Petrolioaren prezioa gorantz doanean Europako Banku Zentralaren erantzuna dirua garestitzea da. Askotan hori entzun eta dena ondo dagoela pentsatzen dugu. Baina zergatik hartzen du erabaki hori EBZk? Zer zerikusi du interes tasen igoerak petrolioaren prezioen hazkundearekin? Lehen begiratuan, batere ez. Ekonomiaren ikuspegitik, ordea, lotura estua dago.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Demagun petrolioaren prezioa igotzen dela. Horrekin batera gasaren prezioak ere gora egiten du, ondorioz, garraioaren prezioak ere eta produktu askoren prezioaren igoera eragiten du. Prezio igoera kate horren ondorioz, inflazioa igotzen hasten da.
Kate horren aurrean, Europako Banku Zentralak interes tasak igotzea erabakitzen du. Hau da, diruaren prezioa garestitu egiten du eta dirua lortzeko esfortzu gehiago egin behar izaten da. Baina… zergatik?
Petrolioa ez da merkeagoa izango hipoteka bat garestitzen delako. Gas gehiago ere ez da agertuko enpresei kreditua garestiagoa egiten bazaie. Orduan, zer zentzutan laguntzen du dirua garestitzeak energiaren prezioak eragindako inflazioari aurre egiten?
EBZk ez ditu interes tasak igotzen petrolioaren prezioa jaisteko. Bere jokaldiarekin ekidin nahi du petrolioaren garestitze puntual bat inflazio iraunkor bilakatzea
Printzipioz dirua garestitzeak ez dirudi ideia ona. Baina galdera horrek badu erantzun ekonomiko interesgarri bat. Izan ere, EBZk ez ditu interes tasak igotzen petrolioaren prezioa jaisteko. Bere jokaldiarekin ekidin nahi du petrolioaren garestitze puntual bat inflazio iraunkor bilakatzea.
Bi ideien arteko aldea ulertzea funtsezkoa da. Demagun petrolioaren prezioa %30 igotzen dela. Garraio enpresek gehiago ordaindu beharko dute erregaiengatik. Aire-konpainiek ere bai. Logistika kostuek gorantz egingo dute frenorik gabe. Ondorioz, produktu bat fabrikatik dendara eramatea ere garestiagoa izango da.
Prezio igoera kate horren aurrean, enpresek aukera ezberdinak dituzte: kostu handiagoa beren gain har dezakete, eta irabazi marjina murriztu, edota prezioak igo ditzakete. Bi aukeren arteko nahasketa bat ere egin dezakete, hau da, kostuaren zati bat beren gain hartu eta beste zati bat bezeroari pasa.
Bigarren txandako efektuak sortzen direnean, inflazioaren arazoa ez da petrolioaren prezioaren igoera soilik. Inflazioa ekonomiaren gainerako ataletan zabaltzen ari da birus baten moduan
Ekonomiak eskaintza-shock deitzen dionaren adibide bat da hori: ekoiztea garestiagoa bihurtu da. Egoera horretan sortzen da paradoxa: banku zentralak ezin du petrolio gehiago atera prezioak murriztu ahal izateko.
Aipatzekoa da arazo larriena ez datorrela katearen lehen prezio igoera horren ondorioz. Langileek prezioak igo direla ikusten dute eta erosahalmena galtzen dute. Horren aurrean, soldata igoerak eskatzen dituzte, eta hala egiten bada, enpresen kostuak berriro handitzen dira. Ez bakarrik petrolioarengatik, beraz. Eta hori ikusita, enpresek prezioak berriro igo ditzakete.
Eta horrela sortzen dira bigarren txandako efektuak. Puntu honetan, inflazioaren arazoa ez da petrolioaren prezioaren igoera soilik. Inflazioa ekonomiaren gainerako ataletan zabaltzen ari da birus baten moduan. Hori kontuan hartuta, EBZk ezin du petrolioaren prezioaren aurka borrokatu; erreakzio kate honek sortutako inflazioa izango du ardatz.
Hori da, nire ustez, kontu honen zatirik interesgarriena. EBZk badaki ezin duela petrolioaren prezioa kontrolatu, eta hori jakinda, ez du interes tasa igotzen petrolioa merkeagoa izan dadin, baizik eta petrolioaren garestitzearen ondorioak gainerako ekonomiara gehiegi ez zabaltzeko.
Nola?
Dirua garestituz, ekonomian dagoen eskaria hozten saiatzen da eta horrekin hasten da transmisio mekanismoa.
Dirua garestiagoa denean, zer gertatzen da? Etxebizitza bat erosi nahi duen familia batek hipoteka garestiagoa aurkitzen du, eta agian erosketa atzeratzea erabakiko du. Beste familia batek auto bat erosi nahi du, baina kredituaren kostua handitu bada, litekeena da itxarotea. Enpresa batek makina berri batean inbertitu nahi badu eta finantzaketa garestiagoa bada, baliteke inbertsioa atzeratzea. Eta enpresa batek hedatu nahi badu, baina finantzaketa garestiegia bada, agian proiektua atzeratuko du.
Dirua garestituz, ekonomian dagoen eskaria hozten saiatzen da eta honekin hasten da transmisio mekanismoa
Erabaki horiek guztiak banaka hartuta ez dirudite oso garrantzitsuak. Baina milioika familia eta enpresek antzeko erabakiak hartzen dituztenean, EBZk bilatzen duen ondorio makroekonomikoa agertzen da, hau da, eskaria moteldu egiten da.
Aitzitik, arazoa da inflazioa geldiarazteko erabiltzen den tresnak beste ondorio batzuk ere badituela. Interes tasak igotzen badira, kontsumoa eta inbertsioa murriztu daitezke. Enpresek gutxiago inbertitu dezakete, familiek gutxiago kontsumitu dezakete, etxebizitza gutxiago saldu daitezke. Azkenik, hazkunde ekonomikoa geldotu daiteke erabakiarekin.
Arazoa da inflazioa geldiarazteko erabiltzen den tresnak beste ondorio batzuk ere badituela
Horregatik, banku zentralaren lana ez da hain erraza. Ez dago botoi magikorik. Inflazioa jaisteko, ekonomia hoztu behar du. Baina gehiegi hozten badu, ekonomia bera bihur dezake arazo.
Hori da diru politikaren paradoxa handietako bat.
Eta zer gertatzen da itxaropenekin?
Ekonomian, etorkizunari buruz ditugun itxaropenek gaurko erabakiak baldintzatzen dituzte. Demagun enpresa batek uste duela datorren urtean bere kostuak %5 igoko direla. Horrek eraman dezake gaur bertan prezioak igotzera.
Langile batek pentsatzen badu datorren urtean prezioek %5 egingo dutela gora, agian %5etik gorako soldata igoera eskatuko du. Horrekin jarraituz kontsumitzaile batek uste badu datorren hilabetean dena garestiago egongo dela, baliteke erosketak aurreratzea.
Horrela, etorkizuneko inflazioaren beldurra bera inflazioaren eragile bihur daiteke. Horregatik dira hain garrantzitsuak banku zentralaren sinesgarritasuna eta inflazio itxaropenak.
Banku zentralaren lana ez da hain erraza. Inflazioa jaisteko, ekonomia hoztu behar du. Baina gehiegi hozten badu, ekonomia bera bihur dezake arazo
Familiek eta enpresek sinesten badute inflazioa epe ertainera %2 ingurura itzuliko dela, askoz zailagoa izango da aldi baterako shock batek inflazio iraunkorra sortzea.
Hasierako egoeratik argi ikusi dugu, jada ez garela petrolioaz bakarrik ari. Konkretuki gai serioago batez ari gara: inflazioaz.
Diru politika, EBZren lana, ulertzeko termostato batekin alderatzea eredu polita izan daiteke. Hotz handia badago, berogailua pizten dugu eta bero handiegia badago, jaitsi egiten dugu. Baina ez dugu etxean tenperatura une oro ukitzen, eta batez ere, badakigu termostatoa aldatu eta giroa ez dela berehala aldatzen.
Ekonomiarekin antzeko zerbait gertatzen da. Interes tasak igotzeak ez du berehalako eraginik kontsumoan, inbertsioan edo inflazioan. Hilabeteak behar dira erabakiaren ondorioak ekonomiara iristeko. Horregatik, EBZk ez dio gaurko ekonomiari bakarrik begiratzen; etorkizuneko ekonomiari buruzko hipotesi baten arabera hartzen ditu gaurko erabakiak.
EBZk ez dio gaurko ekonomiari bakarrik begiratzen; etorkizuneko ekonomiari buruzko hipotesi baten arabera hartzen ditu gaurko erabakiak
Hor dago gakoa. Ulertu behar dugu gaur ditugun datuek neurri handi batean atzoko ekonomia azaltzen digutela, eta gaur hartzen ditugun erabakiek biharko ekonomian izango dutela eragina. Beraz, egin dezagun berriro galdera: zergatik garestitzen du dirua petrolioa garestitzen denean?
Ez petrolioa merkeago egiteko. Baizik eta petrolioaren garestitzeak ekonomia osoan inflazio iraunkorra sortzea saihesteko. Horretarako, eskaria moteldu egiten du, kredituaren kostua handituz. Baina erremedioak badu kostua: kontsumo txikiagoa, inbertsio txikiagoa eta hazkunde ekonomiko motelagoa.
Batzuetan, erabaki ekonomiko onena ez da arazorik gabeko aukera, baizik eta arazo txarrena saihesten duena
Horregatik, diru politikaren erabakiak ez dira inoiz doakoak. Inflazioa gehiegi igotzen uzteak badu kostua, baina inflazioaren aurka gehiegi borrokatzeak ere bai.
Azken batean, banku zentralaren lana ez da arazo guztiak konpontzea. Bi arriskuren artean aukeratzea baizik. Hori da, hain zuzen ere, ekonomiaren zailtasun handienetako bat. Batzuetan, erabaki ekonomiko onena ez da arazorik gabeko aukera, baizik eta arazo txarrena saihesten duena.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta