
SEA Arabako enpresen elkarteak maiatzean aurkeztutako absentismoaren aurkako programa garatzen jarraitu du, helburu izanik azken barometro enpresarialaren arabera (2025 otsaileko datuak) “enpresen arazo nagusia” denari soluzioa bilatzea.
Elkarteak berak Arabako 346 enpresei egindako inkestaren arabera, aldi baterako ezintasunagatiko lan-absentismoa %10,54ra iritsi da, hau da, batez besteko 25 eguneko absentzia langile bakoitzeko. Horregatik, “soluzio integrala bilatzeko” lau fasetan banatu zuen programa SEAk.
Lehen fasean datuak biltzea izan zen zeregina, besteak beste, arestian aipatutako inkestaren bitartez: enpresen %73k oso kezka handi eta kritiko gisa du absentismoa, eta industriaren sektorean %80koa da zifra.
Bigarren faserako bi focus group antolatu ziren, bata ekainaren 12an eta bestea ekainaren 26an, non absentismoa kudeatzeko oinarriak, kudeaketa-planak, protokoloak, eta barne-komunikazioari buruzko gakoak landu ziren.
Laster jarriko da martxan hirugarren fasea: absentismoaren kudeaketan emaitza arrakastatsuak izan dituzten enpresek haien kasuak aurkeztuko dituzte oraindik data zehatzik ez duen jardunaldi batean.
Azkenik, elkarteak jakinarazi du laugarren fasean enpresei laguntza pertsonalizatua eskainiko zaiela, bakoitzak bere programa integrala sor dezan absentismoaren kudeaketan hobetzeko