Apirila amaieran irakurri genuen albistea. Karex konpainiak, munduko kondoi ekoizle nagusiak, iragarri zuen kondoien prezioa %20 eta %30 artean igo beharrean zela Ormuzko itsasartearen itxierak hornikuntza katean eragindako azaroengatik. Malasiako multinazionalak 5.000 milioi preserbatibo baino gehiago ekoizten ditu urtean, eta Durex edota Trojan marka ezagunen hornitzaile nagusia da, besteak beste.
Enpresak adierazi zuen petrolioaren prezioaren gorakadak kondoiak sortzeko materialen prezioa handitu zuela, eta, era berean, kondoiak mundu osoan banatzeko garraioa ere nabarmen garestitu zela. Mundu osoan bost preserbatibotatik bat ekoizten du Karexek.
Jakina da preserbatiboa sexu harremanetan haurdunaldia ekiditeko nahiz infekzio edo gaixotasunak ez transmititzeko erabiltzen dela. Oro har latexarekin egiten dira, nahiz poliuretanoa edota arkumearen hesteen bidez ere ekoitzi daitezkeen. Bada, Goh Miah Kiat Karexeko zuzendarietako batek argitu zuen petrolioaren prezioaren gorakadak latexa babesteko erabiltzen den amoniakoaren prezioa hauspotu duela, eta lubrifikatzaileen prezioak ere gora egin duela, hala nola, silikonaren olioarenak. Hori gutxi balitz, kondoien bilgarri gisa erabiltzen den plastikoa eta aluminiozko paperaren prezioa ere nabarmen garestitu dira.
Horiek guztiak petroliotik eratorritako materialak dira, zeintzuek prezio igoera nabarmenena pairatu duten azken hilabeteetan. “Kautxu sintetikoaren eskasia ere sumatu dugu. Nitrilo gutxi jaso dugu azkenaldian eta prezioak jada bikoiztu egin dira”, gehitu zuen Karexeko ordezkariak.
Gauzak horrela, eskaria geroz eta handiagoa den merkatu batean (azken urtean %30 handitu da), eskaintzak behera egin du nahitaez, eta Ormuzko itsasarteak itxita jarraitzen duen bitartean, hornikuntza katean arazoak areagotuz doaz. Agertoki horren aurrean, Malasiako multinazionaleko ordezkariek argi esan zuten: “Kostua azken prezioarekin orekatu beharra dugu”.
Karex multinazional malasiarrak 5.000 milioi preserbatibo baino gehiago ekoizten ditu urtean
Alarma oihuak, gainera, ez dira soilik Asiatik iritsi. Reckitt Benckiser enpresa britaniarra da Durex markaren jabea eta zenbatekoa jarri dio lehengaien kostu igoerari. Ekialde Hurbileko gerrak 150 milioi librako (190 milioi euro) galera ekar dakioke enpresari. %30eko igoera iragarri badute ere, ez dute baztertzen are gehiago igo behar izatea.
Merkatu "hauskor" batean
Merkatuaren egoera azaltzeko “hauskor” hitza erabili zuen Goh Miah Kiatek. Hornikuntza katearen arazoek kondoien ekoizpena mugatu dute, eskariak gora egiten duen momentu berean, eta horrek stock eskasia eragin du. Era berean, kondoien esportazioan ere atzerapenak izan dira, eta orain AEBetara eta Europara iristeko bi hilabete behar dituzte preserbatiboek, lehen hilabete behar zutenean.
Ekonomia hutsez harago, halako egoerek agerian uzten dute gerrek mundu mailako osasunean eragin dezaketen kaltea. Nazioarteko erakunde ugari eta osasun sistema publikoak, neurri handi batean, tankerako horniduren mende daude beren prebentzio programak aurrera eramateko. Prezioen igoera iraunkorrak eta hornidura arazoek osasun-kanpainetan profilaktikoen eskuragarritasuna muga lezakete, eta, beraz, nahi gabeko kutsatze eta haurdunaldiak izateko arriskua areagotu.
Hori bai, agian gizartearen beste arazo handi bat desagerrerazi dezake kondoi eskasiak: zahartze demografikoa. Tira, agian, desagerrarazi ez, baina sikiera geldotu...