• EKONOMIA
  • Bizkaiak egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzeko izapideak hasi ditu

Bizkaiak egonaldi turistikoen gaineko zerga ezartzeko izapideak hasi ditu

Foru Aldundiak udal finantzaketarako iturri gehigarri gisa planteatzen du zerga berria

Atzo egin zen turismo mahaiaren bilera | Argazkia: Irekia
Atzo egin zen turismo mahaiaren bilera | Argazkia: Irekia
2025eko uztailaren 23a - 11:59

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du egonaldi turistikoei buruzko tokiko zerga berria lurraldeko zerga-sisteman sartzeko prozesua. Lehen urrats gisa, asteazken honetatik aurrera aurretiazko kontsulta publikoaren izapidea ireki da, foro arauaren aurreproiektua idatzi aurretik bete beharreko baldintza.

 

Zergaren helburua lurralde historikoko turismo-establezimenduetan ostatu hartzen dutenen ahalmen ekonomikoa zergapetzea da. Foru erakundearen ustez, turismoak eragin ekonomiko handia du udalerrietan, bai enpleguari, bai jarduerari dagokionez, eta horrek tokiko diru-iturri berriak sortzea justifikatzen du.

Aldundiak gaineratu du zerga horrek balioko duela, batetik, zerbitzu publikoak ematerakoan jarduera turistikoak udalentzat suposatzen dituen kostu handiagoak estaltzeko, eta, bestetik, hazkunde turistiko jasangarria bermatzen duten politikak garatzea ahalbidetzeko.

 

Etorkizuneko foru-arauak zergaren funtsezko alderdiak definituko ditu, eta haren inpaktua udalerri bakoitzeko turismoaren berezitasunen arabera doitzeko mekanismoak ezarriko ditu. Hain zuzen, atzoko EAEko turismo mahaiaren bileran zehaztu zen udalerri bakoitzak aukera izango duela tasa malgutzeko zein indartzeko. Hala, tokiko erakundeen autonomia eta nahikotasun finantzarioa errespetatu nahi dira, eta, aldi berean, lurraldean turismoaren gorakadak dakartzan erronkei erantzun.