
Abuztuko pentsioei buruzko batez besteko kopuruak argitaratu ditu Espainiako Gobernuko Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak. Datu horiek erretiroa, ezintasun iraunkorra, alarguntasuna, zurztasuna eta senideen faboreko pentsioak biltzen dituzte.
Erretiro pentsioak dira ordainsaririk handienak: EAEn 1.836 euroko batez bestekoa izan dute, eta Nafarroan 1.688 eurokoa. Lurraldeka, Bizkaian 1.868 eurora iritsi da kopurua, Araban 1.851ra eta eta Gipuzkoan 1.781era.
Ezintasun iraunkorreko pentsioetan, Gipuzkoak izan du zenbatekorik altuena (1.577 euro), eta Bizkaiak baxuena (1.508 euro). Araban 1.530 eurokoa izan da batez bestekoa, eta Nafarroan 1.533 eurokoa. Alarguntasun pentsioen kasuan, batez besteko kopurua 1.129 eurokoa izan da EAEn eta 1.034 eurokoa Nafarroan.
Beste pentsio motei dagokienez, senideen faboreko pentsioak izan dira nabarmen txikiagoak: 992 euroko batez bestekoa EAEn eta 839 eurokoa Nafarroan. Zurztasun pentsioek, berriz, 633 euroko batez bestekoa izan dute EAEn eta 557 eurokoa Nafarroan.
Orotara, EAEko pentsiodunen kopurua 585.588 pertsonakoa izan da abuztuan, eta 147.498 pertsonakoa Nafarroan. Hala, batez besteko pentsioa 1.617,50 eurokoa izan da EAEn eta 1.502,48 eurokoa Nafarroan. Zifra horiek kontuan izanda, batez besteko %4,09ko hazkundea izan da EAEko pentsioen kasuan urtebetean, eta zertxobait handiagoa, %4,25ekoa, Nafarroakoen kasuan.