San Mames estadioan bozkatuko dute bazkideek
San Mames estadioan bozkatuko dute bazkideek

Talde zurigorriaren erronka ekonomikoak

Galdera asko dakarte Athleticen hauteskundeek. Balizko entrenatzailearen izena bolo-bolo dabil. Ekonomiak, baina, gero eta indar handiagoa hartu du bozketa hauetan. Europara ez joateak klubaren bideragarritasuna ezbaian jarri lezake eta hautagaiek kaudimenari eusteko hainbat proposamen aurkeztu dituzte

Hauteskunde eguna du bihar Athleticek. San Mames estadiora joan beharko dute bazkide zurigorriek lehendakari berria aukeratzeko. Zaleen arteko elkarrizketetan hautagaien proposamenak nagusi dira. Entrenatzaile berriaren izena bolo bolo dabilen gaia da. Bielsa eta Valverde izan dira hiru hautagaien apustu nagusiak dira. Kirol zuzendariaren kargua ere hizpide izan dituzte hautagaiek, polemikak barne.

Bada, baina, bazkideen artean indarra hartzen ari den beste kontu bat, egoera ekonomikoa. Kaudimentsu dabil Athleticen diruzaintza. Kutxa bete diru zuen talde zurigorriak koronabirusa heldu zenean: 188 milioi euro. COVID-19ak 37,4 milioi euroko zuloa eragin zion Ibaiganeri 2019/20 eta 2020/21 denboraldietan. Bukatu berri den denboraldian taldeak 4,5 milioiko galerak espero ditu. 

 Kirol esparruan bezala, ekonomian ere fitxaketak aurkeztu dituzte. Izan ere, taldeari sarrera gehigarriak ekarriko dizkioten adituekin aurre akordioak sinatu dituzte hautagaiek.

Jone Fernandez Martin (Bilbo Hiria irratia): Athleticen sarreren % 98 soldatetan gastatzen da

Pandemia ez da izan taldeari mina egin dion aldagai bakarra. Europako lehorteak zelaia idortu du azken urteetan. Uztarik ez, hortaz eta horrek diruzaintzan igarri egin da. Egoera kaudimentsua noiz arte luzatuko den zalantza iturri bilakatu da. Hori da Ibaiganera helduko den hautagaiak aurre egin beharreko erronketako bat. Amane Ibañez Goikotxea ETBko kazetariaren iritziz "orain arte dirua egon da" baina "halan jarraituz gero motxila hustu egingo da". Diru sarreretan "esfortzu gehigarria egin behar dela uste du, bestela egoera okertu delako." Oreka lortzea da gakoa. Hautagaiek Athleticen aktiboei errentagarritasuna ateratzeko proposamen andana aurkeztu dituztela nabarmendu du Ibañezek.

Bilbo Hiria irratian Jone Fernandez Martin eta Erlantz Ibargurengoitiak lantzen dute talde zurigorriaren aktualitatea. Athleticen sarreren % 98 soldatetan gastatzen dela azaldu du Fernandezek eta kezkatuta dago. Kutxan dirua badagoela dio, batez ere bere garaian egindako salmentengatik, baina gauzak horrela "egongo da momentu bat non dirua agortuko den". Hutsune handia ikusten du, batez ere azken urteotan Athletic ez delako Europarako sailkatu. 

Amane Ibañez Goikoetxea (ETB): Diru sarreretan esfortzu gehigarria behar da, bestela egoera okertuko da

Ibargurengoitiak ere "motxila" erronkarik handiena dela uste du. "Europarik gabe dirua hegan joaten ari da eta Athleticek aparteko dirurik lortzeko muskulurik ez du". Merchandisingaren arloan ere herren ikusten du taldea. Agian Athletic marka berriro indartzeko unea dela uste du eta "kanpoko fitxaketarik beharrean Lezamara begira jartzeko unea". San Mamesi babesletza jartzeko aukera ikusten du Ibargurengoitiak nahiz eta gustuko ez izan. 

CVCren eskaintza tentagarria

Futbolak kirol hutsa izateari utzi zion aspaldi. Dirutza erakartzen duen ikuskizuna bilakatu da gaur egun. 2020/2021 denboraldian Espainiako Ligako taldeen sarrera osoak 3.818 milioi eurokoak izan ziren. Ustiapen datuei begiratuta futbol txapelketak 154 milioi euroko EBITDA positiboa lortu zuen, aurrekoa baino % 84 baxuagoa. Galera garbiei dagokienez 892 milioi eurokoak izan ziren. Zenbaki gorriak dituen lehen denboraldia izan zen 2012/2013koaz geroztik.

2021eko abenduaren 10ean Espainiako Ligak CVC Capital Partners inbertsio funtsarekin negozio hitzarmena sinatzea onartu zuen. Luxenburgon egoitza duen inbertsio funtsak goi mailako kirol txapelketetan inbertsioak burutzen ditu. Ligako lau taldek baino ez zioten ezezkoa eman akordioari. Horietako bat Athletic Club izan zen. Sinatutako akordioaren ondorioz CVC funtsak klubei 1.994 milioi banatuko die hurrengo 50 urteetako telebista eskubideen % 9ren truke. Dirua partaidetzako mailegu baten bitartez jasoko dute klubek, hurrengo 40 urtetan itzultzekoa dena. Dirua, baina, ezin da edozein modutan erabili. Hitzarmenak argi zehazten du zorra murriztu eta azpiegituretan inbertitzeko dela. 

Espainiako Ligako taldeek kaudimen arazorik izan ez dezaten finantza "Fair Play"ren araua bete behar dute taldeek, sarrera eta gastuen arteko muga ezarriz. Duela urte batzuk Ligako hainbat klubek izandako porrot egoera saihestu nahi du finantza arauak.

Proposamen ugari esparru ekonomikoan

Eremu ekonomikoaren inguruko proposamenak ezagutzeko hautagaitza guztiekin harremanetan jartzen ahalegindu da EnpresaBIDEA. Ricardo Barkala eta Jon Uriarteren taldeekin hitz egiteko aukera izan du. Iñaki Arechabaletaren taldetik erantzunik egon ez bada ere, Bilbo Hiria irratiko lagunek gure galderak helarazi dizkiote Iñaki Goirizelaiari atzo egindako elkarrizketa batean. 

Ricardo Barkala

Juan Alcibar Castellanos Barkalaren hautagaitzaren ekonomia lantaldeko kidea da. PwC konpainiako bazkidea ere bada. Plangintza ekonomikoa kutxa-irizpidearekin osatu dute. Gaur gaurkoz 70 milioi inguruko kutxa dagoela estimatzen du baina etorkizunari begira kutxako fluxuak kezkatzen du. Gastu arrunta diru-sarrerak baino handiagoak dira eta Europan jokatzeko sailkatu ezean aurrekontuak 20 milioi euro bitarteko defizita izan dezake. Hala lauzpabost urtetan kutxa gastatuko dela uste du Alcibarrek. Zuhurtziaz jardutea ezinbestekoa dela nabarmentzen du. Bere iritziz Athleticek badu indar-gune nagusi bat. Inbertsio sendoak egin dira taldearen aktiboetan baina errentagarritasun gutxi ematen dute. Lezama eta Ibaigane horren adibide dira. Lezamako instalazioek aldaketa behar dutela uste du "zuku gehiago atera ahal zaielako". Ibaiganek ere aukera asko dituela uste du.

Legends konpainiarekin aurre akordioa hitzartu du Barkalak San Mames, Ibaigane eta Lezaka ustiatzeko. Egun nazioartean kudeaketagatik diru gehien lortzen duten 10 estadioetatik 7k bere bidez egiten dute

Legends konpainiarekin aurre akordioa hitzartu du Barkalaren hautagaitzak. NFL ligako New York Yankees eta Dallas Cowboys taldeek 2008an eratu zuten eta gaur egun nazioartean kudeaketagatik diru gehien lortzen duten 10 estadioetatik 7k bere bitartez egiten dute. Athleticen marka sendotzea ere proposatzen du Alcibarrek. Diru sarrera berri hauen bitartez Europan jokatzen ez duten urteetan galerarik ez izatea da helburua.

Gastuei dagokienez % 70 lehen mailako jokalariei dagokiela nabarmendu du Alcibarrek. "Dagoeneko sinatuta dauden kontratuetan ezer gutxi egin daiteke baina berriak taldearen ikuspegi ekonomikoarekin lotzeko beharra dago". Athleticen merkatuaren ezaugarriak "mugatuak" direla azpimarratu du Barkalaren hautagaitzako kideak eta horregatik "tentuz" jokatu behar da. Gainerako langileei dagokienez gastuak xehe aztertzeko asmoa adierazi du. CVCrekiko hitzarmenari dagokionez, Alcibarrek ez du egoki ikusten. "Athleticek ez du kutxa beharrik eta akordioak CVCri telebista eskubideen % 8 ematea suposatuko luke".  

Berrikuntza teknologikoa indartu nahi dute modu horretan diru-sarrerak, bazkideekiko harremanak eta kirol emaitzak hobetzen laguntzeko. Barkalaren taldeak Bernardo Hernádez González fitxatu du zeregin horretarako, Googlen marketin arduraduna izandakoa.

Jon Uriarte

Jon Uriarteren hautagaitzak ere etorkizuneko egoera ekonomikoagatik kezka azaldu du. Ibon Naberan Uriarteren ekonomia taldeko kidea eta All Iron Real Estateko zuzendari nagusia da. Uriarteren ekonomia lantaldeak kontuen azterketa sakona egin duela nabarmendu du Naberanek. Bere ustez Athleticena oso negozio eredu "zurruna" da. Diru sarreren % 85 bazkideen kuota eta telebistako eskubideen bidez biltzen da. Taldeak kuota altuak dituela uste du. Telebista eskubideei dagokienez, Athleticek kontrolatu ezin duen sarrera dela nabarmentzen du, Ligak saltzen dituelako. Gainerako % 15ari errentagarritasuna atera behar zaiola uste du Uriarteren taldeko kideak. "Egoera aldatu ezean bost urtetan dirua xahutuko da eta taldeak Fair Play araua betetzeko arazoak izan ditzakeela" nabarmendu du.

Uriartek D2F Parners fitxatu du. Barcelona FC taldearen eraldaketa digitala burutu zuen bere taldeak. Egun 600 milioi euroko negozio eredua du

Arazoari, baina, buelta emateko aukera badagoela uste du eta tresnak badirela. Athleticen marka tresna horietako bat da. Brand Finance konpainiak Athletic Europako 20. markarik sendoena sailkatu du transmititzen dituen balioengatik. Bidea ikusten diote Uriarteren taldean markaren garapenari, eta horretarako D2F Parners (Didac Lee, Guillem Graell eta Enric Llopart) fitxatu dute. Barcelona FC taldearen eraldaketa digitala burutu zuen Leeren taldeak. Egun 600 milioi euroko negozio eredua du. Eduki propioak garatuko dituen Athletic Studios proiektua buruan ere badute, diru sarrera gehiagarriak lortzeko. "Athleticen izaera erromantikoan oinarritu nahi dugu estrategia nazioarteko posizionamendua garatzeko".

Lezama Uriarteren taldearen beste oinarrietako bat ere bada. Bertan dagoen adimena errentagarri bihurtu nahi dute Lezama Tech Lab ekimenaren bitartez. "Garrantzitsuena jakintza da, eta hori Athleticek badu" adierazi du Naberanek. Athletic Unibertsitatearen egitasmoa ere badu lantaldeak, gaitze-graduak, ikastaroak eta bestelako formakuntza eskainiko duena. San Mames estadioaren erabilera hobetzeko beharra ere nabarmendu du. Ikusle kopurua % 85era iristea da Uriarteren lantaldearen helburua. "Estadioari etekin gehiago atera behar zaio". Uriarteren lantaldeak sarreren salmentak kudeatzen eta espazioei errentagarritasuna ateratzen eskarmentua baduela gogoratu du Naberanek.

Gastuei dagokienez jokalariei helburuen arabera ordaindu nahi die Uriarteren hautagaitzak, beti ere jokalarientzat erakargarria izango den proposamen baten bitartez. CVCren aukera baztertu du Naberanek. Athletic jasangarri baten aldeko apustua egiten du, CVCrekin sinatzeko eta jokalaririk saltzeko beharrik ez duena.

Iñaki Arechabaleta

Iñaki Arechabaletaren hautagaitza ere bat dator epe ertainean Athleticek izan ditzakeen finantza arazoen inguruan. Iñaki Goirizelaiak atzo Bilbo Hiria irratian egindako elkarrizketan egoera txarra ez bada ere, urtero motxila gehiago hustu egiten dela adierazi zuen. "Horrela jarraitzen badugu lau urtetan akabo".

Arechabaletak Amazon prime plataformarekin Athletici buruzko dokumentala egiteko aurre akordioa itxi dute.  Era berean 'One man club' eta 'One woman club' sariei babeslea jarri nahi die

Sarrerak eta gastuak orekatzeko konpromisoa hartu zuen Goirizelaiak eta hainbat proposamen plazaratu ditu. Amazon prime ikus-entzunezko plataformarekin Athletici buruzko dokumentala egiteko aurre akordioa itxi dute. One man club eta One woman club sariei errentagarritasuna ateratzeko asmoa ere adierazi du, babesletzaren bitartez. Gainerako hautagaitzak bezala, Arechabaletaren taldean San Mamesen erabilera handitzeko beharra ikusten dute. Merchandising alorrean gehiago egin behar dela uste du Goirizelaiak baina horretarako "munduan egon beharra dago, ezagunak izan behar gara". Horretarako Athleticen izena hedatzea funtsezkotzat jotzen du. Digitalizazioaren bidez diru-sarrerak handitzeko aukera ere nabarmendu du. Zaletuak lotzeko proposamena ere aipatu du. Bazkide izan barik kuota baten truke abantailak izango dituen bazkidetza mota sortuz. San Mamesen ikusle kopurua areagotzeko beharra ere, nabarmendu du.

Informazio gehiago
Ligaren zenbaki gorriak
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK