Pentsioen kopuruak gora egiten jarraitzen du Hego Euskal Herrian. Euskal Autonomia Erkidegoan 586.625 prestazio erregistratu dira urrian, aurreko urtean baino %1,09 gehiago. Lurraldeka, Arabak 84.445 pentsio ditu (+%1,61), Gipuzkoak 197.286 (+%1) eta Bizkaiak 304.894 (+%1,01). Nafarroan ere, 147.958 pentsiorekin, igoera nabarmenagoa izan da, %1,76koa.
Pentsio kopuruak gora egiteaz gain, batez besteko zenbatekoak ere igo egin da. EAEren kasuan, batez besteko hileko pentsioa 1.621 eurokoa izan da, duela urtebete baino %4,08 handiagoa. Lurraldeka, Araba dago zerrendaren buruan, batez beste 1.645,87 eurorekin, eta Bizkaia (1.633,38 euro) eta Gipuzkoa (1.591,38 euro) ditu atzetik. Nafarroan, 1.621,06 eurokoa da batez besteko pentsioa, eta %4,26ko igoera izan du urte batetik bestera.
Prestazio motari dagokionez, EAEn erretiro-pentsioak dira nagusi: 392.668 onuradun daude, zeintzuek hilean, batez beste, 1.839,44 euro jasotzen dituzten. Horien atzetik daude alarguntasun-pentsioak (132.841 pentsio, batez beste, 1.130,50 eurorekin) eta ezintasun iraunkorrekoak (43.108 pentsio, batez beste, 1.536,48 eurorekin). Zurztasun pentsioak 15.728 izan dira, 634,91 eurokoak batez beste, eta senideen alde emandakoak 2.281, 993,08 eurokoak.
Nafarroan, banaketa antzekoa da: gehienak erretiroari dagozkio (102.784 pentsio, batez beste 1.691,41 eurorekin), eta jarraian ditu alarguntasunari (30.052 pentsio, 1.034,72 eurorekin), ezintasun iraunkorrari (10.527 pentsio, 1.438,09 eurorekin), zurztasunari (4.228 pentsio, 557,31 eurorekin) eta senideentzako prestazioei (367 pentsio, 842,44 eurorekin) dagozkienak.