Teresa Madariagak eta Saioa Goitiak jasoko dituzte aurtengo AED sariak

Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak gaur egingo du Bilboko Carlton hotelean sariketaren 17. edizioa

Iazko edizioko irabazleak | Argazkia: AED Iazko edizioko irabazleak | Argazkia: AED

Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (AED) aitortza egingo die Teresa Madariaga Ingeteameko zuzendariari eta Saioa Goitia Sophie et Voilà enpresako zuzendariari. Elkarteak AED enpresa saria emango die gaur Bilboko Carlton hotelean egingo den ekitaldian.

Sariketaren 17. edizioa izango da, eta bi zuzendarien ibilbide profesionala aitortu nahi izan du elkarteak. Madariagak 2015etik darama Ingeteam energia sektoreko multinazionalaren buru. Enpresak 4.500 langile baino gehiago ditu egun, eta hogei herrialde baino gehiagotan du presentzia.

Sophie et Voilà moda sektoreko proiektua da, hainbat diseinu eta kolekzio eskaintzen ditu mundu osoan zehar zabalik dituzten 90 dendetan. Goitiak Sofia Arribasekin batera ekin zion proiektuari, hasiera batean emaztegaientzako jantziak eta luxuzko arropa diseinatzen. Egun, emakumeentzako era askotariko arropak egiten dituzte.

Bestalde, Ormazabal enpresa ere sarituko dute. Genero berdintasunaren alde eta enpresetan emakumearen presentzia areagotzeko enpresak gauzatutako politikengatik sarituko dute Velatia taldeko enpresa. Sare elektrikoan espezializatu dago, eta goi mailako teknologia garatzeaz arduratzen da enpresa bizkaitarra.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK