• EKONOMIA
  • Nikaraguatik Ezkiorainoko ibilbide bat

Nikaraguatik Ezkiorainoko ibilbide bat

UGGASAk koordinatutako Gizlan sarearen bidez orain bi urte Lauki Toki galdategian hasi zen lanean Kirvy Morales nikaraguarra. Sareak gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea du helburu, eta eratu zutenetik ehun pertsona baino gehiagok hartu dute parte

Kirvy Morales eta Jose Mari Calvo, Lauki Toki galdategiko langile eta gerentea | Argazkia: Jon Urbe / Foku
Kirvy Morales eta Jose Mari Calvo, Lauki Toki galdategiko langile eta gerentea | Argazkia: Jon Urbe / Foku
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026eko otsailaren 12a - 05:30

Orain bost bat urte iritsi zen Kirvy Morales nikaraguarra Euskal Herrira. Sorterriko egoera sozioekonomiko eskasak herrialdetik alde egitera behartu zituen bera eta bere emaztea, eta Legazpira (Gipuzkoa) etorri ziren. Ailegatu eta berehala, bizitza aurrera atera ahal izateko, lanean hasi zen Morales han eta hemen, obran, uzta biltzen, zaintza lanetan… “Lan merkatu formalean sartzeko aukerarik ez nuen, eta zenbait lan prekarioetan aritu nintzen”. Hala zebilela, Zumarragako UGLE Urola Garaiko Lanbide Eskolara gerturatu zen langabeentzako ikastaroei buruz galdezka. Eskolakoek UGGASA Urola Garaiko Garapen Agentziarekin jarri zuten harremanetan, eta azken horrek mig mag eta elektrodoen soldadura ikastaro bat egiteko aukera eskaini zion.

 

“Elkarrizketa pertsonal bat eta gaitasunen gaineko kurtso bat egin behar izan nituen, hautagai asko zeudelako”, gogoratu du Moralesek. Elkarrizketa egiteaz Maria Antonia Elgarresta UGGASAko inklusio teknikaria arduratu zen: “Ordubeteko konbertsazio luze bat egin ohi dugu, pertsonaren egoera ezagutzeko, motibazio maila baloratzeko, eta ibilbidearekin aurrera egiteko kapaz ikusten dugun jakiteko. 60 pertsona elkarrizketatu genituen eta hamabost pertsonako taldea sortu zen”.

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Elkarrizketa fasea gaindituta, Zumarragako zentroan sei hilabeteko ikastaroa burutu bitartean, adineko gizon bat zaintzen aritu zen nikaraguarra, bizitzako gastuei aurre egin ahal izateko. Behin formakuntza amaitu ostean, Ezkioko (Gipuzkoako) Lauki Toki galdategian bi hilabetez praktikak egin zituen. “Zortea izan nuen, galdategi hau ez baita arlo jakin batean espezializatzen. Denetatik egiten da hemen, eta postuz postu txandaka ibili nintzen fabrikazio mekanikoaren inguruan ahalik eta gehien ikasteko asmoz”.

 

Kirvy Morales: "Formazio profesionaleko ziurtagiriak aukera ematen dizu lan kontratu bat izateko, eta azken hau da gizarte kontuengatik erresidentzia lortzeko atea irekitzen dizuna, zeina, funtsean, modu erregularrean egoteko beharrezko dokumentua den”

Praktikaldia bukatzean, nikaraguarrari kontratua eskaini nahi izan zion Lauki Tokik, baina migratzailearen erregularizazio prozesua gauzatzea espero baino zailagoa izan zen. “Garai hartan, formazio profesionaleko ziurtagiriak aukera ematen zizun lan kontratu bat izateko, eta azken hau da gizarte kontuengatik erresidentzia lortzeko atea irekitzen dizuna, zeina, funtsean, modu erregularrean egoteko beharrezko dokumentua den”, argitu du Moralesek.

Bada, sei hilabete igaro ziren bere egoera erabat erregularizatu eta enpresarekin lan kontratua izenpetzeko. “Kontratu eskaera bat egin genuen eta baimena lortu arte sei hilabete igaro ziren. Hori ez da posible; tramite horiek azkartu egin behar dira”. Jose Mari Calvo Lauki Toki galdategiko gerentearen hitzak dira.

Gizlan: gizarteratzea eta laneratze inklusiboa

“Denborak eta epeak hobetzen ari dira, baina immigrazio bulegoak kolapsatuta daude. Guk gaur soldadura ikastaroko taldean 16 pertsona ditugu, baina horietatik 8-9 erregularizazio prozesu batean daude. Formakuntzaren bidez, errotze sozioformatiboaren baimena eskatu dute, eta hori jaso zain daude", dio Elgarrestak.

Urola Garaiko Garapen agentziak 2021etik darama Gipuzkoako Foru Aldundiaren enplegu inklusiboa bultzatzeko Elkar-Ekin Lanean lurralde estrategian parte hartzen, eta horren baitan eta eskualdeko mailara jaitsita, Gizlan deituriko gizarteratze eta laneratze sarea abiatu zuen. Sare horretako kide dira Urola Garaiko udalerrietako lau udalak (Zumarraga, Urretxu, Legazpi eta Ezkio-Itxaso), Caritas, Gureak, Zumarragako Lanbideren bulegoa, UGLE eskola, Urola Garaiko Berdintasun arloa, Gureak, ZUMAS Zaindu eta FTSI. “Gizarteratze eta laneratzean lan egiten duten erakundeen arteko sarea gara. Gure helburua da gure artean esku-hartze eraginkorragoak egitea, lan egiteko modu berriak garatzea, askotariko laneratze ibilbideak diseinatzea, kalitatezko enplegua sortzea, eta arrisku egoeran dauden pertsonak lan mundura gerturatzea, guztien artean eskualdeko egoera hobetzeko”, azaldu du agentziako teknikariak.

Maria Antonia Elgarresta (UGGASA): “Gizarteratze eta laneratzean lan egiten duten erakundeen arteko sarea gara. Gure helburua da gure artean esku-hartze eraginkorragoak egitea, lan egiteko modu berriak garatzea, eta askotariko laneratze ibilbideak diseinatzea"

Moralesek sare horren elkarlanari esker lortu zuen bere egoera erregularizatu, eta Euskal Herrian lan eta bizi ahal izatea. Finean, Gizlan sareak diseinatutako ibilbidea egin ahal izan zuen. Ibilbide hori hasteko, baina, erakartze lan bat dago aurretik: “Pertsona horiek gure ibilbideetan parte hartzeko hurbildu egin behar dira guregana, eta horretarako ekintzak antolatu behar ditugu. Geroz eta zailagoa da pertsona horiek erakartzea”, kontatu du Elgarrestak.

Ibilbide hori eraikitzeko “beste zutabea” eskualdeko enpresak dira, eta horiekin ere atxikitze lana egin behar da, sarean parte hartu dezaten. “Enplegu inklusibo baten alde konpromiso handiagoa izatea lortu nahi dugu, enpresek sentsibilitate handiagoa izatea. Praktiketarako geroz eta pertsona gehiago ditugu, eta enpresa txikiak sentsibleagoak dira, baina enpresa handiei gehiago kostatzen zaie”, gehitu du teknikariak.

bb 20260202167723
Kirvy Morales orain bost urte iritsi zen Euskal Herrira | Argazkia: Jon Urbe / Foku

UGGASA dinamizatzaile

Urola Garaiko garapen agentzia Gizlan sarea dinamizatu nahiz koordinatzeaz eta sareko partaideekin ibilbideak diseinatzeaz arduratzen da. “Formakuntza, gizarte eta lan arloko prestakuntza, talde orientazioa, banakako tutoretzak eta enpresekin bitartekaritza" eskaintzen ditu agentziak. Gizlanen "lehen ibilbidea" 2020an antolatu zuten. 15 pertsonako talde batek parte hartu zuen. 2021-2022an egin zen bigarren deialdia, eta 30 pertsona izan ziren orduan. 2022-2024an 69 partaide izan ziren, eta orain apiriletik aurrera gizarte bazterkeria arriskuan diren 60 pertsona izango dira deialdi berrian. Hortaz, guztira 129 pertsona igaro dira saretik hura eratu zenetik.

UGGASAk osasun-zaintza, oinarrizko konpetentzia (matematika eta hizkuntza), soldadura eta haragi produktuen salmenta, manipulazioa eta prestaketa arloko formakuntzak eskaintzen ditu, besteak beste, eskualdeko enpresa nahiz sareko partaideen ezaugarri nahiz premiak aintzat harturik. “Gure eskualdean industriak pisu handia du, baina egia da enpresa handiek kualifikazio maila handiagoa eskatzen dutela, eta momentuz gutxi dira gizarteratze proiektu hauetan parte hartzen ari direnak", adierazi du Elgarrestak. “Mekanizatu arloan antolatzen ditugu formakuntzak batzuetan, baina zailagoa da laneratzea. Soldaduran, aldiz, ikusten dugu emaitza onak ateratzen ditugula”.

“Gure eskualdean industriak pisu handia du, baina egia da enpresa handiek kualifikazio maila handiagoa eskatzen dutela, eta momentuz gutxi dira gizarteratze proiektu hauetan parte hartzen ari direnak"

2022-2024 aldian, esaterako, 69 parte-hartzaileetatik 59k erdietsi zuten lan kontratu bat aipatutako esparru horietakoren batean, eta 2025ean, harategi ofiziorako prestakuntza errepikatu eta ibilbidea hasi zuten 14 pertsonetatik 8k lortu dute kontratazioa lan merkatuan. “Ibilbideak antolatu aurretik prospekzioa egiten dugu, eta duela bi urte antolatu genuen lehen aldiz Elika deitzen diogun ibilbidea, harategi eta urdaitegietan lan egiteko. Horretarako, harremanetan jarri ginen Eroski, Uvesco edota Carrefourrekin, eta ikusi genuen prest zeudela pertsonak praktiketarako hartzeko beraien supermerkatuetan”.

Halaber, migratzaileentzat zaintzarena da merkatu garrantzitsuenetakoa. "Sarean parte hartzen duten pertsona askoren egoera administratiboa formakuntza horren bitartez erregularizatzea lortzen dugu. Emakume askok zaintza arloko ziurtagirietara jotzen dute. Erregularizatzeko modua da eta merkatuak ere behar handia du”, azaldu du Elgarrestak.

bb 20260202167744
Lauki Toki galdategiaren barnealdea | Argazkia: Jon Urbe / Foku

Soldadura munduan barna

Sei hilabeteko formazioa, bi hilabeteko praktikak eta beste sei hilabete bere egoera erregularizatzeko esperoan, urtebete baino gehiago igaro zen Moralesek formakuntza hasi eta lan kontratua lortu zuen arte. Orain bi urte hasi zen Lauki Tokin lanean eta galdategiko laser bidezko mozketa makinaren arduraduna da gaur-gaurkoz. “Enpresak nire alde egin zuen beste apustu bat da, makina operatzeko formatu baininduten. Metalezko materiala jaso, planoak makinara eraman, diseinatutakoa moztu eta piezak beste langileei banatzen dizkiet”, azaldu du nikaraguarrak.

Gauzak horrela, pozik da soldadura munduan sartu izanagatik, nahiz eta beste batzuetan lan egiteko aukera izan. “Agian, haragi sektoreko formakuntza egin izan banu harakina nintzateke orain, baina soldadurarekin kontaktua egin nuenetik oso gustura ari naiz”.

Jose Mari Calvo: “Guri asko lagundu digute, langile berriak lortzea ez baita erraza. Profesional falta dago sektorean”

Enpresan ere pozik dira langilearen lanarekin eta Gizlan sareak eginiko ekarpenarekin. “Guri asko lagundu digute, langile berriak lortzea ez baita erraza, profesional falta dago sektorean”, aitortu du Calvok.

14 langile ditu egun Ezkioko galdategiak, eta Morales langile baten erretiroa dela eta hasi zen lanean. “Garai onenetan 18 langile izatera iritsi gara, baina azken urteetan 14 eta 16 artean ibili gara beti. Marjina handirik ez dugu eta dena eskariaren premietara doitu beharra dago”, gaineratu du gerenteak.

30 urte pasatxoko galdategia

1995ean sortutako galdategia da Lauki Toki. Haren aurretik zonaldean zegoen galdategi bateko langileek euren langabezia kapitalizatuta eratu zuten. Aurreko galdategiak itxi egin behar izan zuen 1992-1993 bitarteko ekonomia krisiaren ondorioz. “31 urte beteko ditugu, eta hemen jarraitzen dugu, borrokan. Ez dugu erlaxatzeko astirik izan”, dio Calvok.

Calvo bera izan zen langabezia kapitalizatu eta galdategiaren lau sortzaileetako bat. Horietatik bik 2009an hartu zuten erretiroa, eta, hartara, bi bazkide nagusi ditu orain enpresak. “Operario izatetik enpresari bilakatu nintzen egun batetik bestera. Bankuekin negoziatu eta bestelakoak azkar ikasi behar izan genituen”, gogoratu du.

1995ean sortutako galdategia da Lauki Toki. Haren aurretik zonaldean zegon galdategi bateko langileek euren langabezia kapitalizatuta eratu zuten

Soraluce, Danobat, GH Guerra Hermanos, Fagor, Ampo eta Hobeki dira Ezkioko galdategiaren bezero nagusiak. 2024an, 1,8 milioi euroko fakturazioa izan zuen; iaz, aldiz, 1,6 milioi eurokoa. “Inguruan urte luzeko bezeroak ditugu, eta eurek eskatzen dizkiguten epe eta kalitate baldintzak betetzen ditugu".

Negozioa haztea nahiko luke Calvok, baina "irensteko gai den hozkadak eman" nahi ditu. Iazko urritik, fabrikari itsatsita dagoen pabiloia bereganatu berri du Lauki Tokik, eta horrek aukera eman die galdategiko piezen antolaketa hobetu eta lan fluxua azkartzeko. "Gaitasuna handitu dugu eta orain lana behar dugu".

bb 20260202167709
Lauki Toki galdategia Ezkion | Argazkia: Jon Urbe / Foku

Puzzle handi bat

UGGASAk, etorkizunera begira, beste esparru batzuetarako formakuntzak eskaintzea aztertu du, baina eskualdeko enpresen eta Gizlan sareko parte-hartzaileen ezaugarriez gain, bada kontuan hartu beharreko beste alderdi bat: atzerritar legea. Horren erakusle, eraikuntza sektoreko formakuntza eskaintzea planteatu izan du Urola Garaiko garapen agentziak, baina atzerritar legeak profesionaltasun ziurtagiri jakin batzuk onartzen ditu soilik, eta gerta liteke Gizlan sarearen baitan antolatutako eraikuntza sektoreko formakuntzak migratzaileen erregularizaziorako balio ez izatea.

Orain gutxi Espainiako Gobernuak 500.000 migratzaileren egoera erregularizatuko lukeen neurria iragarri zuen. Elgarrestak dio oraindik ez dakitela neurri horrek nola eragingo dion sarearen lanari. “Gure proposamenak etengabe egokitzen ari gara bai merkatuari, bai langabezian dauden pertsona horiei, bai bestelako aldaketa guztiei. Puzzle handi bat da dena”.

“Kirvyk ibilbidea orain dela bi urte amaitu zuen, baina UGGASAk oraindik badu harremana berarekin. Sare hori bizirik mantendu nahi dugu"

Egoera erregularizatuta eta bi urtez lan kontratu batekin arituta ere, Moralesek “ikasten eta hobetzen” jarraitu nahi du. Beste ikastaroren bat egiteko aukera ez du baztertzen nahiz eta lanez kanpo bi seme-alaba hazteko ardura izan. “Orain laserrarekin nabil, baina ondo etorriko litzaidake ekipo industrialen mantentze-lanari duari buruzko ikastaroa egitea”, azaldu du.

UGGASArekin harremana mantentzen du, baita Lanbiderekin ere. “Kirvyk ibilbidea orain dela bi urte amaitu zuen, baina UGGASAk oraindik badu harremana berarekin. Sare hori bizirik mantendu nahi dugu, bai sareko eragileekin, bai programetan parte hartzen duten pertsonekin”, gaineratu du UGGASAko inklusio teknikariak.