
XIX. mendean ticketing-ak garrantzia hartu zuen ikuskizunetan. Izan ere, garai hartan hasi ziren sarrerak saltzen, ordutik espektakuluaren munduan oinarrizkoa izan delarik, bai ikusle gisa aritzeko baita oroitzapen gisa gordetzeko ere. 90.hamarkadan, beste hainbat esparrutan gertatu zen bezala, prozesua digitalizatzen hasi zen, euskarri digitalak protagonismoa hartu duen arte. Bestalde, sarrerek geroz eta garrantzi handiagoa hartzeak, ticketing enpresen sorrera eragin zuen.
'Sold-out'-aren aroan
Garai batean, jendeak leihatiletan erosten zituen sarrerak, eta ikuskizunaren arabera ilara fisikoak sortzen ziren. Gaur egun, egoera guztiz aldatu da. Oraindik batzuetan modu fisikoan eros daitezkeen arren, jende askok aipatzen duen sold out-aren aro honetan, Interneten salgai jartzen diren momentuan erosi ezean, sarrerarik gabe geratzeko aukera dago, batez ere kontzertu handi eta berezien kasuan. Honen bidez, teknologiaren mugak ezagutu ditugu; izan ere, hainbatetan gertatu da azpiegitura teknologiko nahikoa ez izatea webgunean milaka erosle sartu ahal izateko, eta ondorioz, ataria erortzea. Arrazoi horregatik sortu ziren ilara birtualak, erosleak webgunean sartzen diren heinean, “ilara” bat sortu, eta multzoka erosteko aukera ematen dutelarik.
Hala ere, horrek ez du arazoa guztiz konpontzen, horren adibide da Zetak taldearen Mitoaroa ikuskizunerako sarreren salmentarekin gertatu zena urtarrilean. Kasu honetan, Musikazeren bidez jarri ziren salgai, eta ilara birtuala erabilita ere, arazoak egon ziren sarrerak erosteko, 600.000 pertsona baitzeuden aldi berean sarrera erosi nahian. Pello Reparaz, Zetak taldeko abeslariak bere sare sozialetan adierazi zuen moduan, “ez dugu multinazionalekin lan egiten, tiketera independente batekin ari gara lanean eta ez da erraza halako eskaerari aurre egitea”.
Artista eta 'ticketing' enpresak
Sarrerak ticketing enpresa baten bidez eskaintzeak, artistari lana errazten dio. Izan ere, enpresak kudeatzen ditu sarreren salmenta eta BEZaren kudeaketa, baita diru-sarrera eta edukiera ere. Egunean bertan ere enpresaren aplikazioaren bidez egiazta daitezke sarrerak, eta dena amaitu denean artistak faktura emitituz jasotzen ditu irabaziak. Hala ere, lan hori errazteak badu bere kostua, sarreren zati bat enpresarentzat baita.
Euskal Herrian hainbat ticketing enpresa daude kulturaren arloan: Bibe, Kutxabank sarrerak, Rebel tickets, Dice, Musikaze, Tiketee eta Wegow, besteak beste. Tiketee museoen esparrurako erabiltzen da, gainontzekoek haien jarduna arte bizietara bideratzen dutelarik.
Birsalmenta segurua: Rebel Tickets
Ticketing enpresen artean, badira berezitasunak dituztenak eta horren adibide da Rebel tickets, birsalmenta segurua bultzatzeko asmoz sortutako enpresa bizkaitarra. Sarreren salerosketa egiteko aukera eskaintzen du, betiere promotoreekin elkarlanean. Segurtasuna eskaintzeko, sarreren datuak ezabatu egiten dira salgai jartzean, erosketa egitean, eroslearen datuak txertatzen direlarik. Beraz, azken honek lortzen duen sarrera bakarra da, birsalmenta ohiko modura egitean gertatzen ez den bezala.
Porrotetik gertu: Wegow
Enpresen artean ere badago bat porrotetik gertu, Wegow zehazki. Ticketing konpainia honek, maiatzaren 21ean Instagrameko post baten bidez iragarri zuen arrazoi ekonomikoek bultzaturik, enpresa hartzekodunen aurre-konkurtsoan sartu zela. Adierazi zutenez, enpresa egoera konplexu batean dago murgildurik. Egoera horrek era zuzenean eragin die haien erabiltzaile ziren artista zein promotoreei, haien ustetan ez baitute saldutako sarrera horiengatik lortutako dirua irabaziko. Horietako askok iragarri dutenez, sarrera horiek kontzertuetara sartzeko balioko dute, oraindik saldu gabe zeuden sarrerak beste enpresa batera bideratu dituztelarik. Ondorioz, hasiera batean Wegowen bidez saldutako sarrerak galerak eragingo dizkie aipatutako artista eta promotoreei.
Egoera horren aurrean, UATAEkoek (Unión de Asociaciones de Trabajadores Autónomos y Emprendedores) kaltetu ororentzat plataforma bat sortu dute, indarrak batuz konponbide bat bilatu nahian.
Artisten gehiengoak zuzenekoei esker bizirauten du. Horregatik da hain garrantzitsua ticketing enpresen jarduna eta euren funtzionamendu egokia, zubi honek era egokian funtziona dezan, eta horrela, kulturaren industria sostenga dadin.