1950. hamarkadako Espainian gaude, gerra zibila amaitu zenetik pasa dira zenbait urte eta frankismo bete-betean Petrita eta Rodolfok etxe bat eskuratu nahi dute Madrilgo erdialdean. 12 urte dira bikote direla, baina ezin dute sabai berean bizi, eta horrek beren erlazioa kolokan jartzen du. Rodolfo doña Martina izeneko emakume baten etxean bizi da, azpi-errentan. Doña Martina emakume zaharra, erdi gaixorik dagoena, bere bizitzaren azken uneetan, eta etxebizitzaren jabea bere heriotzaren zain da, etxea hustu eta eraikina eraitsi nahi duelako, sos batzuen truke.
Etxebizitza hartan Rodolfo ez ezik, beste hainbat lagun ere bizi dira, gelak azpi-alokatuta, eta negozioak ere badaude, besteak beste, pedikuro baten bulegoa. Denak elkarrekin bizi dira jendez lepo dauden apartamendu txikietan.
El pisito (1959) filma ikusteko aukera eskaini zuen atzo Donostiako Zinemaldiak, hiriburuko Principe zineman. ‘Zinema eta etxebizitza’ zikloaren baitan eskainitako lau filmetako bat, hain zuzen; Jose Luis Rebordinos zuzendariaren hitzetan, “maisu-lan bat”. Filma aitzakia izan zen egungo etxebizitza krisiaz hitz eta pitz aritzeko eta nolabait azalarazteko krisi hau ez dela gaurko kontua, historian zehar behin eta berriz, modu ziklikoan, jazo den joera dela.
Denis Itxaso Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua ere izan zen filmaren emanaldian, eta adierazi zuen etxebizitza krisiaz baino etxebizitza krisiez hitz egin beharko genukeela, historian zehar, tamalez, asko izan direlako, eta egungoak ere ertz eta ñabardura asko dituelako.
El pisito (1959) filma ikusteko aukera eskaini zuen atzo Donostiako Zinemaldiak, hiriburuko Principe zineman
Azken urteetako eskaintzaren eskasiarekin lotzen dute askok, eta 2008ko krisi finantzarioaren ostean etorri zena, aldiz, eskari faltarekin. Eta, 1950. hamarkada amaieran zein zen bikote batek elkarrekin etxebizitza bat erostea galarazten zien errealitatea?
Marco Ferreri eta Isidoro Martinez Ferryk zuzendutako filmak ederki erakusten du gerraosteko Madrilen egoera. Garapen bidean den herrialde bateko hiriburua da orduko Madril, zeinetan landa eremutik hirira jende ugarik migratu izanak hiriaren hazkunde azkarra bultzatu zuen, logela txikiz betetako eraikin altuen sorrera ekarriz, besteak beste.
Halako eraikin altuetan bizi zen jendea artean eta garatzen ziren hiriko negozio txikiak. El Pisitok espazio itxi horietan jende ugari erakusten digu, eta pertsonaien arteko elkarrizketak bata bestearen gainean kontrajartzen ditu, harrabotsa sortuz eta ikuslea gogaituz.
Rodolfok lan egiten duen bulegoa ere eraikin handi bateko leku itxi bat da, zeinetan bere nagusiak soldata eskasa ordaintzen dion, eta protagonistak soldata igoera eskatuta ere ezezkoa eman eta erantzuten dion soldatak ez duela zerikusirik etxebizitzaren kontu horrekin.
Hain da etsigarria beren egoera, ezen Rodolfo doña Martinarekin ezkontzea bururatzen baitzaie, hura hiltzen denean, etxebizitzaren errenta eskubidea filmeko protagonistak jaso dezan
Itxasok nabarmendu zuen filmaren aurretik eskainitako hitzaldian egun Euskal Herriko hiriburuetatik bota egiten ditugula gazteak, baita bikotean etxebizitza erosi nahi dutenak ere, nahiz eta bi soldata eta lan egonkorra izan, ez dutelako nahikoa aurrezkirik egungo merkatuaren prezioetan etxea erosteko. Rodolfo eta Petritak, printzipioz, egungo bikote euskaldun baten antza handirik ez badute ere, arazo bera dute, ia 70 urte lehenago.
Etxebizitzaren arazoari soluzioak topatzeko hainbat politika eta estrategia abiatu dira azken urteotan: tentsio eremuen izendapena, apartamentu turistikoei muga jartzea, dirulaguntza publikoak sustatzea, etxebizitza berrien eraikuntza sustatzea, lurrak eta etxebizitza hutsak mobilizatzea… Rodolfo eta Petritaren kasuan zein da soluzioa? Bada hain da etsigarria beren egoera, ezen Rodolfo doña Martinarekin ezkontzea bururatzen baitzaie, hura hiltzen denean, etxebizitzaren errenta eskubidea filmeko protagonistak jaso dezan.
Eta ezkondu egiten dira, eta doña Martina hil egiten da (bi urte beranduago). Eta bai, etxearen alokairua oinordetzan jasotzen du Rodolfok. Eta helburua lortuta ere, ez dirudi bikotea zoriontsu denik. Urte luzez etxebizitza duinik ez edukitzeak baldintzatu baitu beren bizitza, erre du bikote harremana, eta irtenbidea aurkitzen denerako beranduegi denaren sentipena nagusitzen da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta