• EKONOMIA
  • Tolosako eta Elgoibarko anbulantzietako langileek subrogazio akordioa erdietsi dute

Tolosako eta Elgoibarko anbulantzietako langileek subrogazio akordioa erdietsi dute

Urtarrilaren 7tik Osakidetzak kudeatzen du zerbitzua, baina aldaketa horretan 45 langileren lanpostuak ez zeudela bermatuta zioten sindikatuek

Anbulantzia bat | Argazkia: LAB
Anbulantzia bat | Argazkia: LAB
2026eko urtarrilaren 15a - 14:56

Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatutako langileek subrogazio akordioa lortu dute. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, akordioari esker langileek enpleguari eutsi eta euren lan eskubideak bermatuko dituzte. “Garaipen hau prekaritateari aurre egiteko eta publifikazioaren aldeko kolektiboaren mobilizazioen, greba deialdien, batasunaren eta borrokaren irmotasunaren emaitza da”, azaldu du sindikatuak.

 

Osakidetzak orain aste batzuk erabaki zuen Gipuzkoako anbulantzien zerbitzuan indarrean zegoen kontratua amaitu eta zerbitzua publiko egitea. Aldaketa horretan, ordura arte Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuen kudeaketan aritu ziren 45 profesionalen lanpostuak ez zeudela bermatuta salatu zuten sindikatuek.

ELAk azaldu zuen langileak zerbitzua publiko egitearen alde zeudela, baina ez zutela onartuko aldaketa “langileen kaleratzeen kontura egitea”.

 

Urtarrilaren 7tik dago zerbitzua Osakidetzaren menpe, eta sindikatuek eskatu bezala, langile guztien subrogazioa onartu du. LABek adierazi du “beti” defendatu izan dutela anbulantziek eskaintzen duten zerbitzu publikoak kudeaketa publikoa behar duela, eta langileak ere hala izan behar dutela gogorarazi du.