• EKONOMIA
  • Urola Garaiko eragileen lankidetza herritarren mesedetan

Urola Garaiko eragileen lankidetza herritarren mesedetan

Lankidetzazko gobernantza oinarri harturik, elkar hobeto ezagutzeko eta erantzun egokiagoak emateko espazio eta gune ezberdinetan lanean dabiltza Gipuzkoako eskualdean. Urteetako lanaren emaitza da eta bide beretik jarraitzeko asmoa berretsi dute, gaur egungo erronka konplexu eta partekatuei aurre egiteko "bide bakarra" baita

Hirune Iraola UGLEtik, Jon Luqui UGGASAtik eta Miren Ruiz Gurutze Gorritik | Argazkia: Gorka Rubio:Foku
Hirune Iraola UGLEtik, Jon Luqui UGGASAtik eta Miren Ruiz Gurutze Gorritik | Argazkia: Gorka Rubio:Foku
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko uztailaren 20a - 05:30

Lankidetzazko gobernantza kontzeptuari buruz Wikipediak ematen duen definizioa honakoa da: "gobernuak, komunitateko eragile sozialak, ekonomikoak eta kultura arlokoak elkarrekin harremanetan jartzen ditu elkarrekin lan egiteari begira, edozein arlotako eragilek bere kabuz lor lezakeena baino gehiago lortzeko". Aitzitik, teorian hain polita dirudien hori praktikara eramatea ez da hain erraza izaten.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Horretan, lankidetzazko gobernantza praktikan lantzen, ari dira Gipuzkoako Urola Garaia eskualdean. Azken bi eskualdeko lehiakortasun eta berrikuntza planetan (2016koa lehena), lehen ardatza gobernantza izan da. Jon Luqui UGGASA Urola Garaiko Garapen Agentziako presidentearen hitzetan, erraz uler daiteke hori txertatzeko beharra. "Eskualdean orotara 20 erakunde inguru izanik —lau udaletxe, garapen agentzia, mankomunitatea, lanbide heziketako eskola...—, eskualde txikia gara, 25.000 biztanle ingurukoa. Erakunde arteko harremanak beti existitu dira, batzuetan puntualagoak, besteetan egiturazkoagoak. Baina hala izanik ere, elkarrekin lan egitea ez da orain gutxira arte gure lorpenik handiena izan". Elementu hori eskualde planean txertatu denetik, ordea, gauzak aldatu direla iritzi dio Luquik. "Egonkortzen ari dira publiko-pribatuaren artean lan egiteko mahaiak", gehitu du urretxuarrak.

"Uggasara, UGLErengana, Gurutze Gorriarengana edo Ongizateko departamentura doana pertsona edo erakunde berdina da, eta erakunde bakoitzari tiradera desberdinak erakusten dizkio", plazaratu du Miren Ruiz Gurutze Gorriko ordezkariak. "Herritarrek ate bat jotzen dutenean askotan ez dakite zein ate jo duten", gogorarazi du Hirune Iraola UGLE Urola Garaiko Lanbide Eskola Enplegurako Formakuntzarako arduradunak. Argi dute erakunde bakoitzak ez dituela erantzun guztiak. "Baina beste erakundeekin hitz eta lan eginda, horiek errazago lor ditzakegu", gehitu du UGLEkoak. 

 

Elkar ezagutzea ate bakarra eskaini asmoz

Topaguneetan eta lankidetzazko gobernantza oinarri duen lan egiteko modu hori bereziki agerikoa da Gizlan sarean, eskualdean gizarteratze eta laneratzea lantzen duena, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Elkar-Ekin Lanean estrategia abiapuntu. Izan ere, gaiari heltzea lehentasun kontua bilakatu da demografiak, lan merkatuaren bilakaerak, giza eskubideak babesteko beharrak... azken urteetan izandako bilakaeragatik. Hain zuzen ere, esparru horrek dimentsio asko hartzen ditu: paperak lortzea lan egiteko; errolda; ikastaro, formakuntzak eta horien homologazioa; etab.

Gizlan sareak mahai politiko-teknikoa du, urtean behin biltzen dena, eta estrategiak definitu eta norabidea markatzea ahalbidetzen duena. Horrekin batera, mahai teknikoa ere badu, lankidetzazko gobernantzaren bitartez enplegu inklusiboaren aldeko ekintzak bultzatu eta koordinatzeko. Luqui lehenengoaren parte den bitartean, Iraola eta Ruiz bigarrenean ari dira parte hartzen, UGLE eta Gurutze Gorriko ordezkari gisa. Uggasak errazten du dena. "Lan hori egitea oso garrantzitsua da. Norbait egon behar da hor hau guztia aurrera eramateko", adierazi du Gurutze Gorrikoak. "Bada artzain bat, noski, baina proiektuaren arabera ez du zertan beti pertsona bera izan; funtzionatzeko modua ez da bertikala", plazaratu du Luquik. "Nik ez dut sentitu ezer inposatu denik", gehitu du Iraolak.

"Udaletxeetako arlo sozial zein enpresa arloko teknikariak, enpresak... oso arlo anitzetako hainbat erakundek parte hartzen dugu honetan, eta sarean lan egiten dugu", azaldu du UGLEkoak. Elkartzeak ahalbidetzen die pertsona zein erakunde bezala elkar ezagutzea, baita albokoak zer egiten duen jakitea ere. Izan ere, eskualde txikia izanik ere, sarri ez zekiten alboko erakundea zertan ari zen. "Bileretan mahai gainean jartzen diren galderetan beti dago norbait gaia ezagutzen duena edo informazioa duena erantzuna eman ahal izateko", esan du Hirunek. Horri esker, norbait dirulaguntzez galdezka badoa eurengana, argi dute norengana bideratu behar duten edo telefonoa hartu eta bertako pertsonari deitu ahal izatea, elkar ezagutzen dutelako. "Orain bideratzeko bidea dugu; eta segurtasuna ere ematen digu", azpimarratu du. 

Hirune Iraola (UGLE): "Herritarrek ate bat jotzen dutenean askotan ez dakite zein ate jo duten. Guk ez ditugu erantzun guztiak, baina beste erakundeekin hitz eta lan eginda, horiek errazago lor ditzakegu"

Diagnostikoarekin erabat bat dator Ruiz. "Guregana, Gurutze Gorria izanik, zenbaitetan datoz laguntza eske. Baina zein laguntza? Jateko dirua? Formakuntza? Bileretan landutakoari esker erantzun egokiagoa eman ahal diegu". Erantzuna, beraz, integralagoa eta integratuagoa da herritarrentzat. 

Urola Garaiko eragileak, solasean | Argazkia: Gorka Rubio:Foku
Urola Garaiko eragileak, solasean | Argazkia: Gorka Rubio:Foku

Gaiek duten izaera "poliedrikoa" azpimarratu du Luquik, eta gaiari erantzun pertsonalizatuagoa emateko aukera, pertsonaren egoeraren arabera. "Uste dut balio erantsi handia duela kanpora begira eskaintzen den hori izatea ate bakar moduko bat", adierazi du UGGASAko lehendakariak. "Bestela, beraiek ere askotan sentitzen dutelako ziba baten moduan joan behar izaten direla alde batetik bestera", nabarmendu du Gurutze Gorrikoak. "Oro har, eragileok elkartzeko espazio fisiko hori bera izatea garrantzitsua da, beraz", gehitu du.

Lankidetza eskaintza egokitzeko

Erakundeei, aldi berean, eskaintza hobeto aztertu eta egokitu ahal izatea ahalbidetzen die mahaietan halakoak partekatzeak. Esaterako, ikastaro bat noiz, nola edo non egin erabakitzeko. "Askotan formakuntza bat prestatzen dugu. Baina benetan behar al dituzte? Hori aztertzen hasten gara. Zein profiletako pertsonak daude? Edota, lan bila badatoz, lan egiteko zein ezagutza dituzte? Askok motxila izaten dutelako. Halakoak jartzen dira mahai gainean, eta begiak ireki dizkigu", azaldu du Ruizek. "Gure lana ere bada bertan aztertzen eta ikusten denaren arabera baliabideak finkatzea. Noski, batzuetan asmatuko dugu, eta besteetan ez", nabarmendu du Luquik. Joko arauak, nolabait esatearren, elkarlanean finkatzen dira. 

"Uste dut lan egiteko modu honek zentzua duela, erantzun egokiagoei bide egiteko, dinamikak egiten baititugu", kontatu du Gurutze Gorrikoak. Izan ere, proiektuak formatzeko aukera ere eskaini die eurak ezarritako lehentasuneko gaietan, tartean, Atzerritartasun Legea edo dibertsifikazioa. Formakuntza horiek lankidetzazko gobernantzako mahaietan finkatzen badira ere, aparteko saioetan gauzatzen dira. "Horri esker egunean egon ahal gara, eta ezagutza zabaldu. Eskertzekoa da, bestela gure egunerokotasuneko lanean horiek ezagutzeko aukera ez dugulako eskuragarri. Legea betetzea ez da erraza", esan du Ruizek.

Jon Luqui (UGGASA): "Uste dut balio erantsi handia duela kanpora begira eskaintzen den hori izatea ate bakar moduko bat"

Orain aste batzuk mahai politiko-teknikoaren bilera egin zuten, eta bertan izan zen Luqui bera. "Lorturiko emaitzak partekatu ziren programa bakoitzari dagokionez eta poz apur bat hartzen duzu, bide onetik zoazen edo ez ikusteko ere balio duelako". Izan ere, hori baita gakoa: lan egiteko moduak eman dituen emaitza onak.

Urratsez urrats 

Lan egiteko modu horrek, dena den, badu zer hobetu, esaterako, pribatu eta publikoaren arteko lankidetzari dagokionez, Luquiren hitzetan, edota "alde politikoa eta teknikoa geroz eta gertuago aritzea". Horrekin batera, egonkortu ahala eragile berriak gehitzen joatea eta "amu berriak" botatzea ere ezinbestekotzat jo dute, ez soilik Gizlanek lantzen duen esparruan, baizik eta oro har. "Enpresekin, esaterako. Harremana areagotzea ezinbestekoa da". 

Erronkekin ere egiten du topo etengabe lan egiteko modu horrek. Esaterako, erakunde batean pertsona aldaketa bat gertatzen denean, lan egiteko modura egokitu behar baita. "Egia da horrek ere baduela bere alde positiboa. Zu egunerokotasunera ohituta zaudenez, normaltzat hartzen dituzunak igual kanpotik datorren batentzako ez dira normalak eta begiak irekitzen dizkizu. Egokitzapen edo aldaketa horiek ondo etor daitezke", adierazi du Iraolak. 

Miren Ruiz (Gurutze Gorria): "Uste dut lan egiteko modu honek zentzua duela, erantzun egokiagoei bide egiteko, dinamikak egiten baititugu"

Enplegu plana ere egin beharko dute, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Legeak ezarri bezala. "Hori ere eskualde bezala antolatzea gako izango da, eta gure esku egongo da", mahaigaineratu du Luquik.

Orain gutxi garapen agentziaren estatutuak berritu dituzte, eta eskualde plana ere uda ostean onartzekoa da. Bietan ala bietan ageri da gobernantza hitza. "Jarraitzea da gakoa", amaitu du Ruizek. 
 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain