Longebitatea erronka demografikoari lotu ohi da. Baina gizartearen ongizateari eta ekonomiari bere osotasunean eragiten dio. Ikuspegi hori izango du abiapuntu bihartik etzira Donostiako Kursaalen egingo den Adinbderri Longevity Forumek. Kongresuaren partea erakustokiekin uztartuko du, eta soluzioak etxean bezala ikusteko living lab delakoa ere eskainiko du. EnpresaBIDEAk aukera aprobetxatu du Adinberriko zuzendari nagusi Rakel San Sebastian elkarrizketatzeko zilarrezko ekonomiaz, ekosistemaren garapenaz eta aurrean ditugun erronkez mintzatzeko.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Longebitatea eta zilarrezko ekonomiari buruz hitz egiten ari garenean gauza beraz hitz egiten ari al gara?
Longebitatea zahartzearen termino zabalago bezala erabiltzen dugu, begirada anitza eskaintzen duelako eta, gainera, konnotazio positiboagoa duelako zahartzeak baino. Eta beste gauza bat da zilarrezko ekonomia, longebitatearen ekonomia edo longebitatearen industria ere deitzen zaiona, eta honela definitzen dena: adineko pertsonek dituzten beharrei erantzuten dien zerbitzu eta produktuen merkatua". Egon daitezke produktu zehatzak, jaiotzen direnak adinekoen behar berezi bati erantzuteko; baina badaude zilarrezkotze produktuak, hau da, merkatuan dagoeneko dauden produktuak egokitzen direnak adinekoen merkatuari erantzuna emateko.
Kongresuak berak zilarrezko ekonomian oinarri edo kutsu handi bat izango du, erakusketarekin eta abarrekin. Guk hasieratik sustatu nahi izan dugu gure estrategian, bai alde soziala edo soziosanitarioa —eredu berritzaileak prebentzio eta berrikuntza ikuspegitik—, baina baita arlo ekonomikoa ere. Bestela esanda, ikusten dugu longebitatea bi ikuspegietatik: batetik, erronka moduan; bestetik, aukera eremu bezala.
Zilarrezko ekonomia da, beraz, longebitatearen parte?
Hori da. Lehen biztanleriaren zahartzeaz hitz egiten genuen: zahartze aktiboa, osasuntsua, bizitza-proiektuarekin… Baina iruditzen zaigu longebitateak daukala beste ikuspegi positiboago bat.
Eta zergatik iruditzen zaizue inportantea longebitateari ikuspegi integral batetik heltzea?
Erronka demografikoa parekatzen dut aldaketa klimatikoarekin. Nik uste dut egun dauzkagun bi erronka nagusiak direla, ez bakarrik Euskadin, baizik eta Estatu mailan. Erronka demografiko horren barruan gauza asko daude: gazteen emantzipazioa, migrazioa... eta biztanleriaren zahartzea edo longebitatea.
Horren barruan zergatik begirada anitz hori? Bada, oso erronka konplexua delako. Ez da bakarrik osasun edo gizarte arlotik begiratu behar; sartzen dira etxebizitza, aseguruak, finantzak, hezkuntza, kultura, kirola, elikadura… Hori da kongresuan ere erakutsi nahi duguna: arlo ezberdinetatik begiratu behar den erronka bat dela eta erantzun integral bat eman behar diogula.
"2023ko edizioa inflexio-puntu bat izan zen erakusteko ekonomia arloan —eta zilarrezko ekonomiari dagokionez— badagoela hemen merkatu bat"
Nolatan Adinberri Longevity Forumaren edizio berria?
Alde batetik, esango nuke Adinberriren berrikuntza agendari erantzuten dion lan-ildo bat dela; 2024-2027 Berrikuntza Agendaren parte da. Izan ere, bi arlori erantzuten die: eredu berritzaileak lantzea eremu soziosanitarioan; eta ekonomiaren sustapena, jatorriz gure agenda barruan egon dena.
Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko plan estrategikoari bete-betean erantzuten dio gure arlo honek, longebitateak. Izan ere, plan estrategikoan zutabe nagusienetako bat da biztanleriaren ongizate integrala lortzea, eta beste bat ongizatera bideratutako ekonomia sustatzea. Ongizate integral horrek zerikusi handia dauka bizi-ohitura osasuntsuak sustatzearekin eta osasuntsu zahartzearen arlo horrekin.
Bestalde, hirugarren puntu bezala aipatu nahiko nuke zortzi urte daramatzagula estrategiarekin oro har, baina gainera, 2023an eginiko Forumaren edizioak izugarrizko arrakasta izan zuela: 1.000 pertsona baino gehiago bertaratu ziren, 40 stand —%80 Euskadikoak— izan genituen eta 9,2ko puntuazioa eduki. Inflexio-puntu bat izan zen erakusteko ekonomia arloan —eta zilarrezko ekonomiari dagokionez— badagoela hemen merkatu bat. Erakusleiho paregabea bihurtu zen. Pandemia garaian ikerketa egina bagenuen ere identifikatzeko zein enpresa ari ziren esparru horretan, ordura arte kostatzen ari zen enpresek merkatu hau aukera bezala ikustea.
Aurreko edizioa izan bazen ikuspegi horiek lantzeko eta merkatuaren erakusleiho bihurtzeko, edizio honek zein helburu dauka?
Longebitateari modu zabal batean eta diziplina anitzetatik begiratzea. Lau bloketan banatu dugu kongresua: batetik, zientzia eta teknologia; bestetik, ohitura osasungarrien promozioa, prebentzioa eta jasangarritasuna; hirugarrenik, ekonomia eta ekintzailetza; eta ondoren, joerak.
Azken batean, helburua da bizi-itxaropen osasuntsu bat lortzea. Mundu mailan, Euskadi punta-puntan dago bizi-itxaropenari dagokionez. Gaur egun ia 85 urteko batez bestekoa da emakume eta gizonezkoen artean, baina ez da erritmo berean hazi bizi itxaropen osasuntsua. Azken hori luzatzea da lortu behar duguna.
Horretarako, Adinberrik prebentzioan jartzen du fokua, hau da, mendekotasun eta desgaitasun egoerak ahalik eta beranduen iristea pertsonari, are hauskortasun egoerak nolabait lehengoratzea edo horietara ez iristea ahal den neurrian. Horregatik lantzen ditugu gaitasun funtzionalak. Hain zuzen, horren inguruan askotariko ekimenak ezagutuko ditugu eta konferentziak izango ditugu.
Beste gai inportante bat jasangarritasuna da. Forora horri buruz espresuki arituko den hizlari bat ekarri dugu, Jonathan Cylus ekonomialaria, lanketa sakona egin duena zahartzeak dakarren finantzazio beharraz.
"Guk hasieratik sustatu nahi izan dugu gure estrategian bai alde soziala edo soziosanitarioa, baina baita arlo ekonomikoa ere"
Aipatu dituzun hizlari eta gaiez gain, beste nor iruditzen zaizu azpimarratzeko modukoa aurtengo edizioan?
Esango nuke lehen mailako hizlariak dakartzagula orokorrean. Cylus aipatu dut. Kongresua, baina, Andrew Steelek irekiko du. Londresen jaiotako zientzialaria eta Fisikan doktorea, Ageless liburua idatzi du. Bioteknologian aditua da eta DNA ikertzen ibili da. Bere leloa da "nola egin adinez aurrera zahartu gabe", eta uste dut lehen mailako erreferentziazko hizlari honek oso ondo kokatuko gaituela azkeneko ikerketetan.
Ekonomia eta enpresaren esparruan ditugun erreferentziazko hizlarien artean da Pedro Ros. Hark zilarrezko ekonomiari buruz hitz egingo du mundu mailan, ikuspegi makroekonomikoago batetik, eta azalduko du zein segmentutan ari den hazten. Gaur egun esaten da zilarrezko ekonomiak Espainiar Estatuko Barne Produktu Gordinean %25eko pisua duela, eta urtero %5eko hazkundea izango duela. Esaten da, aldi berean, adineko pertsonek batez beste %12ko erosketa-ahalmen handiagoa dutela besteek baino. Testuinguru hori izateko eta merkatuaren potentzialtasuna ikusteko balioko digu bere hitzaldiak.
Cristina Garmendia Cotec fundazioko presidentea eta SILOren sortzaileak oso solasaldi interesgarria edukiko du Meinrad Meini Spenger Espainiako Orangeko kontseilari delegatuarekin eta Javier Valle VidaCaixako zuzendari nagusiarekin. Eta chester bat —hala deitu diogu elkarrizketa pixka bat intimoa izango delako— ere izango dugu Iñaki Gabilondo kazetariaren eta Javier Garcia Cogorro Columbus Ventures Partnersen sortzailearen artean.
Bertako neurologo erreferente bat ere izango da, Gurutz Linazasoro, Eider Mendoza diputatu nagusiarekin izango duen elkarrizketan. Nik uste dut testuinguru inportante bat emango digula, zeren Gurutzek hitz egin dezake zientzialari bezala, baina baita ekonomia ikuspegitik ere, berak baduelako enpresa bat arlo honetan lanean dabilena.
Hitzaldien parteaz hitz egin dugu; erakusketarien atalean, zeintzuk dira aurreikuspenak?
Izen emateak oso ondo doaz, eta harrera oso ona eduki du. Erakusketari aldetik, 40 stand izango ditugu. Mondragon Korporazioko 12 enpresa etorriko dira 6 standekin, adibidez, Mondragon Health eta Mondragon Hospitalitykoak. Horrek erakusten du zein apustu egiten ari diren gai honen alde. Ikerketa eta garapen zentroak ere baditugu, Vicomtech eta Tecnalia bezalakoak. Softwarea lantzen duten hainbat enpresa ditugu, esaterako, Inrobics, robotika sozialean ari dena. Arlo teknologikoan ariketa eta estimulazio kognitiboa lantzeko aplikazioak garatu dituztenak ere badaude. Gogoa exoeskeletoekin etorriko da, eta Oroi errealitate birtualarekin, ariketa ezberdinak egin ahal izateko. Etxe barruan erorketak saihesteko sentsorika edo radarrak ere izango dira, eta MasOrange bere erloju adimendunarekin eta sentsorikarekin dator. Athlon enpresak ariketa fisikoa lantzeko ekipamendua ekarriko du.
Erakusketa arlo horretan living laba da elementu zentrala. Hor etxebizitza bat irudikatuko dugu, bere egongelarekin, logelarekin, sukaldearekin eta bainugelarekin, eta etxean egon daitezkeen gailu ezberdinak ikusiko dituzte bertaratzen direnek. Helburua lehen esan dudana delako: bizi-itxaropen osasuntsua luzatzea, batez ere etxean, adinekoen % 82k bertan izan nahi direlako. Asmoa da etxean ahalik eta autonomoen bizitzeko gaitasun horiek lantzea.
Living labean zein demo aretoetan soluzioen erakustaldiak egingo dira.
Zein puntutan dago gaur egun longebitatea edo bizitza luzearen ekonomia geurean?
Lanketa bat egiten jarraitu behar dugu, baina, lehen esan dudan bezala, aurreko kongresua inflexio-puntu bat izan zen horretaz guztiaz ohartzeko. Hala ere, orain arte esaten dugu esku hartutako merkatu bat dela, gaur egun zerbitzuen eta produktuen hornitzaile nagusia administrazio publikoa delako, bai osasun-sistema, bai gizarte-sistema.
Herritar bezala ohituta gaude administrazioak baliabide horiek ematera, eta oraindik ez gaude hain prest merkatuan dauden produktu edo zerbitzuak erosteko. Kostatzen zaigu, zenbaitetan ezagutu ere ez ditugulako egiten. Baina biztanleria gero eta zaharragoa da, eskaria gero eta handiagoa, eta iritsiko da une bat non administrazio publikoak bakarrik ezingo duen bere gain hartu eskari hori guztia, ez baita jasangarria izango.
Orduan, merkatu pribatua hasiko da hazten, beste herrialde batzuetan gertatzen ari den bezala, Ingalaterran kasu. Beraz, teknologiak oso lagungarri izan daitezke erronka haundi horri erantzuna ematen joateko, betiere baliagarri izanik eta ikuspegi humanista galdu gabe.
"Gaur egun zerbitzuen eta produktuen hornitzaile nagusia administrazio publikoa da. Baina une bat iritsiko da non ezingo duen eskari guztia bere gain hartu"
Lehen aipatu duzu 2024-2027 Adinberri agendan lanean ari zaretela. Nola ari zarete aipatutako guztia lantzen?
Kongresua aurrekari bat izango da Pasaian (Gipuzkoa) sortzen ari garen Longebitatearen Berrikuntza Barrutiari dagokionez. Bertan ari gara eraikitzen gure erreferentzia-zentroa, eta orain aukera izango dugu Azpilurrek egin duen beste eraikin batean hainbat enpresa, ekintzaile eta gizarte eragile elkarrekin lanean aritzeko, esperimentazio espazioak baliagarri izanik. Estrategian landu dugun hori fisikoki gauzatzeko aukera emango digu, beraz.
Barruti horren diseinuan lanketa izugarria egin genuen ekosistemarekin batera: 200 eragilek parte hartu zuten, elkarrekin diseinatu genuen, eta orain eraikinera joateko eta martxan jartzeko prozesuan gaude. 2027an aukera izango dugu enpresak, arlo komunitarioa eta ikerkuntza zein formakuntza soziala fisikoki espazio bakar batean elkartzeko. Izan ere, lau foku ditu barrutiak: lehenik, ezagutza eta ikerketa garatzen jarraitzea; bigarrenik, soluzio berritzaileak sustatzea deialdien bidez, ekintzailetzari eta dibertsifikatu nahi duten enpresei laguntza emanez; hirugarrenik, living lab espazioak izatea erabiltzaileak dauden tokian bertan produktuak eta zerbitzuak testatzeko —Pasaian profil ezberdinetako erabiltzaileak izango ditugu: autonomoak, hauskortasun egoeran daudenak eta mendekotasun egoeran daudenak, hala nola zaintza profesionalak—; eta laugarren puntu bezala, hub sozial eta ekonomiko bat sortzea.
Zein beste lerro barnebiltzen ditu zuon estrategiak?
Gaitasun funtzionalak sustatzea da gure helburua, eta lau dimentsio jorratzen ditugu batez ere: ariketa fisikoa, kognitiboa, elikadura osasungarria eta harreman sozialak.
Harreman sozialen inguruan, adibidez, Hariak daukagu, bakardadeari aurre egiteko lurralde-estrategia oso bat. Ariketa fisikoan, ETBko Adinberri saioaz gain, hainbat ekipamendu jarriko ditugu martxan hainbat herritan. Helburua tokian tokitik hastea da, herrietatik abiatuta bizi-itxaropen osasuntsu hori luzatzea eta etxean dauden pertsonen autonomia lantzea gaitasun funtzionalen bidez.
Horren guztiaren aterki da Tokiko Zaintza Ekosistema. Gipuzkoan sistema publikoak —osasun-sistema eta gizarte-sistema—, arlo komunitarioa eta arlo pribatua modu efizienteagoan koordinatzea bilatzen dugu, herri bakoitzean dauden gaitasunak kontuan hartuta, pertsona erdian jarrita eta leihatila bakar bat bagina bezala erantzunez.
Zeintzuk dira oraindik ere erronkak?
Erronka inportanteenetako bat eskumenen zatiketa ahalik eta gehien saihestea da, eta modu koordinatu baten lan egitea. Horregatik, Adinberri Longevity Forumen bertan ere, POBA Aretxabaletako proiektua mahai inguru batera eramango dugu. Koordinazio soziosanitarioaren adibide garbia da: lehen osasun zentroa da, non arlo soziala eta osasun arloa espazio berdin batean dauden, balorazio integral bat egiten den eta prebentzio-programa pertsonalizatuak diseinatzen diren.
Prebentzioa ere beste erronka bat da. Bizi-ohitura osasuntsuak sustatzea ezinbestekoa da, baina pertsona subjektu aktibo bezala hartuz. Herritarrak beren osasunaren subjektu aktibo izan daitezela, autozainketaz kontziente izatea. Bizi-ohitura horiek norberak barneratu behar ditu. Hori ere landuko dugu kongresuan, kasu honetan hilaren 15eko arratsaldean, herritarrei bideratutako saioan. Azken mahaian gomendioak eta tresnak emango zaizkie etxean praktikatzeko: ariketa fisikoaren, elikaduraren, arlo kognitiboaren eta harreman sozialen inguruan.
Helburua azken finean, herritarren ongizate integrala bilatzea da eta horretarako disziplina anitzetatik erantzun behar dugu lankidetza instituzionala (sistema eta maila ezberdinetakoa), pribatua eta komunitarioa uztartuz.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta