• EKONOMIA
  • Taxilariek kontrol gehiago eskatu dituzte Uber eta Cabify bezalako plataformentzako

Taxilariek kontrol gehiago eskatu dituzte Uber eta Cabify bezalako plataformentzako

Bilboko udaletxearen parean elkartu dira manifestariak

Cabifyk aukera emango die Bilboko taxilariei plataforman inskribatzeko | Argazkia: Europa Press
Cabifyk aukera emango die Bilboko taxilariei plataforman inskribatzeko | Argazkia: Europa Press
2026eko otsailaren 4a - 12:01

EAEko taxilariek mobilizazioak antolatu dituzte gaur, salatzeko gidaridun ibilgailuak (VTC) alokatzeko plataformen "neurrigabekeria", Uber eta Cabifyrena, kasu. Era berean, taxi gidariek eskatzen dute VTC ibilgailuek taxiek bezain beste ikuskapen izatea. 

 

Izan ere, gaur egun taxiek era sistematikoan eta maiz izaten dituzte kontrolak, eta haien ustetan, beren ikuskapenak eta kontrolak zorrotzagoak eta ohikoagoak dira VTCenak baino. “Araudia betetzea beste ezer ez dugu eskatzen, guri betearazten diguten bezala”, azpimarratu dute.

Hala ere, lurraldearen arabera egoera desberdina dela aztertu dute taxilariek: Bizkaian "etengabe" ematen dira lizentzia berriak VTCentzat, Gipuzkoan ez dira gehiago ematen, eta Araban "erresistentzia instituzionala handiagoa da" lizentziak lortzerako orduan. Era batera ala bestera, manifestariek argi azaldu dute: 2.100 taxi gidari ingururengan "ondorio kaltegarriak" dituzte Uber eta Cabify bezalako plataformek.

 

Gauzak horreal, bi manifestazio egin dituzte gaur, 8:30ean hasita, Bilbon, eta bi taldeak 12:00etan elkartuko dira Bilboko udaletxean.

Taxilariek izena eman dezakete Cabifyn 

Atzo bertan iragarri zuen VTC plataformak hemendik aurrera Bilbon lan egiten duten taxi gidariek aukera izango dutela Cabify plataforman inskribatzeko. Hau da, taxi gisa egiten duten lanaz gain, eskaerak Cabifyren bidez ere jaso ahal izango dituzte interesdunek. 

"Taxiekin dugun lankidetzari esker, balio handiagoa ematen diegu hiriei eta sektoreko profesionalei. Lankidetza horri esker, herritarren eskaera osatu ahal izango dugu, bai hiri barruko ibilbideetan, bai hiriarteko ibilbideetan, eta zerbitzu hobea eta mugikortasun hobea eskainiko ditugu, guztiek irabazi egiten duten testuingurua sortuta", azaldu zuten plataformakoek.

2019. urtetik martxan jarri zuen plataformak erabilera mota hori, eta ordutik "milaka taxilarik" erabili dute zerbitzua, "diru sarrerak indartzeko eta astez aste eskaeren kopurua handitzeko" bide gisa. Interesa duten Bilboko profesionalek beren datuak erregistratu beharko dituzte plataforman, formulario bidez, "era erraz batean"; behin eskaerak aurkeztuta, konpainiak datuak ebaluatuko ditu eta haiekin komunikatuko da, "Bizkaiko hiriburuan taxi kategoria irekitzeko aukera erabakitzen den unean".