
Ziurgabetasun handia izanik ere, Gipuzkoako enpresak datozen erronketarako prest ikusten ditu Unai Andueza Iraeta (Azkoitia, 1973) Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak. 2025eko aurrekontuez, martxan dituzten proiektu estrategikoez, trantsizioez eta enpresen hazkunde nahiz errotzeaz mintzatu da EnpresaBIDEArekin.
2025ko aurrekontuak aurkeztu zenituzten orain gutxi. Zein erronka nagusiei egin nahi zaie aurre hauekin?
Nik bi blokeetan banatuko nituzke. Alde batetik, apustu batzuk egin behar ditugu ekonomia berri batzuk sortzeko, etorkizuneko ekonomiak izango direnak. Gipuzkoa txikia dela jakinda eta dauzkagun baliabideak ditugula, ondo hautatu behar ditugu sektore konkretu batzuk, iruditzen zaigulako baditugula zeresana emateko baldintza batzuk. Horiek dira gure proiektu estrategikoak: biozientzia, kuantika, mugikortasun berria, zibersegurtasuna... etorkizuneko apustua dira.
Baina, ez dugu ahaztu behar zer daukagun orain. Beste sektore askotan gaude eta arduratu behar gara horiek mantentzeaz eta bultzatzeaz. Hor hainbat gaiek kezkatzen gaituzte eta aurrekontuak honi guztiari ematen diote erantzuna. Gaur egungo enpresa ehuna mantendu eta lehiakorra izateko garbi duguna da hiru trantsizioei aurre egin behar diegula: ekologikoa, digitala eta demografikoa. Trantsizio demografikoarekin lotuta, talentuaren beharrak, belaunaldien arteko erreleboak eta enpresen hazkundeak eta tamainak kezkatzen gaitu ere bai.
Hemengo enpresa gehienak txikiak direla kontuan hartuta, nola egin diezaiekete aurre eraldaketa digitalari?
Oso lanketa polita egin da hainbat enpresekin. Dagoeneko 200 bat enpresekin aritu gara lanean azken urteetan. Lehenik eta behin, egokitze bat eman behar da, enpresa txiki batek ez du digitalizatu behar digitalizatzeagatik, baizik eta neurtu behar ditu bere indarrak eta diagnostiko bat egin, eraldaketa nondik hasi daiteken eta aukera handienak nahiz onurak nondik aterako dituen ikusteko.
Aurretikako hausnarketa bat behar du, kasu honetan garapen agentzien eskutik bideratu duguna. Bide-orri bat egin eta gero, nik uste dut konplexutasuna zatika erasotu eta landu behar dela. Hasierako diagnostikoa ondo markatuta eduki, ikusi zer arlotan jorratu eta txertatu dezakezun, etekin eta onura gehien atera dezakezun, baina garbi dagoena da joko honetatik kanpo, oso txikiak izan arren, ezin dugula gelditu.
Trantsizio energetikoari dagokionez, industria asko izanik hemen, ikusten dituzu enpresak prest trantsizio horri aurre egiteko?
Ni ziur nago hori iritsiko dela. Lanketa asko dago aurretik egiteko, baina, besteak beste, legedi batek horretara bideratuko gaitu, eta ez da aukerazkoa, baizik eta ia-ia bideratuta dago horra joatea. Gainera, bezero eta merkatuek gero eta gehiago balioan jarriko duten materia da. Nik uste dut baldintzak baditugula, egia da energia aldetik oso erabilpen intentsiboa duten hainbat industria eta enpresa ditugula, eta horrek baldintza batzuk ipintzen dizkigula. Re-think topaketan bertan ikusi zen, tamaina eta sektore desberdinetako enpresak ibilbide bat egiten ari direla, are, legeari aurre hartzen ari direla.
Hainbat proiektu handi ere badaude. Hidrogenoaren erabilpenari buruz hitz egiten da eta ez bakarrik mugikortasunean (hidrogenozko auto elektrikoak), baita industriaren deskarbonizazioaren beste faktore bat bezala ere. Energian intentsiboak diren sektoreetan baditugu hainbat lan ildo irekita.
"Enpresa txiki batek ez du digitalizatu behar digitalizatzeagatik, baizik eta neurtu behar ditu bere indarrak eta diagnostiko bat egin, eraldaketa nondik hasi daiteken ikusteko"
Belaunaldi erreleboaren erronka ere hor dago. Enpresetan prozesu hauek ondo gauzatzeko giltzarria zein da zure ustez?
Kanpotik etortzen den jendeak esaten du ikaragarria dela hemen dugun aberastasun maila. Enpresa baten inguruan, oso kilometro gutxitan, topatu ditzakegu hainbat eta hainbat hornitzaile eta azpi kontratazioko enpresa txiki. Enpresa batek ekoizpen osoa ez du integratuta, baina 20 kilometrotan operazio guztiak egin ditzake. Oso barneratuta dugun hori beste hainbat lekutan ez da hain arrunta. Zer gertatzen da? Pertsonekin baby boom eman zen bezala, garai batean sortu zen enpresa kopuru inportante bat, belaunaldi batek sortutako enpresa asko daude. Horiek pixkanaka erretiro garaira iristen diren heinean, ez dute jarraipenik edo dutenek beste bide batzuk hartu nahi dituzte. Erronka da ez garelako ari enpresa zehatz baten jarraipenaz soilik, enpresa horrek ere baduelako eragina beste batzuengan, kate horretan sartuta dagoelako. Erreleboa emateko langileen parte hartzea aukeretako bat izan daiteke edota lurraldera errotutako eta ikuspegi industriala duten inbertsio funtsetara jotzea.
Nire kezkarik handiena da belaunaldi aldaketa eman behar den enpresetan ahal den azkarren detektatzea. Behin jada detektatuta dagoenean, hainbat ibilbide planteatu daitezke eta lehiakortasun sare eta agenteekin bide orri bat egin.
Inbertsio funtsen afera dela eta, kezkatzen zaitu hemengo enpresen erabaki ahalmena kanpora joatearen arriskuak?
Erabaki ahalmena hemen mantentzea garrantzitsua da. Lurraldera lotuta dauden pertsonek edo enpresa oso gertutik ezagutzen dutenek inplikazio maila handiagoa dute. Multinazionalek erabakiak beste modu batera hartzen dituzte, eta lantoki bakoitza zenbaki bat bezala ikusteko arriskua dago. Azkenean, planta bakoitza errentagarritasun ikuspegi batetik erreparatuta, erabakiak beste modu batera hartzen dira. Denetariko funtsak ditugu, batzuk lurraldeari lotuta daude beste batzuk izaera industrialagoa dute. Lurraldearekiko lotura bat badute inbertsio jakin batzuk egingo ditu, errentagarritasuna beti eskatuko dute, baina beste hainbat faktore baloratuko dira.
Ondo erabiltzen baldin badira, enpresen hazkundea ekarriko dute. Ondo aukeratu behar da funtsa eta Gipuzkoan badauzkagu urrutira joan gabe. Gainera, hazteko aukera ez bada aprobetxatzen, agian gure enpresek baino produktu txarragoa duen beste enpresa batzuk hazi egiten dira denboran zehar eta uneren batean handiagoa denak jan egingo gaitu. Eskalatzea, tamainaz haztea, garrantzitsua da beraz. Tamaina berez ez da ahulezia, enpresa batzuk bere horretan mantentzen dira errentagarritasunari eusteko, baina beste hainbat jardueretan oso poliki eskalatzen dugu, eta aukerak galtzen ditugu bidean. Enpresa handiago batek erosten baditu gure enpresak jakintza edo know-how guztia eta ondo errotuta ez bagaude beste nonbaitera eramateko arriskua dago.

Enpresen lehiakortasunari dagokionez, Orkestraren azken txosten batek dio ez garela hemengo jende guztiaren parte hartzea ondo aprobetxatzen ari, etorkinena eta emakumeena batik bat. Nola ikusten duzu hori?
Txostenean argi ikusten zen kualifikazio handiko etorkinak ere baditugula, askotan beste lan batzuetan daudenak. Tituluen homologazioak eta egoeren erregularizazioak gure kontrolpean ez dauden hainbat legedik nabarmen oztopatzen dituzte. Txostenean inklusioaz hitz egiten da, eta nik uste dut inklusioa bera lehiakortasun faktore bat dela. Enpresa bat noiz dago globalizatuta? Noiz da mundu mailakoa? Nazioartean saltzen duenean? Ez. Nik uste dut hori dela nazioartekotutako enpresa bat. Barne egituran aniztasun kulturala dagoenean dago enpresa bat globalizatuta, jatorri desberdinetako kolektiboak lanean daudenean, eta horrek izugarrizko onurak ditu, baita erronkak ere. Langile guztiak patroi oso beretsua badute, puskatzaileak diren ekintzak topatzea konplexuagoa izango da. Nahasketa horrek nik uste dut izugarrizko potentziala duela eta jauzi kualitatibo bat ematen duela.
"Enpresa bat noiz dago globalizatuta? Noiz da mundu mailakoa? Nazioartean saltzen duenean? Ez. Nik uste dut hori dela nazioartekotutako enpresa bat. Barne egituraren aniztasun kulturala dagoenean dago enpresa bat globalizatuta"
Profil profesional egokiak bilatzeko arazoak dituzte enpresek. Nola ikusten duzu egoera hori?
Zahartzen ari den gizarte batean gaude eta kolektibo desberdinetako pertsonak beharko ditugula argi dago. Ertz askotatik landu beharreko gaia da. Badirudi talentua erakartzea bere garaian kanpora joan ziren gazte erakartzea dela. Hori bada, baina gehiago ere bai. Garrantzia handia du lehen aipatu ditugun etorkin horien potentzialitatea esplotatu ahal izatea.
Herri bezala mapan kokatu behar gara, industria proiektu karrera interesgarriak egiteko aukerak munduan leku askotan daude, baina horien artean hemen ere badaude. Gauza interesgarri asko gertatzen ari dira gure lurraldean. Enpresek ere kultura berritzailea eta punta-puntako kudeaketa izan behar dute proiektua erakargarria izateko. Estrategiak egin behar dira bai talentua erakartzeko, bai mantentzeko, baita barruan dugun hori loratzeko.
Zuen sailean hainbat proiektu dituzue martxan, 2025era begira zer urrats emango dira proiektuotan?
Bakoitza estadio desberdinean dago. Zibersegurtasunaren gaia, adibidez, guretzako oso kritikoa da dugun industria enpresa sareagatik. Proiektuak urte batzuk daramatza martxan eta erronka da kapilarizatzea eta enpresak Ziur nodoan sartzea.
Mubileko zentroa dagoeneko eraikita dago Eskuzaitzetan. Mubileko lantalde teknikoa bertan kokatuta dago eta zentro teknologikoak ere bertan kokatzen hasiak dira. Hurrengo fasea, enpresa pribatuak eta ekoizpen jarduerak ere bertaratzea da, poloa ez delako bakarrik ikerkuntzara bideratuko.
Biozientzietan, 2025ean, jauzi kualitatibo handia emango da eta sektore honi lotutako enpresa berrien garapen eta erakarpenean lan egingo da.
Kuantikako estrategiari dagokionean, 2025an dagoeneko IBMren seigarren ordenagailua Donostian edukiko dugu. Beharrezko den azpiegiturez haratago, sektore honetako ekintzailetasuna eta gure gaur egungo industriak ezagutza hauen erabilpena bermatzea ere landuko da.
"2025eko aurreikuspenak txarrak ez dira, egia da ziurgabetasun puntu bat dagoela geopolitikaren egoera dela eta. 2024ko bilakaera bera mantentzea espero dute enpresek"
2025era begira, zer aurreikuspen dituzte Gipuzkoako enpresek?
Bildu ditugun azkeneko datuak iraila eta urrikoak dira. AEBko hauteskundeen aurretik egindako argazkia da, eta esango nuke oraingo datuen argazkia zertxobait diferentea aterako litzatekeela. 2025eko aurreikuspenak txarrak ez dira, egia da ziurgabetasun puntu bat dagoela geopolitikaren egoera dela eta. Argazkian estabilitate bat azaltzen da. Ez da ikusten 2025a bereziki ona edota txarra izango denik. 2024ko bilakaera bera mantentzea espero dute enpresek. Kontuan hartu behar da esportazioei dagokienez, Estatu Batuek garapen handia izan dutela azken hilabeteetan Gipuzkoan. Beste zenbait merkatu geldotu egin zaizkigu, gure merkatu naturalak ziren Frantzia eta Alemania, esaterako.
Jakin badakigu automozio sektoreak zailtasunak dituela, enpresa handiak fabrikak ixten ari baitira. Aldiz, Alemanian bertan ere, energiarekin edo aeronautikarekin lotutako enpresak badirudi momentuz ondo doazela. Muga-zergak ere zer eragin duten ikusi beharko dugu.