• EKONOMIA
  • Pentsioak abenduan igotzeko proposamena egin du Espainiako Gobernuak

Pentsioak abenduan igotzeko proposamena egin du Espainiako Gobernuak

Pentsioak KPIaren arabera eguneratuko dituela ziurtatu du Ekonomia Ministroak. Gutxieneko soldataren igoera aldiz, hauteskundeen aurretik adostu nahi du sindikatuekin

Carlos Cuerpo Ekonomia Ministroa | Argazkia : Moncloa
Carlos Cuerpo Ekonomia Ministroa | Argazkia : Moncloa
2026ko urriaren 15a - 15:11

Urte amaieran pentsioen igoeraren berrikuspena egiteko garaia da eta hauteskunde deialdia prozesu horren erdian gauzatu da. Horrekin batera, langile publikoen soldaten negoziazioa eta gutxieneko soldataren igoera jokoan daude. 2021eko erreformak ezartzen duenez, kotizaziopeko pentsioak eguneratzeko aurreko urteko abendutik aurtengo azarora arteko KPIen batez bestekoaren arabera eguneratu behar dira. Azaroko datua beharrezkoa da 2027ko igoeraren ehunekoa zehazteko eta bozak baino bi egun lehenago jakinaraziko du INEk. Inflazioaren batezbestekoa %3,3 ingurukoa da orain arteko datuen arabera.

 

Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak adierazi du hauteskundeen ondoren Gobernuak jarduneko egoeran egongo balitz ere, pentsioen igoera dekretu lege bidez onartuko lukeela. Kasu honetan, Kongresua deseginda egongo denez, batzorde iraunkorrak balioztatu beharko luke. Hau ez da Batzorde iraunkorrak onartu beharko lukeen igoera bakarra. Datorren urterako langile publikoen soldata %4,5eko igoera araututa dago. Sindikatuek eta Espainiako Gobernuak 2025-2028 aldirako sinatutako akordioan jasoa dago igoera finko hau eta 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera eragina izango du. Igoera lege dekretu bidez arautu behar da. Akordio honek Hego Euskal Herriko administrazioetako langileei eragiten die, besteak beste Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko langileak, baita foru aldundietako eta tokiko administrazioetakoak. 

Gutxieneko soldataren igoera aldiz, ez dago lege bidez finkatua, sindikatuekin eta patronalarekin kontsultatu behar duelako Gobernuak. UGTk eta CCOOk %7 igotzea proposatu dute. Cuerpo ministroak adierazi du aurtengo inflazioaren bilakaera hartu beharko lukeela kontuan, baina Gobernuak oraindik ez du proposamenik egin. Gobernuak bozen aurretik iragarri nahi du erabakia eta horretarako errege dekretua erabil dezake. Modu horretan, ez luke beste inoren babesik behar igoera hau aurrera eramateko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain