. Arlo pribatu zein publikoan aritu banaiz ere, etorri aurretik pribatuaren aldeko apustu profesionala egin nuen. Hona etortzea, beraz, plana aldatzea izan zen, baina berehala konturatu nintzen hemen lantzen diren gai asko interesatzen zaizkidala. Guk ematen dugun zerbitzuari esker inguruko enpresak lehiakorragoak izan daitezke nazioarteko merkatuetan. Gainera, oso erakunde handia izanik, dena sinkronizatzea, helburuak partekatzea eta dinamizatzea ere asko gustatzen zait. Berehala kokatu nuen nire burua, eta oso gustura nago.
Oarsoaldea ezaguna al zenuen?
Bai, eremu ezaguna zen Oarsoaldea niretzat. Hemen inguruan lan egin nuen, eta lagun asko ditut. Haiekin harremana berreskuratzen ari naiz, eta horregatik arlo pertsonalean ere oso pozgarria izaten ari da.
Iritsi zaren momentuan portuak egoera ona bizi du, baina nazioartean konplexutasuna da nagusi. Nola ari zara aurre egiten testuinguru horri?
Portua hainbat industria arlotan ari da lanean, askotariko balio kateetan. Beraz, lehen pausoa izan da ondo ulertzea zer nolakoak diren balio kate horiek, finkatzeko nola hobetu dezakegun ematen dugun zerbitzuaren lehiakortasuna. Alegia, aztertzea non gauden eta non dauden beste eragileak, zein ekarpen ari garen egiten, non diren ahuleziak, arriskuak... Edozein testuingurutan eman beharreko lehen pausoa iruditzen zait.
Portuaz ari garenean, agintaritza dago, azpiegituraren kudeatzailea dena, eta gero merkantziak mugitzen dituzten enpresak. Lanak nolabait sailkatua daudenez, nire proposamena da lantalde moduan aritzea. Plan estrategikoa elkarrekin egin dugu, eta betebehar hori txertatu dugu bertan. Hemendik aste batzuetara aurkeztuko dugu.
"Lehen pausoa izan da ondo ulertzea zer nolakoak diren balio kate horiek, lehiakortasuna non hobetu dezakegu finkatzeko ematen dugun zerbitzuari dagokionez"
Zergatik elkarlana?
Garapen ekonomikoaren esparruan lan eginda ikasi dut askotan aipatzen den elkarlan publiko-pribatua ezinbestekoa dela. Egoera geroz eta ezegonkorragoa denez, gainera, indarrak batzea eta lerrokatzea are garrantzitsuagoa da.
Portuan elkarlanean aritzeko joera hori lehendik al zetorren?
Nik uste dut izan direla boladak non harremanak estuagoak izan diren, eta beste batzuk zeinetan aldeak urrundu egin diren. Bai iruditzen zait azkenaldian rolak espezializatu egin zirela, hau da, agintaritzak egin duela lan gehiago azpiegitura moduan eta enpresak bere lehentasunekin aritu direla.
Esango nuke pixkanaka elkarrizketa hori berreskuratzen ari garela. Plan estrategikoa elkarrekin landuz hasi gara. Giport enpresen elkartean berriro ere sartzeko lanean ari gara.
Elkarrizketa geroz eta gehiago berreskuratuko dugula iruditzen zait, horretarako foroak ditugulako gainera. Eta elkarrizketa areagotzeaz harago, elkarlanean aritu ere bai.
Plan estrategikoa aurki aurkeztuko duzuela esan duzue. Ezer aurreratzerik izango zenuke?
Aurreko plana hamar urtekoa izan zen, 2015-2025, eta gauza asko daude oraindik bidean. Berriaz esan dezakedana da motzagoa izanen dela, eta ildo handi horiek bukatzeko eta testuinguru berrira egokitzeko bost ildo estrategiko izanen dituela.

2025ean 3,4 milioi tona mugitu ziren Pasaiako portuan. Emaitzak 2024koaren oso antzekoak izan dira, baina 2023tik 2024ra beherakada izan zen trafikoan, automobilgintzak bultzatuta. Jakinda planta askotan ekoizpena aurten berreskuratuko dela, emaitzetan hobekuntza aurreikusi duzue 2026rako?
