
Saretzea, tokiko mailan, eskualdean, probintzian, erkidegoan. Sareen sareak sortzea, elkarlanaren bitartez. Estrategia hori gako da helburuetara ahalik eta modu erangikor eta onenean heltzeko. Bizkaia Orekan Sakonduzen (BOS) kasuan, lurralde oreka da helburu hori, ekonomia, lehiakortasun eta kalitatezko enplegu ikuspegitik. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko beste 23 eragilek —garapen agentziek, behargintzek, udalek...— sustaturikoa, atzo urteroko topaketa egin zuten BECen sare hori osatzen dutenek. Topaketa erakunde, eragile sozioekonomiko eta herritarren arteko "lankidetzaren indarra balioan jartzeko" tresna gisa azpimarratu zuen Elixabete Etxanobe Bizkaiko Diputatu Nagusiak. Ildo beretik, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuaren hitzetan, hiru helburu izan zituen topaketak, beste urtebetez eginikoak: sareari "ikusgarritasuna" ematea, elkarlanari "hauspoa ematea" eta "talde kohesioa indartzea", eta "ospatzea".
Lehiakortasun horretan pausoak emateko, oinarrian dago trantsizio digitalari eta energetikoari aurre egitea, eta hain zuzen ere horretan jarri zuten fokua jardunaldian egin zen mahai-inuguruan. Xavier Marcet Pompeu Fabra Unibertsitateko Barcelona School of Managementeko irakasleak emandako hitzaldiak lan egiteko moduez hitz egin ostean, sarearen parte diren askotariko eragileak igo ziren oholtzara, Eragile anitzeko lankidetza, industriaren eta hari lotutako zerbitzuen sareak lehiatu behar dituen trantsizio handiei aurre egiteko izenburupean hausnartzeko.
Deskarbonizazioa ez da solik trantsizio energetikoa
Mahaigaineratu diren bi trantsizio nagusiak izan dira ekonomiaren deskarbonizazioa eta eraldaketa digitala. Deskarbonizazioari dagokionez, Olga Martin Aclimako zuzendari nagusiak jarri du testuingurua, esanda markoa bi lege nagusik jarriko dutela: Europako Klimaren Legeak eta Ekonomia Zirkularraren Legeak. "Zorionez, mahai gainean dago deskarbonizazioa ez dela soilik trantsizio energetikoa, baizik eta ekonomia zirkularra ere", nabarmendu du. Lehenengo legeak dio 2040erako %90 murriztu beharko direla karbono emisioak, eta jaitsiera hori egiteko betebeharrak lotura legala izango duela. Bigarrenak, berriz, hondakinetarako merkatu bakarra bermatu nahi du, eta 2040rako hondakinen %24 izatea zirkularrak —egun %12—.
Azken urteetako egoerak argi utzi du Aclimakoaren ustez, "energetikoki eta materialki burujabeak" izan behar dugu, eta Basque Green Deal horretarako abiapuntu interesgarria izan daitekeela uste du. "Sektore indartsua dugu EAEn, eta lagundu dezakeen sektorea gainera", esan du. Horretan, BOS bezalako egitasmoek rol garrantzitsua joka dezaketela uste du Martinek.
Olga Martin (Aclima): "Zorionez, mahai gainean dago deskarbonizazioa ez dela soilik trantsizio energetikoa, baizik eta ekonomia zirkularra ere"
Hain zuzen ere, BOSen barruan garaturiko programa bat da Enpresa Berdea delakoa. 2024an martxan jarritakoa, enpresek trantsizio berdearen esparruan behar zuten laguntza lanari loturik sortu zen, etorkizuneko erronkei aurre egin asmoz. "Aurrez lan bat egin zen, informazio bildu eta laburbiltzeko. Hori eginda, forma eman zitzaion", dio Arrate Robintsonek Meatzaldeako Behargintzatik.
Dirulaguntzak bi lerro ditu: formazioa eta sentsibilizazioa; eta bono berdeak, mikroproiektuak finantzatzeko erabili daitekeena. "50 orduko laguntza da, ingurumen esparruko adituekin", azpimarratu du Robintsonek. Bono berde horiek bost esparrutan aplikatu daitezke: ingurumen araudia, efizientzia energetikoa, ingurumen aztarna, eta hondakinak eta estrategiaren egokitzapena. "2024an 21 enpresak jaso dituzte bonuak, eta 45 daude formakuntzan", argitu du Meatzaldeako Behargintzakoak. 2025ean programa "jarraikortasunezkoa" izatea aurreikusten dute, agian taxonomia berdea edo finantza jasangarriak bezalako ildoak gehituta.
Iñigo Arenaza (Solve Imi): "Hainbat gauza egitea ahalbidetu digu Enpresa Berdea programak: lehena, plataforma digitaleko sentsore-sistema bat garatzea, industria-ponpak mantentzea eta konpontzea errazten duena
Programa horren baitan Meatzaldeako Behargintzarekin aritu diren bi kasu izan ziren topaketan. Bata, Solve Imi, Abanto-Zierbenan kokaturiko ETEa, 2016an sortu zen eta 20 langile dituena. Industrien bonbeorako sistemen hornitzea, mantentzea eta konpontzea da euren lana. "Hainbat gauza egitea ahalbidetu digu: lehena, plataforma digitaleko sentsore-sistema bat garatzea, industria-ponpak mantentzea eta konpontzea errazten duena. Horrek produktu eta zerbitzu propioa izatea ahalbidetu digu", dio Iñigo Arenaza enpresako zuzendari nagusiak.
Bestea, Muskizen kokatuta dagoen San Martin PoligonokoBorja Holguera. "San Martin Poligonoko Kontserbazio Batzordearekiko lankidetza funtsezkoa izan da prozesu honetan. Behargintzaren laguntzarekin inbertsio berdeak bultzatu ditugu industrialdean", esan du Holguerrak. Zehazki, poligono "tradizionala" izatetik "ekodigitala" izatera igaro dela dio, eta horrek horniketan laguntzen duela, besteak beste.
Digitalizazioa landuta
Aldiz, bada Bizkaia Berdeak baino ibilbide luzeagoa egin duen lan ildoa, Suspertze Digitala delakoa. Lehenagotik egitasmoren bat abian bazen ere, 4 urte igaro dira programa martxan jarri zenetik, eta hainbat agentzien arteko ekimen bateratua da, enpresa mikro, txiki eta ertainei euren eraldaketa digitaleko prozesuetan laguntzeko helburuarekin. Josu Ansola Ermuako Garapen Ekomomikoko zuzendariak adierazi duenez, sentsibilizazioa lantzeko programa bat izanik "nahiko sentsibilizazio eginda dagoela esan du, eta erronka berriak identifikatzeko lanean ari direla produktuen pasaporte digitalari eta datuen espazioari dagokionez".
Programa horren baitan aritu da, esaterako, Hervel electroquímica enpresa familiarra. Bigarren belaunaldia izanik, bederatzi langile ditu, eta azaleko eta hondakin-uraren tratamendu industrialerako produktu kimikoen garapen, ekoizpen eta fabrikazioan aritzen dira. "Halako enpresa txiki batentzat digitalizazioari heltzea oso erronka nabaria da", azaldu du Susana Velasco gerenteak. Ermuako udaletik jasotako laguntzarekin, Velascok argitu du hiru esparruri heltzeko aukera izan dutela: digitalizazio plana, neurrira eginiko zibersegurtasuna eta ERPan business intelligence txertatzea, kudeaketa hobetzea ahalbidetu duena. "Ingurune indartsua dugu zentro teknologikoekin, unibertsitate eta lanbide heziketekin..."
Susana Velasco (Hervel electroquímica): "Halako enpresa txiki batentzat digitalizazioari heltzea oso erronka nabaria da"
Mahai-ingurua ixteko ardura Tomás Iriondo Gaia Klusterreko zuzendari nagusiarena izan da. "Xavier Marcetek esan duena abiapuntu, ulertu eta ekoitzi egin behar dugu, ondoren diru-sarrera izateko", nabarmendu du. Esperientzia positiboak eta ez positiboak partekatzearen garrantziaz ere solastu da. "BOSek marko bat eskaintzen digu elkarlanerako berrikuntza egiteko", esan du Gaiakoak. Teknologiaz harago, hiru alderdi azpimarratu ditu: "informazioa denbora errealean izatea erabakiak hartzeko; bisio kolektiboa, informazioa partekatzeko, eta esperientzietan oinarrituriko analisiak".
%16 gehiago
Elixabete Etxanobe Diputatu Nagusiak esandakoaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak, Ekonomia Sustapeneko departamentuaren bitartez, "4.560 proiektu industrial eta zerbitzu aurreratuetakoak" babestu ditu Bizkaiko eskualdeetan, inbertsioa "140 milioi eurokoa" izan delarik. 2024an, 16,8 milioi euroko inbertsioa egin zen.
Hala ere, 2025ean %16ko hazkundea aurreikusten da Bizkaia Orekan Sakonduz proiektuaren baitan. 3.650.000 euro bideratuko dira programara, hiru ildo lantzeko, Basurkok azaldu duenez: eskualde bakoitzak norbere hausnarketa estrategikoa egin dezan ekonomia sustapenari dagokionez; jarduera ekonomikoa eta enpresak kokatzen diren inguruak indartzera, "lehiakortasunarentzat gako delako"; eta norberak ikusten dituen bestelako proiektuak proposatzeko behargintzekin lan egiteko.
Ekonomia Sustapeneko diputatuak "amaitzen ez den maratoi" gisa definitu egin beharreko lana, are gehiago bizi dugun ziurgabetasun testuinguruan. "Begirada luzeko bidea" aldarrikatu du.