Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren abenduko azken datuek erakusten dutenez, Nafarroan eta EAEn igo egin da bai pentsiodunen kopurua, bai pentsioen batez bestekoen zenbatekoa. 2024ko abenduko datuekin alderatuta, pentsioen bolumen osoa %1,62 hazi da Nafarroan eta %0,97 EAEn; hilero jasotzen duten batez besteko pentsioa, berriz, %4,24 eta %4,07 igo da, hurrenez hurren.
Pentsio mota guztien artean, erretiroak biltzen ditu onuradun gehien bi lurraldeetan. Nafarroan 103.229 pertsona daude erretiratuta, eta batez besteko pentsioa 1.694,12 eurokoa da; EAEn, berriz, 393.786 erretiratu daude, eta batez besteko pentsioa 1.841,80 eurokoa da hilean.
Ezintasun iraunkorrari dagokionez, 10.592 pentsiodun daude Nafarroan, eta batez besteko pentsioa 1.440,71 eurokoa da hilean. Euskal Autonomia Erkidegoan, 43.386 pertsona daude, eta batez besteko kopurua zertxobait handiagoa da: 1.539,41 euro hilean.
Alarguntza-pentsioei dagokienez, 30.083 onuradun ditu Nafarroak, eta 1.035,98 euro jasotzen dituzte hilean, batez beste. EAEn, berriz, 132.803 pentsiodun daude, batez beste 1.131,55 euroko pentsioa dutenak, hori ere Nafarroakoa baino handiagoa.