• EKONOMIA
  • Gutxieneko pentsioak KPIa baino gehiago igoko ditu Espainiako Gobernuak, dekretu bidez

Gutxieneko pentsioak KPIa baino gehiago igoko ditu Espainiako Gobernuak, dekretu bidez

Igoerak %7,07 eta %11,4 artekoak izango dira, eta Kongresuak hilabeteko epean berretsi beharko ditu

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2025eko abenduaren 24a - 10:21

Espainiako Estatuko Ministroen Kontseiluak atzo izan zuen urteko azken bilera, eta bertan erabaki zuen pentsioak zenbat igoko diren datorren urtean: orokorrean %2,7, gutxieneko pentsioak %7,07 eta %11,4 artean, eta nahikoa kotizatu ez dutenen kasuan ere %11,4.

 

“Gobernuak bere konpromisoarekin bete du: 9,4 milioi pentsiodun baino gehiagori bermatzea haien pentsioak igo egingo direla prezioak bezain beste”, azaldu zuen Gobernuko bozeramaile berri izendatutako Elma Saizek, zeina Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa ere baden. Aurrekontuak onartzeko babesik ez zuenez, neurriak dekretu bidez ezarriko dira, eta Espainiako Kongresuak hilabeteko epea izango du horiek berresteko.

Gutxieneko pentsioen zenbatekoa hainbat faktoreren araberakoa da: adina, bakarrik ala beste pertsona batzuekin bizi izana, eta senideren bat bere kargu izatea. 65 urtetik gorako eta bakarrik bizi diren pertsonek %7,07ko igoera izango dute, eta hilean gutxienez 936 euro jasoko dituzte, hamalau ordainketatan. Karguan senideren bat dutenen kasuan, igoera %11,4koa izango da, eta gutxieneko pentsioa 1.257 eurora iritsiko da. Era berean, zahartzaroko eta elbarritasuneko SOVI pentsioak ere %7,07 igoko dira.

 

Nahikoa kotizatu ez dutenentzako pentsio ez-kontributiboek ere %7,07ko igoera izango dute, eta Hego Euskal Herrian 16.000 lagun inguruk jasotzen dute. Datorren urtean, hilean 629 euro jasoko dituzte. Gutxieneko diru sarrerak, berriz, %11,4 egingo du gora, eta batez beste 691 eurokoa izango da eskualdean; 37.000 laguni eragiten dio, gehienak emakumeak. Bestalde, autonomoen kotizazioei dagokienez, gobernuak 2026tik 2028ra kuotak izoztea erabaki du, elkarteekin negoziazioak irekita mantenduta.