Tren bidaia luzeetako eltzeak

Balmasedako putxerak XX. mendeko trenbide ibilbide batetik aurrera ohitura bilakatu dira, eta egun bultzada ekonomikoa eragiten dute Enkarterri osoan

Argazkia: Balmasedako Putxera Kofradia Argazkia: Balmasedako Putxera Kofradia

Bilbotarren lehen harropuzkeria gisa gogoratzen da sarritan La Robla (Gaztela eta Leon) herritik Bilbora egin zen trenbidea. Bizkaiko jauntxoek eraiki zuten 1890.urtetik aurrera, siderurgia industriak behar zituen zama handiak handik hona garraiatzeko. Iraganeko enpresari hauek ikatza behar zuten, Euskal Herrian agortuta baitzegoen. Horrela hurbildu ziren Leon eta Palentzia aldera, 400 bat kilometroko trenbidea sorturik.

Trenak 18 ordu behar zituen ibilbide osoa egiteko, Kantauriko mendikatea zeharkatzen baitzuen. Ibilbide luzeko joan etorrietan, putxerak prestatzen ziren, langileek horietan bazkaltzeko. Hain garrantzitsuak bilakatu ziren ezen langileen lan-hitzarmenen barruan adosten baitziren. Behargin bakoitzak kaiku propioa zeraman bazkaldu ahal izateko, eta zegokien orduan bazkaldu behar zuten. Dena zegoen hitzarmenaren barruan.

Jokin Salaberri: “Europako hainbat lekutan agertu izan dira horrelako putxera ohiturak, baina gure berezitasuna da hemen mantendu ditugula”

Balmasedako Putxera Kofradia elkartearen kide da Jokin Salaberri, eta euskal putxeren bilakaeraz aritu da: “hitzarmen horiekin enpresek artisauak kontratatu behar izan zituzten tailerretan eta lantegietan putxerak egiteko eta konpontzeko”. Elkarteko kideak azaldu du gutxinaka espezializatzen joan zen ogibidea zela, eta putxerak Balmasedan saltzen hasi zirela ere. “Enkarterri osotik hedatzen hasi ziren, nolabait modan jarri ziren, eta txokoetan, sozietateetan zein etxeetan normalizatzen joan ziren”, argitu du Salaberrik. Palentzian ere putxerek protagonismoa hartu zuten egunerokotasunean.

Kofradian hainbat historialarik egiten dute lan, eta auzia luze aztertu dute. Salabarrik dio trenbidearekin lotuta daudela putxerak, eta antzeko kasuak daudela Alemanian, Portugalen eta baita Madrilen eta Valentzian ere. “Europako hainbat lekutan agertu izan dira horrelako putxera ohiturak, baina gure berezitasuna da hemen mantendu ditugula”, dio pozarren Salaberrik.

Lehiaketak, kasualitatez

Putxerek egunerokotasunean pisua hartu zuten XX. mende bukaera hartatik. Ohituran murgildurik, urteek aurrera egin zuten, eta jada etxeetan barneraturik zeudela, 1971n lehen lehiaketa gauzatu zen. “Deustun zirela festa batean, Balmasedako kuadrilla batzuk lehiaketak egiteko hitz egin zuten”, mahaigaineratu du Salaberrik. Berez, “kasualitatez” eratu zirela azaldu du, jai giroan zeudela otu baitzitzaien ideia. “Euskaldunok beti izan ditugu festak gustuko”.

history second
La Roblarako trena | Argazkia: Balmasedako Putxera Kofradia

Une hartan sartu ziren putxerak gastronomia munduan. “Aurreko urtean txapelketen 50.urteurrena ospatu genuen, eta egia esan, osasun ona duen lehiaketa garela uste dugu”, azpimarratu du elkarteko kideak. Hainbat herritan zehar hedatzen ari dira Salaberriren arabera, eta honek norgehiagoka beraren kalitatea handitzen du. “Gero eta sari handiagoak dituzte lehiaketek, eta epaimahai potenteagoak etortzen dira gurera”. Hori horrela, kalitate handiko ekitaldiak prestatzen dituzte, zeinak gero eta etekin handiagoa eskaintzen dion irabazleari.

Jokin Salaberri: “Gero eta diru gehiago inbertitzen da lehiaketetan, bai parte-hartzaileen aldetik zein epaimahairen aldetik”

Lehen sariak 3.000 euro ingurukoak izaten direla dio elkarteko kideak, lehiaketaren kalitatea argitara emanez. Jaialdiaren exigentzia ikusita, lehen mailako lehengaiak erosten dira putxeren kalitate ona bermatzeko: “Gero eta diru gehiago inbertitzen da lehiaketetan, bai parte-hartzaileen aldetik zein epaimahairen aldetik”. Salaberriren arabera, putxeren prestaketa “profesionalizatzen” ari da guzti honekin.

Bultzada ekonomikoa

Trenbidearen sorrerak putxerak hedatu zituen Enkarterritik zehar, eta lehiaketek ospe handiagoa eta ohitura sakonagoa eskaini zieten. Honako testuinguruan, azken urteetan bultzada ekonomiko garrantzitsua jasotzen ari da bai Balmasedan nahiz inguruko zonaldeetan. “Gu 2017an sortu ginen, eta lehenago sortutako ohituratik tiraka saiatu gara putxeretaz aprobetxatzen”, dio Salaberrik. Izatez, Putxera Kofradia elkarteak oso “desorekatua” zegoen mundu bat koordinatu zuela nabarmendu du. Trenbideko langile ohiak, lehiaketa solteak, etxeko artisauak... hainbat eragile ziren putxeren munduan, baina kohesiorik ez Salaberriren ustez.

Jokin Salaberri: “Norbait kanpotik bazetorren ez zuen erosteko edo dastatzeko aukerarik, eta gu sortu ginenean, putxeren mundua batu nahi izan genuen”

Putxerak ez zeuden edonorentzat baliagarri, etxeetan edota txokoetan zeudelako bakarrik. “Norbait kanpotik bazetorren ez zuen erosteko edo dastatzeko aukerarik, eta gu sortu ginenean, putxeren mundua batu nahi izan genuen”, kontatu du. Kohesio honetatik baliatu dira elkartetik bultzada ekonomikoa lortzeko. “Denbora gutxi daramagu, baina ikusita Euskal Herria industria herri bat izatetik zerbitzu herri bat bilakatzen ari dela, gure ohiturak partekatzeko aukera ona antzeman genuen”.

Ohitura oinarri, beraz, putxeren erabilera berriak dituzte jomugan Kofradian: “Gaur egun tramankuluak plater diferenteak egiteko balio digu, ez soilik babarrunak eta betiko lapikoa egiteko”. Etorkizunera begira, “osasun ona” izaten jarraitu nahi dutela dio Salaberrik, eta gastronomia zein zerbitzu munduan lekua egiten jarraitzeko tartea dute haren esanetan. “Espero dugu putxeren ohitura Euskal Herritik gehiago zabaltzea espero dugu”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK