
WORKinn Talent Hub enplegu foroak edizio berri espezializatua iragarri du: sektore siderurgikoa izango du oinarri. Urriaren 22an egingo da, Steel Tech Congress & Expo azokaren baitan, eta enpresek, erakundeek, ikasleek eta adituek hartuko dute parte. Enplegu-foroa den heinean, helburua argia da: enplegua bilatzen duten pertsonak eta enplegatuak behar dituzten erakundeak elkartzea.
AFM klusterrak, BECk eta Siderexek antolatutako jardunaldi berrian fokua siderurgian jarriko da: “Altzairuaren industriak erronka asko ditu gaur egun, eraldaketa teknologikoaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren ondorioz”, adierazi dute antolatzaileek; hortaz, enpresentzat ezinbestekotzat dute erronka berriei aurre egiteko gai diren profil profesionalak aurkitzea. “Hori dela eta, talentua erakartzea eta garatzea funtsezko faktore bihurtzen ari da lehiakortasuna bermatzeko”, gaineratu dute.
Besteak beste, Arcelormittal, Deguisa, IDOM, SmarkTEC, Nortek, Sidenor, Celsa eta Siderex konpainiek hartuko dute parte foroan, eta bakoitzak bere hautaketa-prozesuen nondik norakoak azalduko ditu. Bertaratzen direnek aukera izango dute giza baliabideen arduradunekin bertatik bertara hitz egiteko.