• EKONOMIA
  • Tasa turistikoaren aurreproiektua aurkeztu da EAEn

Tasa turistikoaren aurreproiektua aurkeztu da EAEn

0,75 eurotik 5 eurorainoko zergak ezartzea aurreikusten da, ostatu motaren eta egun kopuruen arabera

Establezimenduek kobratu beharko dute zerga | Argazkia: iStock
Establezimenduek kobratu beharko dute zerga | Argazkia: iStock
2026eko otsailaren 5a - 14:42

EAEn martxan da Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga aplikatzeko prozesua. Zergaren nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur foru aldundiek, zeinak 0,75 eurotik 5 eurorainoko tasak barne hartzen dituen. 

 

Turistek ordaindu beharko duten kopurua zehazteko, bi gauza izango dira kontuan: egonaldiaren luzera (egun kopurua) eta ostatu mota. Hala, prezioa desberdina izango da 5 izarreko hotel batean lo egiten duenarentzat (2,50 eurotik 5 eurora bitartean), edo ostatu-etxe batean lo egiten duenarentzat (0,75 eurotik 1,50 eurora bitartean). Hala ere, gehienez 5 gau kontatuko dira zergadun bakoitzeko. Turistek ez ezik, oro har ostatu batean egonaldia egiten duen edozein pertsonak ordaindu beharko du zerga, eta establezimenduak arduratu beharko dira hura kobratu eta kudeatzeaz.

Haatik, salbuespenak izatea ere aurreikusten da: adingabeentzat, %65eko desgaitasuna edo handiagoa dutenentzat, II. edo III. graduko mendekotasuna dutenentzat, ikasketak egiten dituztenentzat... Udalek ere aukera izango dute zerga moldatzeko: 25 ostatu-plaza edo gutxiago dituzten udalek %100erainoko hobaria ezarri ahal izango dute, eta, kontrara, 750 ostatu-plaza edo gehiago dituztenek %50erainoko errekargua ezarri ahal izango dute. 

 

Zerga berria ezartzeko prozesua abiatu den arren, oraindik hilabeteak itxaron beharko dira zerga guztiz aplikatu arte. Hurrengo pausoa martxoaren 17ko Gobernu Kontseiluan emango da, non aurreikuspenen arabera, Foru Arauaren Aurreproiektua onartuko den. Ondoren, proiektua eztabaidatu eta udaberri aldera Batzar Nagusietan onartu beharko da. Behin onartuta, sei hilabeteko epea utziko zaie udalei, xedatutakora egoki daitezen.