• EKONOMIA
  • Soldatak igo eta sektore publikoko ekintza sindikala indartu nahi ditu ELAk

Soldatak igo eta sektore publikoko ekintza sindikala indartu nahi ditu ELAk

Ikasturte hasierako lehentasunak zehaztu ditu sindikatuak. Jakinarazi du politika publikoen orientazioa aldatzea eskatuko diotela lehendakariari

Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza | Argazkia: ELA
Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza | Argazkia: ELA
2026ko irailaren 7a - 13:23

Ikasturte hasierako lehentasun zein aldarrikapenak zehaztu ditu ELAk gaur. Soldatak igotzea eta sektore publikoko ekintza sindikala indartzea izango dira sindikatuaren helburu nagusiak. Zehaztu duenez, KPItik gorako soldata igoerak defendatuko ditu eta ez du gutxieneko erreferentzia horretatik beherako hitzarmenik sinatuko. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia bereziki kezkatuta agertu da bizitzaren garestitzearekin eta horrek langileengan izango duen eraginarekin.

 

“Pobretze testuinguru” batean, aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa dela esan du Lakuntzak, eta EAJk eta PSEk aurkeztutako zerga erreforma "arinkeria eta zentzugabekeria" dela uste du. ELArentzat bereziki larria da erreforma hau, kontuan izanik enpresa askok inoizko etekinik handienak dituztela. "Garamendik eta Confebaskek txalotu duten erreforma da, patronalaren aldeko erreforma", salatu du sindikatuko idazkari nagusiak.

Gutxieneko soldata ere lehentasuntzat du ELAk, eta helburu du 1.600 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) ezartzea sindikatuak sinatuko dituen hitzarmen guztietan.

 

Horrekin batera, sektore publikoan jarri du arreta, gatazkek gora egingo dutela aurreikusten baitu. "Jaurlaritzak ez die erantzuten sakoneko arazoei, eta ez du inbertsioa handitzen. Lan baldintzak hobetu gabe ez dago konponbiderik", nabarmendu du Lakuntzak. Gauzak horrela, “Osakidetzako, Hezkuntzako eta udaletako plantillek dituzten egiturazko arazoak behin betiko konpontzeko” hainbat mobilizazioa aurreikusten ditu sindikatuak.

Confebaski presioa eta euskara

ELAk iragarri du politika publikoen orientazioa aldatzea eskatuko diola Imanol Pradales lehendakariari, baita sektore publikoan irekitako gatazkak konpontzeko inplikazioa ere. Halaber, lehendakariak Confebaski presio egitea nahi du, patronalak gutxieneko soldataren gainean negozia dezan.

Euskarari dagokionez, Bizkaiko metalgintzaren negoziazio mahaian egin zuen bezala, ELAk “urratsak ematen” jarraituko nahi du lan munduan euskararen presentzia handitzeko”, eta horretarako, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak bultzatuko ditu bai EAEn, bai Nafarroan.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain