Erretiroa, pentsioak… gazte askori oraindik urruti geratzen zaizkien terminoak izan daitezke. “Garaia iristen denean pentsatuko dut zer egin”, esan dezakete. Beste askok, ordea, mesfidantza erakusten dute egungo pentsio-sistemarekiko, EnpresaBIDEAk kalean jasotako iritziek berresten duten moduan: gehienek diote ezin izango dutela erretiroa hartu 67-70 urte bete baino lehen, eta pentsio publiko duina izan nahi badute ere, egungo panorama ikusita onartzen dute ez dutela konfiantza handiegirik sisteman (bideo osoa artikuluaren amaieran ikus daiteke).
Gaur egungo pentsioek nola funtzionatzen duten jakitea giltzarria da etorkizunera begira erabaki onak hartzeko. Euskal Herriaren kasuan, pentsio publikoak banaketa sisteman oinarritzen dira: lan egiten ari direnen kotizazioak erabiltzen dira jubilatuta daudenen erretiroak ordaintzeko. Hau da, ez dago “itsulapiko pertsonalik”, belaunaldi bakoitzak aurrekoaren erretiroak ordaintzen baititu. Pertsona bakoitzak jasoko duen pentsioaren zenbatekoa hainbat faktoreren araberakoa izango da: zenbat denbora lan egiten duen, zenbat kotizatzen duen, zein soldata izan duen azken urteetan eta zein adinetan erretiratzen den.
Sistema horrek erronka nabarmen bati egin behar dio aurre: gero eta gazte gutxiago gara eta erretiratutako pertsonen kopurua goraka doa; Hego Euskal Herrian, esaterako, %7,33 (EAE) eta %10,75 (Nafarroa) jubilatu gehiago izan ziren 2025eko urrian (azken datua) 2020 urtean baino. Horrez gain, jubilatuak gero eta denbora luzeagoz bizi dira. Biztanleria zahartzen ari da, eta gero eta zailagoa da oreka mantentzea sistemari ekarpena egiten diotenen eta jasotzen dutenen artean.
Inbertsio tresnak ulertzen
Pentsio publikoa geldi-geldirik itxarotea baino, gaztetatik erretirorako aurrezteak aldea egin dezake. Kontua ez da diru kopuru handiak gordetzea, baizik eta ohitura iraunkorra izatea: hilean 20, 30 edo 50 eurorekin nahikoa izan daiteke. Zenbat eta lehenago hasi, orduan eta esfortzu txikiagoa egin beharko da etorkizunean, eta pentsio publikoa osatzea errazagoa izango da. Horretarako hainbat bide aukera ditzakegu.
Pentsio plan pribatuek, esaterako, epe luzeko itsulapiko gisa funtzionatzen dute: aldizkako ekarpenak egiten dira eta diru hori inbertitu egiten da. Erakargarriak izaten dira, aukera ematen baitute PFEZaren zerga-oinarria murrizteko (urteko legezko mugaraino); hau da, pertsona batek 30.000 euro irabazten baditu hilean eta 1.500 pentsio plan batera bideratzen baditu, zergak 28.500 euro irabazi balitu bezala ordaindu beharko ditu. Kontrara, diru hori ezin izaten da berreskuratu, normalean, erretiroa hartu arte, salbuespenezko egoera bat izan ezean. Hortaz, diru-sarrera egonkorrak eta aurrezteko gaitasuna duten gazteentzat (eta ez hain gazteentzat) tresna baliagarriak izan daitezke, baina ondo ulertzea komeni da, inbertitutako dirua urteetan “ukiezina” izango delako.
EAEren kasuan, BGAEak (Borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundeak) daude. Norbanakoenak (langileak jartzen du dirua) edo enplegukoak (enpresak eta langileak jartzen dute dirua) izan daitezke; hala, erretirora bideratutako “soldata-igoera” moduan funtzionatzen du sistemak. Fiskalitate ona eta ohiko plan pribatuek baino komisio txikiagoak izaten dituzte. Enpleguko BGAEak dituen enpresa batean sartzen den gazte batentzat, segur aski aukerarik errentagarriena izango da, aurrezkia ahalegin gehigarririk gabe biderkatuko delako.
Nafarroan pentsio planak daude, zerga tratamendu propioa dutenak, muga batzuen barruan ekarpenak desgrabatzea ahalbidetzen dutenak. Gakoa, EAEn bezala, enpresak enplegu planik duen egiaztatzea da. Ipar Euskal Herrian, horren parekoa da Plan d’Épargne Retraite (PER), kenkari fiskalak eta nolabaiteko malgutasuna ahalbidetzen dituena, adibidez, lehen etxebizitza erosteko. Hala ere, enpresako plan kolektiboak ez daude Hego Euskal Herrian bezain zabalduta.
Hala ere, funtsezkoa da ulertzea pentsio plan pribatuetan momentuan aurreztutako zerga horiek gerora ordaindu beharko direla, erretiroa iritsi eta dirua erreskatatzean, hain zuzen ere.
Produktu horietatik harago, gazte askok nahiago izaten dituzte aukera sinpleagoak eta likidoagoak, dirua eskurago izatea ahalbidetzen dutenak, hala nola, indexatutako funtsak edo zorro automatizatuak. Kopuru txikiak komisio baxuekin eta ezagutza aurreratuen beharrik gabe inbertitzeko aukera eman ohi duten erremintak dira. Pentsio planek ez bezala, abantaila fiskal zuzenik ez duten arren, malgutasun handia eskaintzen dute: dirua behar denean atera daiteke eta unean-uneko egoera ekonomikoaren arabera gehiago ala gutxiago inbertitzeko aukera eskaintzen dute. Halere, erretirorako aurreztea helburu izanik, malgutasun horrek arriskua ere badu: kontrolik izan ezean, errazagoa izango zaigu dirua etengabe atera eta aurrezteari uztea.
Ez dago produktu perfekturik. Gakoa da pertsona bakoitzak aztertzea zein den hobekien datorkion estrategia. Oro har, zentzuzkoena etengabe aurreztea izango da, gaztetan arrisku gehixeago hartzea, Gizarte Segurantzako kotizazioak aldian behin berrikustea eta merkatuaren erorketa puntualen beldurrik ez izatea. Akatsik ohikoena ez da estrategia gaizki aukeratzea, ezer ez egitea baizik. Ekarpen txikiek ere, urteak pasa ahala, alde handia egin dezakete erretiroan.
Haatik, aurrezteko ahalegin pertsonala ezinbestekoa bada ere, ezin dugu alde batera utzi pentsio publikoen bilakaera izango dela puzzleko pieza garrantzitsuetako bat.
Pentsio publikoak: zalantzazko etorkizuna?
AIReFen (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea) arabera, gaur egun “gastu-araua” delakoa (hau da, pentsioetako gastu-helburua) errespetatzen bada ere, epe luzerako sistema jasangarria izan gabe jarraitzen du. Azken txostenaren arabera, pentsioen gastua BPGaren %16,1era igo liteke 2050ean, eta horrek 3,4 puntuko igoera dakar (2022 urtearen aldean).
Arazoa ez da aurrekontu kontua soilik: AIReFek Espainiako Gobernuak gastu araua definitzeko erabilitako metodologia ere kritikatu du, bere ustez ikuspegi partziala ematen duelako eta ez dituelako guztiz islatzen etorkizuneko finantza erronkak (aldaketa klimatikoa, eraldaketa digitala eta defentsako gastua). Gainera, aldaketarik egin ezean pentsioekin lotutako zor publikoa nabarmen handitu litekeela adierazi du.
Ipar Euskal Herriari dagokionez, pentsio-sistemak ere erronka nabarmenak ditu. 2023ko erreformaren ondoren, erretiro-adina 64 urtera igo zen eta kotizazio-urte kopurua luzatu zen, sistemaren defizita kontrolatzeko helburuarekin. Aldiz, adituek ohartarazi dute neurriak ez direla nahikoak izango presio demografikoa areagotzen den heinean.
Horrek esan nahi du etorkizunean ez dela pentsiorik izango? Ez nahitaez. Seguruenik, pentsio publikoak izaten jarraituko dugu, baina bizi-maila “erosoa” mantentzeko beste diru-iturri batzuekiko mendekotasuna handiagoa izango da (aurrezki pribatua, kasu). Horrek arestian aipatutako inbertsio-metodoen garrantzia indartzen du: gaztetatik aurrezten hasteak lagunduko du, hein handi batean, erretiro seguruagoa eta erosoagoa izaten.