Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) sinadura bilketa abiaraziko du datorren astelehenean Herri Ekimen Legegilearen (HEL) alde, zehazki, pentsio minimoa 1.080 eurora igo dadin. Helburua 120.000 sinadura lortzea da. Hurrengo lau hilabeteetan, apirilera bitartean, ariko da EHPM bilketa egiten.
Bilketa hasi baino lehen, alegia, astelehenean bertan, prentsaurrekoa egingo dute mugimenduko buruzagiek Gasteizko Eusko Legebiltzarraren egoitzan, ekimenaren zergatiak eta helburuak azaltzeko asmoarekin. Horrez gain, adierazi dute astelehenetan elkarretaratzeak egiten hasiko direla, berriro ere, Hego Euskal Herriko leku desberdinetan.
Bestalde, urtarrilaren 15ean ospatuko da pentsiodunen mugimenduaren zazpigarren urteurrena. Ospakizun horretan, orain arte egindako lana nabarmenduko da, eta unea aprobetxatuko dute gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzeko erronka bultzatzeko.