Trump eta Xi, berriro elkarrekin

Ia bederatzi urteren ondoren AEBetako presidente bat Txinara joan da lehen aldiz. Irango gerra amaitu gabe elkartuko da Trump Xi Jinpingekin, emateko baino eskatzeko gehiago duenaren sentipenarekin

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko maiatzaren 14a - 05:30
Eg. 2026ko maiatzaren 14a - 08:16

Iazko urrian, Busanen, Hego Korean, elkartu ziren azken aldiz Donald Trump eta Xi Jinping AEB eta Txinako presidenteak. Bilera hartan muga-zergen gaineko menia bat adostu zuten, baita bi herrialdeen artean zenbait lehengai salerosteko konpromisoa hartu ere. Artean Iranekin harremana tentsioa handikoa bazen ere, Estatu Batuak ez zen herrialde islamiarrarekin bete-beteko gerra batean murgilduta eta Brent upela 100 eurotik urrun zegoen.

 

Bi herrialde hegemonikoen arteko etengabeko mesfidantzaz gain, Ekialde Hurbileko gatazkak baldintzatuta dator egunotako goi-bilera. Martxoaren hasieran egitekoa zena maiatzaren erdialderaino atzeratu behar izan du Trumpek, eta lehen aldiz bederatzi urtetan AEBetako presidente bat Txinan izango da, azken honen aliatu handienetako batekin gerra bete-betean denean eta kanpora begirako muga-zergen politikak etxeko ekonomian kalte egin dionean. 

“Bi aldarte desberdinekin hartzen dute parte. Txinak nahiko lasai eta irrika berezirik gabe hartuko du bilera, eta, aldiz, Trumpentzat oso beharrezkoa da. Irango gerra amaitu gabe doa Asiara, eta uste dut horrek adierazten duela benetako premia edo urgentzia bat duela”, dio Mikel Aramendi nazioarteko adituak.

 

Bileran, batik bat, ekonomiaz hitz egingo da, nahiz eta Ormuzko itsasartearen egoera edota Taiwan ere gai zerrendan sartu dituzten. Azaroko mid-term hauteskundeei begira da Trump, eta kezkatuta da estatubatuarren artean ekonomiaren inguruko atsekabea areagotzen ari delako, zifra makroekonomiko txarrak ez baditu ere, erregaien prezioaren igoerak herritarrak asaldatu baititu. “Trumpek Pekinetik itzuli nahiko du albiste onen batekin. Zein izan daitezke albiste horiek? Ez da erraza asmatzen”, dio Aramendik.

Bileraren alderdi garrantzitsuena ekonomia izango dela agerian geratzen da Trumpen eskutik bidaiatuko duen delegazioari erreparatuz gero, ordezkari politikoez gain, herrialdeko enpresa handienetako jabeak ere Txinara joango baitira, besteak beste, Apple, Nvidia, Visa, Tesla, Visa, Citi edo Blackrockeko zuzendari nagusiak. “Goi teknologia eta zerbitzuen sektoreko enpresak izango dira. Kontuan hartu behar da Txina apurka-apurka bere barne merkatua kanpoko zerbitzuetara ere irekitzen ari dela, eta hori mundu mailan kristoren merkatua da. Konpainia guztiek egon nahi dute hasiera-hasieratik ondo kokatuta, eta horretara joango dira”, zehaztu du nazioarteko adituak.

Mikel Aramendi: “Goi teknologia eta zerbitzuen sektoreko enpresak izango dira. Kontuan hartu behar da Txina apurka-apurka bere barne merkatua kanpoko zerbitzuetara ere irekitzen ari dela, eta hori mundu mailan kristoren merkatua da"

Enpresari horiek Txinako enpresetako arduradunekin beren negozio nahiz inbertsioei buruz hitz egingo badute, Trump eta Xi Jinpingek urrian hitzartutakoaren errepasoa egin eta datorrenari erreparatuko diote. Azken bileran, hainbat muga-zerga murriztea onartu zuen AEBk, eta trukean Txinak lur arraroen eta mineral estrategikoen iturria zabaldu zion, baita lehen sektoreko zenbait produktu erosteko konpromisoa hartu ere, hala nola, soja, artoa eta zerealak.

Litekeena da azken bileran adostutako menia luzatzea bi aldeek, besteak beste Txinak urrian eginiko erosketa-konpromiso horiek bete dituelako, “estatu bulkadaz” bada ere, Aramendiren esanetan. Txinak urtebeterako adostutako 25 milioi sojaren erdia erosiak zituen aurtengo urtarrilean, baina gainerakoak udazkenera arte ez dituela erosiko esan du. “Estatu mailako inportatzaileek egin dituzte erosketa horiek zeren eta inportatzaile pribatuak etengabe ari ziren Argentinatik eta Brasiletik erosten, hain zuzen ere, prezio hobea zeukatelako. Beraz, hitzemandakoa bete da, baina justu-justu eta baldintzatuta legoke. Mesfidantza nahiko nabaria da”, gehitu du.

Petrolioa, erdieroaleak eta batzorde bi

Trumpek gehiago du eskatzeko emateko baino, eta horrek nabarmen baldintzatuko ditu bileraren nondik norakoak. AEBk presioa egin nahiko dio Txinari Irango petrolioa erosteari utz diezaion, baina Xi Jinpingek gobernuak orain arte ezezko irmoa eman dio, eta iritziz aldatuko duenaren zantzurik ez dago. Aramendi: “Trumpek bere garaian tema handia zuen estatubatuar petrolioa Txinak eros zezan, eta Txinak hori inoiz ez du egin nahi izan, esango nuke batez ere prezioagatik, ez printzipioengatik”.

Azken hilabeteetan AEBk Txinako hainbat petrolio findegiri zigorrak ezarri dizkie, baina Pekinek debekatu egin die konpainiei zigor horiek onartu eta aplikatzea. Trumpek hainbat oztopo jarri nahi izan ditu Txinak ez diezaion Irani petrolioa erosi eta horren bitartez herrialde islamiarrak ez dezan bere azpiegitura militarra finantzatzeko gaitasuna izan.

Txinak erdieroale aurreratuak eskuratzeko duen premia izan daiteke AEBren negoziaziorako karta nagusia. Asiako herrialdeak beharrezko du lehengai hori bere industria modernizatu eta teknologia arloan aurrerapenak egiten jarraitzeko. Aramendik, aitzitik, uste du AEBetako administrazioa herrialdeko enpresa pribatuen esanetara dagoela afera honetan: “AEBetako administrazioak gaitasun handia dauka bere enpresa ahaltsuenak (Apple edota Nvidia, besteak beste) behartzeko. Enpresa horiexek dira, ordea, administrazioaren iritziaren kontra askotan Txinarekin lankidetzan jarraitzeko eta batez ere Txinan negozioak egiteko prest eta gogotsu daudenak”.

"Trumpek bere garaian tema handia zuen estatubatuar petrolioa Txinak eros zezan, eta Txinak hori inoiz ez du egin nahi izan, esango nuke batez ere prezioagatik, ez printzipioengatik"

Dena den, Trumpen administrazioak uste du Asiako herrialdea estu har dezakeela erdieroale aurreratuen kontuan. “Txinari horrek kalte egiten dio adimen artifizialean eta punta-puntako teknologietan, baina sektore horietan ere pausoak ematen ari dela oso nabaria da, Huaweiren eta beste konpainia batzuen bitartez”, azaldu du Aramendik, eta zera gehitu du: “Txinak helburu bat jartzen duenean normalean lortu egiten du, eta, gainera, normalean helburua azkar betetzen du”.

Horrekin batera, zenbait salgaien merkataritza errazteko batzorde bat eta bi herrialdeen arteko inbertsioak adosteko beste foro bat sortzeko proposamena ere mahai gainean da. “Proposamen orokor hori nik uste dut oso zaharra dela, eta, gainera, logikoa da. Oraingoz badirudi funtzionatzen ari dela halako zuzeneko konexio bat. Konexio horretan egongo lirateke Scott Bessent AEBetako Altxorreko idazkaria eta Liu He Txinako gobernuaren ekonomia kontseilaria. Hilabeteetan aritu dira Europan zehar elkartzen, eta bisitaldi honen bezperan Hego Korean bildu dira”.

Txina, sistema kontsumitzaileago baterantz

Litekeena da Trumpek Txina limurtu nahi izatea Pekinek Irani eska diezaion Ormuzko itsasartea zabaltzea, baina ez dirudi Xi Jinpingek esku hori botako dionik; ez musu-truk behintzat. “Hor egon daiteke kromo-truke bat, AEBk itsasartea desblokeatzeko laguntza behar badu, Txinak eska diezaioke Taiwani armak saltzeari uzteko, esaterako”, argitu du Aramendik.

Txina bere filosofia zaharrari eutsiz ari da, eta Irango gerran ez du zuzenean esku hartu, nahiz eta askok iradoki itzalpean ari dela herrialde islamiarra babesten. Era berean, AEB eta Iranen arteko negoziazioetan bitartekari ari den Pakistan Txinak eta Saudi Arabiak hauspotuta ari dela iritzi dio nazioarteko adituak. “Hor badaude azpiko harreman batzuk, eta Txina, Pakistan eta Saudi Arabiaren arteko soka hori lotzen duena petrolioa da”.

Mikel Aramendi: "Txinako agintarien benetako kezka ez da horrenbesteraino hazkundearen zifra, baizik eta hazkunde hori oraindik ere esportazioetatik datorrela”

Ormuzko itsasartearen itxierak eragin badio ere, ez du Txinaren ekonomia estutasun handian sartu, eta 2026ko lehen hiruhilekoan %5eko hazkundeari eutsi dio. “Hazkunde hori handia da. Beste kontu bat da hori al den Txinak behar duen hazkundea. Txinako agintarien benetako kezka ez da horrenbesteraino hazkundearen zifra, baizik eta hazkunde hori oraindik ere esportazioetatik datorrela”, nabarmendu du Aramendik.

Herrialdearen hazkunde ekonomikoaren motor nagusia kanpo merkataritza izan da, eta horren aurrean barne kontsumoa sustatzea da egun Pekinek duen erronka ekonomiko handiena. Aitzitik, Asiako herrialdea ez da historikoki gizarte kontsumitzailea izan, eta ez du erraza izango hazkunderako esportazioen mendekotasun hori apaltzea. Aramendi: “Atseden gutxiko gizartea izan da, eta atsedenik gabe kontsumoa ezin da egin. Orain Txinako sistema kontsumo gizarte bat hauspotu nahian dabil”.

Txina kontsumitzaileago bat sortzeko interes horretatik ulertu behar da AEBetako hirugarren sektoreko goi enpresen arduradun gorenak bidaia honetara joatea, herrialdean loratzen ari den kontsumo gizartean ondo kokatuta egotea bilatzen baitute. "Baina, 1.400 milioi pertsonez ari gara, eta horietako asko muturreko pobreziatik orain dela hamarkada bat baino gutxiago atera dira”, kontatu du Aramendik.

Kontinente zaharra, bi bloke nagusien itzalpean

Txina munduko fabrika da gaur-gaurkoz, baina jakitun da ekonomia desorekatu bat izatea arriskutsua litzatekeela izatez. Hori bai, arriskuak arrisku eta desorekak desoreka, Aramendik argi dio: “AEBetan halako estutasun sentipen bat dago, eta ez da Trumpena, ez bere administrazioarena ez errepublikanoena soilik, eta da Txina gainetik jartzen ari zaiela. Estatu Batuak ez dira inoiz lankide zaleak izan, hau da, nagusitzeko gaitasun handia izan dute, baina lankidetzan aritzea ez zaie inoiz gustatu”.

Eta munduko bi bloke handienen arteko ika-mikan arazo handiena Europak duela iritzi dio adituak: “Lankidetza edo atzean geratzea, Europak ez dauka beste aterabiderik. Hain gaude haiek ematen digutenera ez dagoela beste alternatibarik”.

“AEBetan halako estutasun sentipen bat dago, eta ez da Trumpena, ez bere administrazioarena ez errepublikanoena soilik, eta da Txina gainetik jartzen ari zaiela"

Desoreka horren erakusle kilowattaren orduko prezioa jarri du, AEB eta Txinaren aldean, Europakoa baita nabarmen garestiena. “Txinaren goraldiaren oinarri faktiko eta materialetako bat da bere azpiegitura energetikoarekin egin duena eta egiten jarraituko duena, zeinak eraman duen kilowatta konparatiboki merkeagoa izatera, eta horrek zilegitzen du industria eta ekoizpen sare handi bat izatea”. Kilowattaren prezioa parekatu ezean, zaila izango da, beraz, munduaren egungo bilakaera ekonomikoaren norabidea aldatzea. “Kilowattaren prezioa filosofia guztiak baino ahaltsuagoa da. Askoz itsusiagoa izango da baina horrek agintzen du".

Trump eta Xi Jinpingen arteko goi-bilerak ez du kilowattaren prezioa aldaraziko, ez baita egungo munduaren antolaketa irauliko duen akordiorik espero, ezpada muga-zergen menia luzatzea eta bi hegemonien arteko mesfidantza are gehiago betikotzea.