• EKONOMIA
  • Pobreziaren hazkundeaz ohartarazi du ELAk

Pobreziaren hazkundeaz ohartarazi du ELAk

Aberastasunaren banaketa justuagoa aldarrikatu du sindikatuak

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2026eko otsailaren 16a - 11:51

Gutxi batzuk gero eta aberatsagoak dira, eta, kontrara, gero eta pertsona gehiagok zailtasunak dituzte hilaren amaierara iristeko. Hori da ELAk gaur aurkeztu berri duen 'Azterketak 56: pobreziatik pauso batera' izeneko txostenaren emaitza azpimarragarrienetariko bat. Sindikatuak irmoki defendatu du Hego Euskal Herrian hazkunde ekonomikoa egon arren, aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa dela, eta datuak aurkeztu ditu baieztapen hori defendatzeko.

 

Batetik, pobreziaren hazkundea nabarmendu du sindikatuak: EAEn 259.000 pertsonari eragiten dio gizarte-bazterketak, eta 84.000 pertsona bazterketa larrian bizi dira (biztanleriaren %3,8). Nafarroan ere bazterketa larria 2018ko %2,6tik 2024ko %7,9ra igo da. Zehaztu beharra dago bazterketa-tasa horiek nabarmen igotzen direla zenbait kolektibo aztertzen direnean: migratzaileen artean tasa %40,7koa da, emakumeak buru diren etxeetan %15,4koa da (gizonen kasuan %10ekoa) eta adingabeen %19,9rengan du eragina bazterketak.

Bazterkeria pairatzeak ez du esan nahi jende horrek lan egiten ez duenik: bazterketa jasaten dutenen %50,8 EAEn eta %44,2 Nafarroan laneko diru-sarrerak dituzten etxeetan bizi dira. Hortaz, konklusioa da enplegua ez dela nahikoa pobreziatik ateratzeko. Etxebizitza larrialdiak ere lotura zuzena du bazterketarekin: Hego Euskal Herriko biztanleen %11 pobrezian bizi da etxebizitzaren gastuak ordaindu ondoren. “Etxebizitzak pobrezia sortzen du”, nabarmendu du sindikatuak, “eta enplegua izatea ez da nahikoa, lan egiteak ez duelako bermatzen pobreziatik ateratzea”, gaineratu du. Horregatik, ELAk 1.500 euroko LGS propioa “premiazkoa” dela gogorarazi du, “baita etxebizitza-politika ausartak” ere.

 

Bestalde, DSBEren (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) kudeaketan jarri du fokua sindikatuak. Izan ere, pobrezia eta bazterketa pairatzen duten pertsonen kopuruak gora egin arren, Nafarroan jaitsi egin da DSBE jasotzen duten pertsonen kopurua. Hala, benetako pobrezia arriskuan dauden %75,5ek baino ez dute jasotzen errenta hori.

Neurri estrukturalak

“Sortzen den aberastasuna enpresa handien eta kapitalaren esku geratzen ari da”, salatu du sindikatuak. Arestian aipatutakoak kontuan izanik, ELAk konponbideak proposatu ditu, gizarte-kohesioa indartzeko “neurri estrukturalak”: “Zerga-erreforma progresiboa, etxebizitzan inbertsioa BPGaren %2ra igotzea, zerbitzu publikoak hobetzea eta DSBEren eta Errenta Bermatuaren zenbatekoetan egindako murrizketak lehengoratzea, berriz ere LGSari lotuz”.

Martxoaren 17rako Greba Orokorraren harira, sindikatuak gogorarazi du 160.000 langile ingururengan izango zukeela eragina 1.500 euroko gutxieneko soldatak. “Premiazkoa da aberastasunaren banaketa justuagoa, pobreziaren hazkundea eta sendotzea gelditzeko”, adierazi du.