Roberto Otamendi: "Akziodunen errentagarritasunaren paradigmarekin apurtu beharra dago"

Laboratorios Cinfan 18 urtez lanean aritu ostean, 'El club de los directivos inquietos' liburua idatzi du Otamendik

Roberto Otamendi | Argazkia: Utzita Roberto Otamendi | Argazkia: Utzita

Roberto Otamendi Zufiak (Iruñea, 1973) El club de los directivos inquietos izeneko liburua argitaratu du aurten. KPMG, SAS Automotive eta Laboratorios Cinfa enpresetan ardura postuak izan ostean, aholkulari bezala ari da orain, enpresa askotako zuzendariek egun dituzten zailtasunei aurre egiten lagunduz.

Zergatik erabaki duzu liburu hau argitaratzea? Oker ez banago 2019ko otsaileko gau batean otu zitzaizun ideia.

2022an hasi nintzen liburua idazten, baina ideia jada orain urte batzuetatik nuen. Funtsean, nik urteetan zehar egindako ibilbidearekin du zerikusia, zuzendari bezala aritu naiz 18 urtez Laboratorios Cinfan, eta lantaldeen ardura izan dut. Nire lan egiteko eta izateko moduak pertsonei laguntzen ziela ikusi nuen, baina ez bakarrik lan arloan. Beraz, lanean sortutako inpaktua liburura bideratzea zen ideia nolabait. Umiltasunez, baina jendearengan eragina izan dudala kontuan hartuta.

Liburuan nire testigantzak azaltzen diren atal bat dago, eta zuzendari izanda era moderno batean lan egin daitekeela azaltzen dut, egungo garaietara egokitua, langileek euren onena atera dezaten.

Zein da liburuaren bidez helarazi nahi izan duzun mezu nagusia?

Zuzendari ipurtarina izan daitekeela da mezu nagusia. Hau da, martetar bat izan zaitezkeela enpresa batean, eta hori ondo dagoela. Enpresetan ardurak dituztenak ez dute patroi bera jarraitu behar beti, izan ere, hauek zaharkituak geratu dira. Patroi hauen arabera, enpresak dirua irabazteko daude soilik, akziodunei errentagarritasuna eskaintzeko. Zuzendaria izan zaitezke pertsonen garapena kontuan hartuta ere. Enpresak balioa sortu behar dio gizarteari, ez akziodunei bakarrik. Nik uste dut egungo enpresa testuinguruan errazagoa dela, nahiz eta oraindik oztopo ugari izan.

"Enpresak balioa sortu behar dio gizarteari, ez akziodunei bakarrik"

Aldaketa askoko enpresa-testuinguruan, gai estrategiko berriak azaleratzen dira, eta gai horiek beren kudeaketaz gain beste konplexutasun bat ere badute, erakundearen arrakasta eta funtzionamendu hobe bat lortzea. Beraz, zuzendarien agenda estrategiko berri bat diseinatzeko beharra dagoela diozu. Nolakoa izan behar du agenda horrek?

Funtsean enpresen estrategiak bideratzeko moduak negozioaz harago joan behar du, enpresari eragiten dioten beste osagai batzuk kontuan hartuz. Orain, esaterako, aldaketa klimatikoaren kontuarekin gabiltza, eta enpresetan duen inpaktu sozialaz. Europatik legedi mordoa iristen ari zaigu jasangarritasunaren arloan, eta digitalizazioa aurrerapausoak ematen ari da. Hala, zuzendariok egoera honi erantzun bat eman behar diogu, eta horrekin batera langileen interesei ere bai. Beraz, kudeaketa ona egin behar da, baina pertsonak eta ingurunea kontuan hartuz beti ere.

Gaur egun enpresa munduan hainbat kontzeptuk indarra hartu dute, hala nola, berrikuntza, lidergoa, jasangarritasuna, aldaketa klimatikoa, etab… Erronka kontzeptu guzti hauek kudeatzean datza ezta?

Bai. Enpresen plan estrategikoetan gehitu behar dira, enpresek ezin baitute hauen kanpoan utzi. Jasangarritasun arloko legedia soilik betetzen duen enpresa bat zertxobait herrena egongo da. Iraganean lan arriskuen prebentziorako legea iritsi zen, egoera jasanezina baitzen. Orduan, modu desberdinean aritu behar zen enpresetan, langileen segurtasuna bermatzeko. Legea betetzeaz soilik arduratzen diren enpresak, hala egiten dute ez baitute sinesten enplegatuentzat onuragarria denik, eta beraz, problema bat dute. Jasangarritasunarekin gauza bera gertatzen da. Legea soilik betez ez duzu atzean dagoen ideian sinesten. Hau da, planeta zaindu behar dugula, pertsona bezala gure artean zaindu behar garela, gure gobernantza ereduak etikan oinarritu behar direla. Hots, dirua ezin dela irabazi edozein modutara.

Roberto Otamendi DSC5732
Roberto Otamendi

Liburua bi atal handitan bereizten da. Lehenengo zure bilakaera pertsonal eta profesionala azaltzen duzu eta gero zati praktikoago bat du. Zergatik antolatu duzu modu honetara?

Liburuak bi atal handi ditu, eta hirugarren txikiago bat. Lehenengo zatia nire testigantza da. Bigarrenean, enpresa eta munduarekiko dudan ikuspegia azaltzen dut. Hirugarren atalari filosofia aplikatua deitzen diot, eta bertan nire lanean bizitako esperientzien adibideak azaltzen ditut.

Nik Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasi nuen, eta auditoria enpresa handi batean hasi nintzen, KPMGn. Gero industria mundura pasa nintzen, automozio sektorean, eta zuzendari finantzario gisa aritu nintzen. Garapen profesional hau nuen bitartean, beste interes batzuk piztu zitzaizkidan, zeinak ez zuten lekurik enpresa munduan eta bereiztu egiten nituen. Baina, une batean biak uztartu zitezkeela pentsatu nuen. Zergatik ez garatu nire interesak nire jarduera profesionalean? Autodeskubritze prozesu bat izan zen eta nire kezkak eta interesak enpresa zabaltzen hasi nintzen. Gandhik zioen bezala, “izan zaitez zu munduan ikusi nahi duzun aldaketa”. Hori da nik nire lan jardueran egiten dudana. Niri enpresa mundua asko gustatzen zait eta enpresek gizarte lan bikaina egiten dutela uste dut, aberasgarritasuna sortzen eta banatzen, baita enplegua sortzen ere.

"Niri enpresa mundua asko gustatzen zait eta enpresek gizarte lan bikaina egiten dutela uste dut, aberasgarritasuna sortzen eta banatzen, baita enplegua sortzen ere"

1996an hasi zinen KPMGn, gero SAS Automotiven lan egin zenuen eta 2005ean Laboratorios Cinfan hasi zinen. Orain gutxi arte bertako zuzendaritza batzordeko kide izan zara.

Laboratorios Cinfan nintzela hasi nintzen liburua idazten, eta pasa den udazkenean enpresa utzi nuen 18 urte bertan igaro eta gero. Zuzendaritza batzordeko kide nintzen, lanpostu oso interesgarria nuen eta lankide bikainak. Cinfa enpresa zoragarria iruditzen zait, eta bertan erretiratu arte egon nintekeen. Baina, niri beste gauza batzuk egitea motibatzen ninduen, orain egiten ari naizena hain zuzen. Zuzendariei aholkuak emateaz arduratzen naiz orain. Zuzendari nagusiak, baina baita sail askotakoak ere. Negozio ikuspegia kultura humanistago batekin uztartzeko aholkuak ematen ditut.

Sektore askotan aritu zara. Horrek lagundu ahal dizu oraingo lanean?

Sektoreez harago, esperientzia izan dut hainbat herrialdeetan, asko bidaiatzea egokitu baitzait. Hego Korean, Frantzian, Italian, Alemanian, Espainian edota Estatu Batuetan negozio ardurak izan ditut. Afrikako Gobernuz Kanpoko Erakunderen batekin ere lan egin dut, ospitale baten kudeaketa ekonomikoan lagunduz. Mendebaldeko kulturan ditugun patroiekin mozteko balio izan didate hainbat esperientziek.

Aholkulari bezala lanean ari zarenetik, zertan lagundu behar izan duzu gehien. Eta non aurkitzen dituzte enpresariek zailtasun handienak?

Niretzako puntu bat da oso garrantzitsua: akziodunaren errentagarritasunaren paradigmatik ateratzea. Industria iraultzaren garaitik, oso egonkortua dago ideia hau, kapitalismoa akziodunarentzat errentagarritasuna eta epe motzeko pentsaera dela. Emaitzak eta irabaziak. Eta askotan beste guztiaren gainetik. Planeta edo pertsonen gainetik, izan langile, hornitzaile edo bezero. Paradigma horretatik atera eta etikarekin egin behar ditugu gauzak, kolaboratzaile eta enplegatuen bizitza duina bermatuz, soldata eta baldintza duinak ezarriz. Era berean, langileen interesak errespetatu behar dira eta beren garapen pertsonala ahalbidetu, enpresan aukerak eskainiz.

Pandemian enpresak gizarteari onura egin ziezaioketela ikusi zen. Edelman etxearen txosten batek, Trust Barometerrek, zera dio, hiritarrek konfiantza gehiago dutela egun enpresengan instituzio eta gobernuetan baino. Milioika enpresa daude munduan, eta milioika langile horietan lanean, eta enpresek gaitasuna dute munduan ditugun erronka globalei aurre egiteko, aldaketa klimatikoa esaterako. Zuzendariekin zailtasun handiena gai honetan izaten ari naiz, zaila baita aurreko paradigmarekin apurtzea.

"Industria iraultzaren garaitik, oso egonkortua dago ideia hau, kapitalismoa akziodunarentzat errentagarritasuna eta epe motzeko pentsaera dela. Emaitzak eta irabaziak"

Paradigma horrekin apurtzeko ereduak ba al daude liburuan?

Bai. Lehenik eta behin negozio bakoitzaren muina ulertu behar da. Analisi hau teknikoagoa da, baina ostera, bigarren fase batean sartzen gara, niri asko gustatzen zaidana hain zuzen, eta pertsonekin du zerikusia. Aldaketa hauek gauzatzeko konbentzimendua funtsezkoa da. Norbanako bakoitzaren kontzientzia. Hortaz, pertsona bakoitzaren barne bidaiatik du pixka bat. Inflexio puntu bat egon behar du. Azterketa teknikoarekin ez da nahikoa. Garrantzitsua da, baina pertsonaren barne eraldaketaren eskutik joan behar du.

Zer nolako harrera izan du liburuak?

Oso pozik nago, izan ere, liburuan nire helbide elektronikoa jarri nuen eta jende askok idatzi dit. Aurreko batean Mexikotik idatzi zidaten. Nik bereziki uste dut liburuarekin konektatu dutela guzti hau indibidualismotik eta egoismotik harago doanaren nolabaiteko kontzientzia duten pertsonek eta zuzendari izatea kolektiboaren eta guztion onerako lan egitea dela uste dutenek. Oso harro nago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK