“Enpresa-sarearekin lotura zuzen eta eraginkorra” sortzea eta “pertsonen talentua garatzea” izango dira Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) aurkeztu dituen Lorpen eta Osatu ibilbide estrategikoen helburuak. Bi ibilbideak Hazilan programaren barruan kokatzen dira, zeinaren xedea den eskualdeko enplegagarritasuna indartzea.
Biak ala biak lan bila dabiltzan pertsonentzat edota ibilbide profesionala eraldatu nahi dutenentzat pentsatuta daude, eta bi kasuetan eskatuko da Lanbide Heziketako edo Unibertsitateko titulazioa izatea. Lorpenen kasuan, izen ematea irekita dago jada, eta antolatzaileek azaldutakoaren arabera, “laguntza indibidualizatuan oinarritutako” ibilbidea da. Apirilaren 16an emango zaio hasiera, eta parte hartzaileek euren profil profesionala landuko dute, “lan merkatuaren erronka berritara modu eraginkorrean” egoki daitezen.
Osatu ibilbidea beranduxeago hasiko da, azaroan. Programa hau taldeko saio dinamikoetan oinarrituko da, non landuko diren enpresek eskatzen dituzten zenbait gaitasun profesional. Gainera, saioak amaitzea praktiken txanda iritsiko da: parte-hartzaileek eskualdeko enpresetan “esperientzia erreala lortuko” dute.