• EKONOMIA
  • Pentsiodunek eskaera egin diote Jaurlaritzari pentsio baxuenak gutxieneko soldatarekin parekatzeko

Pentsiodunek eskaera egin diote Jaurlaritzari pentsio baxuenak gutxieneko soldatarekin parekatzeko

Eginiko eskakizuna “beharrezkoa, justua eta presazkoa” dela baieztatu dute mugimenduko kideek

Pasa den urteko argazkia, HELaren aldeko sinaduren bilketan | Argazkia: EHPM
Pasa den urteko argazkia, HELaren aldeko sinaduren bilketan | Argazkia: EHPM
2026ko maiatzaren 11 - 15:34
Eg. 2026ko maiatzaren 11 - 15:40

“Borroka hau irabazi egingo dugu”, berretsi dute gaur Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Pentsionistak berriro elkartu dira gaurkoan, Bilboko Udaletxean, Eusko Jaurlaritzari exijitu baitiote gutxieneko pentsioak berdintzea Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS).

 

Hilabeteak pasa dira pentsionistek eskakizun hori lehen aldiz egin zutenetik. Herri Ekimen Legegilea (HEL) ere aurkeztu zuten, 145.141 sinaduren babesarekin, baina Eusko Jaurlaritzaren ateak itxita topatu zituzten, Eusko Legebiltzarrak atzera bota baitzuen HELa. Erabakia “adarjotzea” eta “iruzur antidemokratikoa” dela gaitzetsi zuen, orduan, Ana Mezo pentsiodunen ordezkariak. Gaur ere hari beretik tiraka jarraitu dute pentsiodunek, euren eskakizuna “beharrezkoa, justua eta presazkoa” dela azpimarratuta.

Gogorarazi dutenez, pentsioak %2,7 besterik ez dira igo, baina inflazioak eragin zuzen eta etengabea du bizi-kostuetan. Zenbait elikagairen prezioa %40 baino gehiago igo da; hori bakarrik ez eta energiaren, etxebizitzaren eta zaintza zerbitzuen kostuak ere uneoro garestitzen ari direla gaineratu dute. Bestalde, gogora ekarri dute emakume pentsiodunek are gehiago pairatzen dutela prekaritatea, hamarkadetan zehar ordainik gabeko lanak egitearen ondorioz pentsio askoz ere baxuagoak jasotzen dituztelako, hain zuzen ere. Gainera, sarri bizikidetza unitate bakar gisa hartzen direnez emaztea eta senarra, emakume pentsiodunak ez du aukerarik izaten Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzeko.

 

Gauzak horrela, pentsiodunek erabaki dute irailean Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen HELari beste irtenbide bat ematea, eskaera eskubidearen bidera jota. Hala, Eusko Jaurlaritzari eginiko eskakizunean hiru puntu jorratu dituzte: laguntzak ofizioz aplikatzea (batik bat 80 urtetik gorakoentzat), emakumeak unitate ekonomiko independentetzat hartzea eta, nola ez, pentsio baxuenak LGSarekin parekatzea. Gobernuak hiru hilabeteko epea izango du, gehienez ere, eskakizunari erantzuna emateko.