Guk denbora epe zabalagoak begiratzen ditugu. Hamabi urte daramatzagu 3'5 milioi tonako inguru horretan. Horregatik, jaitsiera txiki horiek uste dut ez direla nabarmenak.
Gure erronka da benetan modu esanguratsuago baten haztea trafikoa. Merkatuan izateko, hazi egin behar gara derrigorrez. Horrek esan nahi du merkantzia gehiago mugitu behar ditugula, dirua eskuratu eta gero inbertitu ahal izateko. Izan ere, portuak inbertsio inportanteak behar ditu, azpiegitura denboraren poderioz zahartzen ari delako. Kaiak zaharberritzea oso kontu konplexua da. Ingeniaritzako lan izugarria eskatzen du, eta ekonomikoki ere exijentea da.
Automobilgintzak lagunduko al du trafikoaren hobekuntzan?
Bi bezero nagusi ditu Pasaiako portuak. Gasteizeko Mercedesen planta, eta Zaragozako Stellantisena. Sektoreak beheranzko joera izan du, baina uste dugu hondarrera iristen ari dela, eta hemendik aurrera joanen dela pixkanaka-pixkanaka igotzen.
Mercedes hasi da jada elektrikoak ekoizten eta Stellantisek ere espero du aurten hastea. Eta datozen urteetan elektrikoaren erabileraren joeraren arabera izanen dugu errekuperazio erritmo desberdina. Kontua da duela hilabete espero ez genuen zerbait gertatu dela —Irango gerra—. Erregaien prezioen egoera aintzat hartuta, elektrikoaren erabilerak jauzia eman al dezake? Ikusi beharko dugu.
Egungo testuinguruarekin, kezka sortzen al dizue zuen apustuak aurrera ateratzeko gai ez izateak?
Itxaropena dut portuaren egokitzeko gaitasunean. Hainbat urtez ikusi dugu trafiko batzuk jaisten direnean beste batzuek ordezkatzen dituztela.
"Gure operadoreak ere sufritzen ari dira [erregaien igoerarekin], baina momentuz [lonjako] jarduerak normaltasunez jarraitzen du. Ea ez den arazoa luzatzen"
Bai sektoreetan, bai merkatuetan?
Bietan, bai. Gipuzkoan ekoizten diren lehen industriako produktuak oraindik hemendik ateratzen dira. Siderurgian, lehen bertatik ateratzen ziren Gipuzkoan ekoizten ziren produktu siderurgikoak, eta orain Iberiar Penintsularen sarrera nagusia gara altzairu produktuetan. Inportazioak esportazioen bikoitza dira une honetan. Baina gero aldatu egiten da.
Egokitzeko gaitasun horrez gain, badut beste itxaropen bat. Portua oso Europa barnekoa dela.
Merkatu nagusiak dira Erresuma Batua, Suedia...
Bai, Herbehereak, Belgika... Egia da ez garela mugatzen Europako portuetara. Kanada hirugarren helmuga dugu, eta aurreko astean bertan itsasontzi bat atera da Brasilera.
Edozein kasutan, datozen urteetan Europako barne merkatua indartzen bada, positiboa izan daiteke gure zifrak hobetzeko.
Parte industrialaz gain, lonja ere kudeatzen duzue. Nola bizi da Pasaian erregaien prezioen gorakada?
Gure operadoreak ere sufritzen ari dira arazo horrekin, baina momentuz jarduerak normaltasunez jarraitzen du.
Pasa den urtean, aurrekoarekin konparatuta, lojako jarduerak %17ko gorakada izan zuen. Ea egoera ez den luzatzen eta erritmo ona mantentzen dugun.

Arrantza da, hain zuzen, ekonomia urdinaren arloetako bat. Horretan ere lanean ari da Pasaiako Portuko Agintaritza. Zertan ari zarete, zehazki, horri bultzada emateko?
Berrikuntza orokorrean landu behar dugu. Plan estrategikoaren ildo nagusi bat izango da. Horren barruan sartzen da ekonomia urdinaren ildoa. Portuaren barruan dago Azti zentro teknologikoa, eta hura, Oarsoaldeako garapen agentziarekin batera, hasi zen lantzen ildo hori Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Berpiztu funtsekin. Etapa horren ostean, konturatu gara beharrezkoa zaigula ekonomia urdinaren kontzeptua zabaltzea, arlo guztiak batera lantzeko: arrantza, Aztiren espezializazioko esparruak, portuen kudeaketa jasangarria eta adimentsua, digitalizazioa, aldaketa klimatikoa, itsas ondarearen turismoa —Albaola—...
Gainera, funts horiekin Eusko Jaurlaritzak azpiegitura berri bat eraikiko du, non edukiko ditugun enpresa teknologikoak. Ikerketa eta garapen proiektu horiek industrializatzen edo proiektuak garatzen direnean, enpresa horiek hor kokatzeko ahalmena izanen dute. Portuaren modernizazio arlo inportantea izan behar da, eta espero dugu Gipuzkoako eta Euskadiko modernizazioari gure ekarpen xumea egitea.
Modernizazioa eta berrikuntza. Esan daiteke orain arte pisu gehiago izan duela modernizazioak, eta hemendik aurrera indar handiagoa hartuko duela berrikuntzak?
Bai. Portuak hamarkada bat darama modernizatzen. Ekintza ugari egin dira: zentral termikoa desagertu zen eta eremu hori berritu, lonja ere bai... Modernizazioarekin jarraituko dugu, noski, baina orain azeleratu nahi dugu berrikuntza oro har, bereziki teknologikoa, eta jarduera berriak gehitu ere.
Berrikuntza zein arlotan?
Bada portuko lanetan tresna digital gehiago erabiltzen. Esaterako, kamera modernoagoak ditugu, eta horrek balio du analisiak hobeto kudeatzeko. Neurgailu asko ditugu mareak ikertzeko edo uraren kalitatea neurtzeko, baita ikusteko zein maniobra diren errazagoak eta zeintzuk zailagoak, zerbitzu nautikoak... Efizientzia energetikoko tresna asko ditugu, eta ingeniaritza lantzen ari gara, adibidez, ontziek material arinagoak eta deskarbonizatuagoak izateko. Adibide batzuk jartzearren.
Bestalde, merkantzien garraio jasangarria egiteko, oso inportantea da pasatzea errepidetatik trenera. Portuak beti izan du konexioa trenarekin, baina beste pauso bat eman ahal dugu bultzatzen badugu intermodalitatea itsasontzi eta trenaren artean. Momentu honetan bi aukera oso polit ditugu trenez mugitzen diren merkantzien kopurua igotzeko. Batetik, Madril-Irun bidea, portutik pasatzen dena, hirugarren hariarekin lotzea, mugaz gaindi igarotzen diren merkantziak eramateko. Bestetik, Euskal Trenbide Sarea ailegatuko da portura berriro ere. Alegia, trenaren hiru zabalerak izango ditugu.
"Modernizazioarekin jarraituko dugu, noski, baina orain azeleratu nahi dugu berrikuntza oro har, bereziki teknologikoa, eta jarduera berriak gehitu ere"
Jarduera tradizionalaz harago, azken urteetako berrikuntza bat da Adinberri zentroa portuan kokatuko dela. Zer aukera eskainiko dizkio dibertsifikaziorako?
Proiektuak badu bere berrikuntza arloa, eta egonen da fisikoki gure zentroaren ondoan. Espero dut berrikuntza gurutzatuko dinamikak sortzeko aukerak izatea. Adibidez, adineko pertsonen mugimendurako garatzen den edozein tresna seguru izanen dituela aplikazioak merkantzien edo ontzien mugimenduan.
Jarduera alde batera utzita, azken urteetako eztabaida gaietako bat da portuaren eskumenaren kontua. Egun Madrilek du, baina Jaurlaritzak bere gain hartu nahi du. Esku aldaketa gertatuko balitz, zer aldatuko litzateke?
Aldaketa nagusia izango litzateke Estatuko administrazioa izatetik EAEkoa izatera igaroko ginatekeela, eta langile publikoen markoa aldatuko litzatekeela beraz. Bestelakoan, berdin kudeatzen jarraituko litzateke, helburu berdinekin eta abar.

Elkarrizketan zehar, oro har, nahiko baikor agertu zara. Baina zerk kezkatzen zaitu?
Ez da kezka bat. Baina hasieran esan dudan bezala, portuko komunitate hori benetan lantalde gisa aritzea oso garrantzitsua iruditzen zait.