Udako soinu bandak

Txarangak eta kaleko kontzertuak itzuli dira festekin batera

Argazkia: Joselontxos txaranga Argazkia: Joselontxos txaranga

Uda garaia. Itsasertzeko olatuen eztanda, haizagailuaren mugimendua, urrunean jolasean ari diren haurren barre eta jolasak, siesta luzeetako zurrungak, siestan lagun ditugun txirrindularitza esatarien jarioa, galerna egunetako haize-ufadak, kaleko terrazetako marmarra. Horixe izan liteke uda bateko soinu banda tipikoa. Hori, eta auzo, herri eta hirien festetako pregoiak, txupinazoak, dianak, bermutak, bazkalosteak, poteoak, kalejirak eta gaueko parrandak.

Mugak, debekuak eta arauak amaituta, urrun geratzen ziren, baina beti gogoan genituen uda haiek bueltan ditugu. Eta haien eskutik, suzirien lehertzea, buruhandien maskurien kolpeak, su artifizialen eztanda, dultzainak afinazioarekin borrokan, gor uzten gaituzten bafleak, zezensuzkoa txinpartak dariola eta era guztietako zarata, soinu eta musika. Batez ere musika.

Hau guztia eta gehiago da Joselontxos txaranga izenpean dabiltzan galtza zuriko hamar lagunek sortzen dutena. Musikari nomadak, ibiltariak, herri bakoitzaren behar eta ohiturei moldatzen zaizkienak. Hori da txaranga, udako soinu banda. Duela 13 urte baino gehiago, Donostiako Musika Eskolako ikasle batzuk elkartu ziren, Joxean Malvido eta Pedro Miguelizen laguntzaz, Donostiako danborrada batean jotzeko. Esperientzia haren ondoren, berriz ere kalera atera nahi zutela ohartu ziren, gustuko abestiak jotzera.

Hasieran, gauza sinpleak jotzen zituzten, ezagunentzat mesedeak eta danborradak batik bat, askotan musutruk edo diru gutxiren truke. “Ordutik, asko ikasi eta hobetu dugu. Duela 9 urte gogor hasi ginen lanean, geure onena eskaintzen, jotzen dugun txoko bakoitzean. Egun, 18 eta 32 urte bitarteko hamar lagunek osatzen dugun txaranga gara —bederatzi mutil eta neska bat—, batzuen gogoak eta besteen esperientzia uztartuz, eta urtean 40 baino emanaldi gehiagotan jo izan dugu, batez ere Gipuzkoan, baina baita inguruko probintzietan ere”, adierazi digu Ander Berzosa txarangako kideak. Euskal Herritik kanpo ere izan dira, Frantzian adibidez (Mont de Marsanen egiten den ferian), Kantabrian edo Gironan. Hasierako kideetatik bostek jarraitzen dute egun taldean, baina Berzosaren esanetan jende asko ibili da joan etorrian urte hauetan guztietan.

Ezinbesteko marketina

Txaranga batean egoteak denbora eta exijentzia asko eskatzen duela esan du, eta garbi izan behar da ez dela bertatik eguneroko ogia aterako: “Guztiok dugu gure lana eta txarangarekin uztartzen saiatzen gara, askotan ezinezkoa den arren. Honetatik bizitzea, gure mailan behintzat, ezinezkoa da. Hala ere, Espainia mailan batez ere, badaude urtean 150 emanaldi baino gehiago egiten dituzten taldeak. Askotan, talde hauetako kide batzuk musika irakasleak edo musikari profesionalak izaten dira”, gehitu du Berzosak.

Ander Berzosa: “Pandemia aurretik konpetentzia handia bazen, orain mugarik gabe handiagoa da, eta beraz oso garrantzitsua da marketin on bat gure lana ezagutzera emateko”

Txarangaren antolaketari dagokionez, kargu ezberdinen artean banatzen dituzte ardurak: managerra edo koordinatzailea, diruzaina, musika gaien arduradunak, arropa kudeatzen dutenak… Marketina ere, ezinbestekoa da: “Pandemia aurretik konpetentzia handia bazen, orain mugarik gabe handiagoa da, eta beraz oso garrantzitsua da marketin ona gure lana ezagutzera emateko”, esan du txarangako kideak. Dossier bat banatzen dute denboraldia hasi aurretik, sare sozialak erabiltzen dituzte eta kolaboratzaileren bat ere badute: “Gaur egun Txuleta jatetxearen laguntza dugu, eta honek arropa berria egitea ahalbidetu digu”. Eta ahoz ahokoa ere ezinbestekoa da, nola ez.

Areto txikietatik BECera

Soinua Gara enpresa 2011. urtean sortu zuen Jon Garagarzak. 2000. urtean Andoaingo Zine eta Bideo eskolan ikasketak egin eta gero, Iruñeko eskola batean ikasten ari zela, areto txikietan ekitaldiak antolatzen eta sonorizatzen hasi zen. “Soinu ekipo bat erosi eta enpresa bat sortu nuen beste lankide batekin, baina urte batzuk pasa eta gero bakoitzak gure bidea hartu genuen eta orduan sortu nuen Soinua Gara enpresa”, esan du.

Pandemia osteko urte honi ilusioz aurre egiten dio Garagarzak. “Aurretik egiten genituen kaleko kontzertuak itzultzen ari dira. Horrez gain, azken bi urte hauetan, aurreko bezeroak mantentzeaz gain, berriak ere egiten ari gara, eta hauei esker lan berriak eta oso interesgarriak sortzen ari dira”. Ekaina eta iraila artean batez beste 60 bat ekitaldi egin ohi zituen, eta aurten kopuru hau gainditzea espero du.

Jon Garagarza: “Azken bi urte hauetan, aurreko bezeroak mantentzeaz gain, berriak ere egiten ari gara, eta hauei esker lan berriak eta oso interesgarriak sortzen ari dira”

Soinu enpresen alorrean konpetentzia handia dagoela adierazi du Garagarzak. “Hala ere, gure inguruko enpresa gehienen artean oso harreman ona daukagu. Gure sektorearen onerako ezinbestekoa dela iruditzen zait inguruko enpresekin komunikazio eta hartu eman ona izatea”. Urteak daramatza Bertsozale Elkartearekin elkarlanean: “herrialdeetako Txapelketak eta Txapelketa Nagusietarako soinua eta azpiegitura teknikoa jarri ohi dugu; 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko BECeko finala ere guk egin genuen, eta euskal kulturaren arloan ekitaldirik garrantzitsuena izanik, niretzat oso berezia izan zen, amets baten mailakoa. Hala ere, ametsetan jarrita, Stingek Toscanan duen jauregian bere taldearekin kontzertutxo bat sonorizatzea ez legoke gaizki [barrez]”, amaitu du, ametsetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK