• EKONOMIA
  • Torresek “elkarrizketa eta negoziazioa mantentzen” jarraitzeko eskatu die ELA eta LABi

Torresek “elkarrizketa eta negoziazioa mantentzen” jarraitzeko eskatu die ELA eta LABi

Lehendakariordeak jakinarazi die gizarte eragileei aldi baterako ezintasunari buruzko azterlan bat jarri dutela abian

Confebaskeko ordezkariekin bildu da Mikel Torres | Argazkia: Jaurlaritza
Confebaskeko ordezkariekin bildu da Mikel Torres | Argazkia: Jaurlaritza
2025eko azaroaren 17a - 16:22

Mikel Torres Jaurlaritzako lehendakariordea Confebask patronalarekin bildu da gaur goizean, eta gizarte eragileekin hasitako bilera erronda amaitu du. “Positibotzat” jo ditu egunotan izandako elkarrizketak, eta ELA eta LAB sindikatuei eskatu die “elkarrizketa eta negoziazioa mantentzen” jarraitzeko, “lan merkatuak dituen erronkei aurre egin ahal izateko”.

 

Bi sindikatuok uko egin zioten pasa den astean Jaurlaritzarekin biltzeari, Eusko Legebiltzarrak gutxieneko soldata propioaren kontra bozkatu izanaren ondorioz.

Joan den ostegunean, CC.OO. eta UGTrekin bildu zen Torres, eta sindikatuen eta patronalen arteko kezka nagusiak eztabaidatu zituzten: gutxieneko soldata, gizarte-elkarrizketarako mahaiaren lanak, enplegurako Lanbide Heziketa, Erakundeen Partaidetzarako Legea eta atzerritarren lan-baimenak.

 

Eusko Legebiltzarreko aurrekontuen aurkezpenean iragarri bezala, Torresek jakinarazi die gizarte eragileei EAEko aldi baterako ezintasunari buruzko azterlan bat jarri dela abian, laneko bajen diagnostiko zehatza eta orekatua lortzeko helburuarekin.

“Helburua da egungo egoera sakonki eta inpartzialki ezagutzea, erabakiak hartzeko eta gizarte eragileen arteko eztabaida eraikitzailea errazteko. Azterketaren arrakasta ez da soilik analisiaren kalitateagatik neurtuko, baita elkarrizketa sortzeko eta erabilgarritasunagatik ere bai, adostutako konponbideak hartzeko tresna praktiko gisa”, azaldu du lehendakariordeak.