• EKONOMIA
  • Teresa Madariaga (Ingeteam): "Europak energia berriztagarriak bultzatzeko ahalegin handia egin du"

Teresa Madariaga (Ingeteam): "Europak energia berriztagarriak bultzatzeko ahalegin handia egin du"

Ingeteameko presidenteak uste du trantsizio energetikoaren erronka nagusia ez dela teknologia, baizik eta hura behar den eskalan eta abiaduran ezartzea. Horretarako, biltegiratzea, sare elektriko sendoagoak eta industria europar lehiakorra ezinbestekotzat jotzen ditu

Teresa Madariaga | Argazkia: Jon Urbe / Foku
Teresa Madariaga | Argazkia: Jon Urbe / Foku
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko uztailaren 20a - 05:30
Eg. 2026ko uztailaren 20a - 12:55

Teresa Madariaga Ingeteameko presidentea da 2015etik, elektrifikazioaren zein energia berriztagarrien arloan nazioarteko erreferente bihurtu den enpresa baten buru, alegia. Bere ustez, trantsizio energetikoa gauzatzeko teknologia badago jada; benetako erronka, ordea, deskarbonizazioak eskatzen duen abiaduran eta eskalan hedatzea da. Energia-sistemaren etorkizuneko erronkez, Europako industria indartzeko beharraz, biltegiratzearen garrantziaz eta Ingeteamen etorkizuneko erronkez hausnartu du egunkari honekin.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Azken urteetan asko hitz egin da trantsizio energetikoaz, baina zein esango zenuke dela gaur egun energia-sektorearen arazo nagusia?

Energia berriztagarria sortzeko, garraioa elektrifikatzeko eta energia efizientzia hobetzeko teknologia heldu eta lehiakorrak baditugu. Beraz, gure ikuspuntutik, teknologia ez da erronkarik nagusiena. Benetako erronka soluzio horiek ekonomiaren deskarbonizazioak eskatzen dituen eskalan eta abiaduran ezarri ahal izatea da.

 

Ingeteamentzat, lehentasun nagusia da %100 berriztagarria den energia sorkuntzan oinarritutako elektrifikazio masibo eta jasangarria. Horretarako, biltegiratze soluzio efizienteak diseinatzea ezinbestekoa izango da, bai baterien, baita sorkuntza hidrauliko itzulgarriaren potentzial erraldoiari onura aterata ere. Era berean, hiri garraioaren erabateko elektrifikazioan aurrera egitea funtsezkoa da, horren barne zerbitzuetako ibilgailuak, garraio kolektiboak, autoak eta azken miliako banaketak ere badirela. Teknologia existitzen da jada; orain, teknologia horren hedapena azkartzeko tresnak lortu behar ditugu.

Uste duzu trantsizio energetikoa behar lukeen erritmoan aurrera egiten ari dela? 

Aurrera goaz, baina ez nazioarteko esparruan ezarri diren klima helburuak erdiesteko adinako abiaduran. Parisko Akordioak 2015. urtean berotze globala 1,5 ºC-ra mugatzeko helburua ezarri zuen, 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko ezinbesteko urratsa baitzen. Hamar urte beranduago, ez dugu ibilbide-orri hori betetzeko behar adinako aurrerapausorik eman.

Horrek ez du esan nahi aurrerapen garrantzitsurik gertatzen ari ez denik. Instalatutako gaitasun berriztagarria gero eta handiagoa da, eta elektrifikazioak gero eta protagonismo handiagoa dauka sektore gehiagotan. Hala ere, azpiegituretan, energiaren biltegiratzean, sare elektrikoetan eta mugikortasun jasangarrian egiten diren inbertsioak azkartu egin behar dira, trantsizio energetikoak gaur egungo egoerak eskatzen duen abiadurarekin aurrera egin dezan.

"Asiako zenbait fabrikatzailerekin lehiatzea askoz ere konplexuagoa da, alde nabarmenak baititugu kostuen egitura, ekoizpen eskala eta politika industrialetan"

Europak trantsizio energetikoan aurrera egin nahi du, baina teknologia eta osagai asko Txinatik datoz. Mendekotasun horrek kezkatzen zaitu? 

Trantsizio energetikoa ezingo da gauzatu teknologia estrategikoetan hirugarren herrialdeen gehiegizko mendekotasuna badugu. Europak energia berriztagarriak bultzatzeko ahalegin handia egin du eta, aldi berean, bere industria teknologikoaren eta manufaktura industriaren lehiakortasuna areagotzeko neurriak hartzen hasi da.

Europako enpresa teknologikoa garen heinean, autonomia industrial handiagoa sustatzea positibotzat jotzen dugu. Arazorik gabe lehia gaitezke gure Europako homologoekin berrikuntza, kalitatea eta garapen teknologikoari dagokienez. Aldiz, Asiako zenbait fabrikatzailerekin lehiatzea askoz ere konplexuagoa da, alde nabarmenak baititugu kostuen egitura, ekoizpen eskala eta politika industrialetan. Horregatik, oso garrantzitsua da ekosistema industrial europar bat indartzen jarraitzea, trantsizio energetikoaren lider izateko aukera emango digun burujabetza teknologikoa bermatzeko gai dena.

Argazkia: Foku
Teresa Madariaga | Argazkia: Jon Urbe / Foku

Askotan, energiari buruzko eztabaida energia berriztagarri gehiago instalatzean oinarritzen da. Zer beste gauza behar dira trantsizio horrek benetan funtziona dezan? 

Energia berriztagarri gehiago instalatzea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Trantsizio energetikoa eraginkorra izan dadin, eguzkiaren edo haizearen moduko energia iturri aldakorren ekoizpena kudeatzen laguntzen duten biltegiratze gaitasunak garatu behar ditugu. Horrek esan nahi du, alde batetik, bateriak hedatzea, eta, bestetik, eskala handiko biltegiratze soluzioei onura ateratzea, hala nola ponpatze hidrauliko itzulgarriko sistemak.

Horrez gain, sare elektrikoetan inbertitzea ezinbestekoa da. Gaur egungo azpiegiturek eboluzionatu behar dute gero eta banatuago dagoen sorkuntza bat integratu, elektrifikaziotik eratorritako kontsumo berriak kudeatu eta horniduraren egonkortasuna eta kalitatea bermatzeko. Trantsizio energetikoak sistemaren ikuspegi integrala eskatzen du, ez bakarrik sorkuntzarena.

Azken urteotan energia biltegiratzeaz asko hitz egiten da. Zergatik bihurtu da hain garrantzitsua? 

Berez, biltegiratzea energia berriztagarrien potentzialari erabateko onura ateratzea ahalbidetzen duen faktorea da. Elektrizitatearen zati handi bat eguzki, haize edo antzeko iturrietatik badator, energia hori sortzen denean biltegiratu eta behar denean erabiltzeko aukera ematen duten mekanismoak behar dira.

"Sistema elektrikoaren erresilientzia izango da datozen urteetako erronka nagusietako bat"

Biltegiratzeak, halaber, sistema elektrikoari malgutasuna ematen dio, sarearen egonkortasuna hobetzen du eta energia fosilak erabiltzeko beharra murrizten du. Horregatik ari dira hainbeste hazten bateria sistemak eta eskala handiko bestelako biltegiratze soluzioak, datozen urteotan garrantzitsuak izango direlako.

2025eko apirilaren 28ko itzalaldia gogoan dugu denok. Oro har, arazo elektriko bat dagoenean, askotan “puntuala” den zerbaiti buruz hitz egiten da. Gertaera horiek energia-sistemaren erronka sakonagoak islatzen dituztela uste duzu? 

Gorabehera bakoitzaren arrazoi zehatzak alde batera utzita, horrelako egoerek argi uzten dute egungo sistema elektrikoak gero eta konplexuagoak direla, etengabe hazten ari den eskari bati zerbitzua eman behar baitiote. Eredu askoz ere elektrifikatu baterantz goaz, eta eredu horretan, energia berriztagarriek oso leku handia izateaz gain, milioika sorkuntza eta kontsumo puntu berri konektatuko dira sarera.

Horretarako sare sendoago, digitalizatuago eta gainbegiratze eta kontrol aukera handiagoak eskaintzen dituztenak behar ditugu. Sistema elektrikoaren erresilientzia izango da datozen urteetako erronka nagusietako bat, eta inbertsio jarraituak eskatuko ditu azpiegituretan, automatizazioan eta kudeaketa aurreratuko teknologietan.

Euskal Autonomia Erkidegokoa bezalako industria batek zer zeregin izan dezake hain globala eta lehiakorra den sektorean? 

Euskadik tradizio industrial luzea dauka, bai eta gaitasun teknologiko sendo eta enpresa ekosistema oso espezializatua ere. Horrek balio erantsi handiko segmentuetan lehiatzeko aukera ematen dio, eta segmentu horretan, berrikuntza, ingeniaritza eta ezagutza faktoreak bereizgarriak dira.

Trantsizio energetikoa errealitate bihurtzeko teknologia aurreratua, ekipamendu gero eta sofistikatuagoa eta erronka konplexuei aurre egiteko gai diren soluzioak beharko dira. Esparru horretan, euskal enpresek aukera paregabea dugu aurrean, erreferente moduan posizionatuta jarraitzeko eta industria europar sendoago eta lehiakorrago bat garatzen laguntzeko.

Argazkia: Foku
Teresa Madariaga | Argazkia: Jon Urbe / Foku

Adimen artifizialak eta datu-zentroek gero eta energia gehiago beharko dute. Horrek panorama energetikoa alda dezake datozen urteetan? 

Adimen artifizialak, digitalizazioak eta datu-zentroen hazkundeak mundu osoko elektrizitate-eskaria nabarmen handituko dute. Horrek sorkuntza berriztagarri ugaria, sare elektriko modernoak eta kontsumo profil berriak kudeatzeko gai diren biltegiratze sistemak izateko beharrizana indartzen du.

Sektorean hainbeste urte eman ondoren, zer da energia ulertzeko moduan gehien aldatu dena?

Azken 50 urteotan, eraldaketa historiko bat bizi izan dugu. Ia esklusiban erregai fosiletan eta sorkuntza zentralizatuan oinarritzen zen energia eredua atzean utzi dugu, eta iturri berriztagarrietan, sorkuntza banatuan, digitalizazioan eta energia efizientzian gero eta gehiago oinarritzen den eredu batera igaro gara. Duela zenbait hamarkada, haize energia edo eguzki energia fotovoltaikoaren moduko teknologiak oso eskasak ziren; orain, berriz, mundu osoko energia sistemaren protagonista bilakatu dira, beren heldutasun teknologiko eta kostu murrizketa ikaragarriari esker.

"1973ko petrolioaren krisiak horniduraren segurtasun eta independentzia energetikoan jarri zuen arreta; gaur, aldiz, erronka nagusia klima aldaketaren aurka borrokatzea da"

Eraldaketa hori bultzatzen duen motibazioa ere aldatu da. 1973ko petrolioaren krisiak horniduraren segurtasun eta independentzia energetikoan jarri zuen arreta; gaur, aldiz, erronka nagusia klima aldaketaren aurka borrokatzea da. Bilakaera hori mugikortasunean ere ikusten da: errekuntza motorretik soluzio elektriko gero eta hedatuago eta lehiakorragoetara igarotzeko trantsizio progresiboa bizi dugu.

Ingeteam asko hazi da azken urteotan. Zein esango zenuke izan dela zabalkunde horren gakoa? 

Gakoa teknologia, berrikuntza eta nazioartekotzearen aldeko etengabeko apustua mantentzea izan da. Hamarkadak daramatzagu I+G+b arloko inbertsio etengabea egiten, teknologia garatzen eta gaur egungo trantsizio energetikoaren protagonista diren sektoreen beharrei aurrea hartzen. Horrekin batera, konpainia osatzen duten pertsonen talentuan, gure bezeroekiko hurbiltasunean eta askotariko merkatuetara moldatzeko gaitasunean oinarritzen den epe luzerako ikuspegi bat ere definitu dugu. Horri guztiari esker hazkunde sendoa izan dugu, eta elektrifikazioaren eta energia berriztagarrien nazioarteko erreferente bihurtu gara.

2015. urtetik Ingeteameko presidentea zara. Kargua hartu zenuenetik, Ingeteam zertan aldatu da gehien?

Konpainia globala gara eta, 2015az geroztik, posizio hori finkatzea lortu dugu, energia garbia garatu eta integratzen laguntzen duen eta segurtasun energetikoa areagotzen duen teknologia aurreratua eskaintzen dugulako. Gure nazioarteko presentzia zabaldu, gaitasun teknologikoak areagotu eta trantsizio energetikoaren premia berriei erantzuteko soluzioak dibertsifikatu ditugu, batez ere energiaren biltegiratzean, mugikortasun elektrikoan, sare adimenduan eta digitalizazioan, besteak beste.

Hala ere, bada aldatu ez den zerbait: berrikuntzaren alde egiten dugun apustua. Gure fakturazioaren %5etik gora I+G+b-an inbertitzen jarraitzen dugu, eta 500 pertsonatik gora ditugu lanean garapen teknologikoan. Etengabeko inbertsio horrek hazten jarraitzeko aukera eman digu, etengabe aldatzen ari den merkatura egokitzeko eta dihardugun sektoreetan abangoardian mantentzeko.

Teresa Madariaga | Argazkia: Jon Urbe / Foku
Teresa Madariaga | Argazkia: Jon Urbe / Foku 

Euskal Herrian sortu zen enpresa bada ere, nazioarteko konpainia da Ingeteam gaur egun. Sustraiak inguruan mantentzeak zer garrantzi du? 

Bokazio globala daukagu, baina gure sustraiek Euskadin jarraitzen dute. Hemen jaio ginen, hemen ditugu, oraindik ere, gure erabaki zentro nagusiak, gure jarduera industrialaren zati handiena eta gure berrikuntza eta garapen teknologikoko gaitasunen zati garrantzitsu bat. Sustraitze hori mantentzea ezinbestekoa da, euskal ekosistema industriala eta teknologikoa, baita prestakuntza-sarea ere, funtsezkoak izan baitira gure hazkunderako. Gainera, uste dugu enpresa batek nazioarteko lehian arrakasta izan dezakeela bere sustraiei uko egin gabe.

Zein erronka ditu enpresak etorkizun hurbilean? Eta epe luzera begira? 

Hilabete gutxi barru, Estatu mailan ez ezik, nazioarteko esparruan ere, erreferentziazko zentro teknologikoa izango den laborategi bat inauguratuko dugu, bere tamainagatik eta industriaren abangoardia teknologikoan dagoen ekipamendu aurreratuagatik. 12.000 metro karratu eraikitzeko 25 milioi euroko inbertsioa egin dugu, horrela energia berriztagarrien eta elektrifikazioaren industriaren garapen teknologikoaren abangoardian jarraitu ahal izateko.

"Epe luzera, helburua erabat deskarbonizatuta dagoen sistema energetiko bat eraikitzea izango da"

Epe labur eta ertainera, erronka nagusia da ekonomiaren elektrifikazioak bizi duen hazkunde erraldoian laguntzen jarraitzea. Horretarako, teknologia gero eta efizienteagoak garatu beharko dira energia berriztagarrirako, biltegiratzeko, mugikortasun elektrikorako eta sare adimendunetarako, eta aldi berean gure gaitasun industriala eta gure nazioarteko presentzia indartzeari utzi gabe.

Epe luzera, helburua erabat deskarbonizatuta dagoen sistema energetiko bat eraikitzea izango da. Aurre egin nahi badiegu berriztagarrien integrazio masiboari, eskala handiko biltegiratzeari, deskarbonizatzeko zailak diren sektoreen elektrifikazioari eta adimen artifizialarekin zein datu zentroekin lotutako energia eskari berrien hazkundeari, soluzio teknologiko gero eta aurreratuagoak beharko ditugu. Eraldaketa horretan lehen mailako eragile izaten jarraitu nahi dugu.

Artizarrako patrono gisa, Hego Euskal Herrian inbertsioa eta talentua erakartzeko zein lehentasun iruditzen zaizkizu funtsezkoak?

Euskal Herriak inbertsioa eta talentua erakartzeko indargune nabarmenak ditu: oinarri industrial sendoa, ekosistema teknologiko aurreratua, erreferentziazko prestakuntza zentro eta unibertsitateak, bizi kalitate ona eta tradizio luzea duen enpresen, erakundeen eta gizarte eragileen arteko lankidetza. Erronka aktibo horiek sustatzen jarraitzea da, ingurune global gero eta lehiakorrago batean. Berrikuntza bultzatzea, gaitasun teknologiko eta industrialen arloko prestakuntza sendotzea, eta belaunaldi berrientzat erakargarriak diren aukera profesionalak sortzea ezinbestekoa da. Lehiakortasun ekonomikoa, bizi kalitatea eta berritzeko gaitasuna uztartzea datozen urteotan gako izango da, bai enpresak, bai talentua erakarri eta mantentzeko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain