• EKONOMIA
  • Patronalak eta CCOOk uko egin diote euskaraz negoziatzeari Bizkaiko gasolindegien mahaian

Patronalak eta CCOOk uko egin diote euskaraz negoziatzeari Bizkaiko gasolindegien mahaian

ELAk salatu du jarrera "euskarofoboa" izan dutela patronalak eta sindikatuak. CCOOk, bestalde, adierazi du ez dagoela euskaraz negoziatzearen aurka, eta uste du egoera baliatu duela patronalak negoziaziori izkin egiteko

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko irailaren 15a - 16:26
Eg. 2026ko irailaren 15a - 17:15

Irailean, ikasturte berriaren hasierarekin bat, ELA sindikatuak erabaki zuen negoziazio mahaietan euskaraz aritzea. Hala egin nahi zuen gaurkoan ere Bizkaiko gasolindegietako negoziazioa mahaian, baina salatu duenez, patronalak eta CCOOk uko egin diote bileran parte hartzeari.

 

Bi erakundeon jarrera “euskarafoboa” salatu du sindikatuak, eta gehitu du Lan Harremanen Kontseiluak ez duela itzulpen zerbitzurik eskaini, eta, hortaz, sindikatua bera zen itzulpenaz arduratzekoa.

“Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko, eragile ezberdinetako ordezkari guztiek euskara ulertu ezean, ezinbestekoa da kalitatezko itzulpen zerbitzua ematea euskaraz negoziatzeko aukera izan dezaten nahi duten ordezkariek”, adierazi du ELAk ohar bidez.

 

Gauzak horrela, “eraso euskarafobo” hauen aurrean, Lan Harremanen Kontseiluaren “babesgabezia” nabarmendu du sindikatuak. “Erakunde publikoen egitekoa da herritarren hizkuntza-eskubideak babestea eta onartezina da azaldutakoa bezalako eraso baten aurrean sindikatu euskaltzaleei inongo babesik ez eskaintzea. Egoera honen aurrean, ELAk galdetzen du: Ondorengo negoziaketetan berdin jardungo du?”, gehitu du oharrean.

CCOOren erantzuna

EAEko CCOOk ohar bidez deitoratu du gaurko negoziazio mahaia aurrera atera ez izana. Sindikatuak esan du ez dagoela euskaraz negoziatzearen aurka, eta uste du patronalak euskaraz aritzearen aitzakia erabili duela negoziazioa eteteko.

Sindikatuaren arabera, patronala izan da itzulpen zerbitzuak erabiltzeari uko egin diona, eta hori dela eta, ez da bilerarik egin.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain