• EKONOMIA
  • Urtea amaitu aurretik hasiko dira Labrazako parke eolikoa eraikitzeko lanak

Urtea amaitu aurretik hasiko dira Labrazako parke eolikoa eraikitzeko lanak

Parkeak EAEn instalatuta dagoen gaitasun eolikoa %26 handituko du. Ecay enpresa nafarra arduratuko da eraikitzeaz

Argazkia: Iberdrola
Argazkia: Iberdrola
2025eko irailaren 23a - 15:12

Iberdrolak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak Labrazan (Araba) eraiki asmo duten parke eolikoaren proiektuak aurrera jarraitzen du. Izan ere, Aixeindar sozietateak iragarri duenez, parkea eraikitzen hasteko obra lizentzia guztiak lortu ditu.

 

2006tik Euskal Autonomia Erkidegoan martxan jarriko den lehen parkea izango da, eta dagoeneko uztailean eskuratu zituen beharrezko baimen guztiak. Halaber, Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Sailak interes publikoko instalazio izendatu du.

Parkea eraikitzeko lanak Ecay enpresa nafarrari esleitu zaizkio, eta aerosorgailuak Siemens-Gamesari, zeinak 5 MWeko zortzi aerosorgailu ekoitziko dituen. Azpiestazioa EDS Ingeniería y Munt enpresaren esku egongo da, Galdakaon (Bizkaia).

 

Lanak aurtengo azken hiruhilekoan hastea aurreikusten du Aixendarrek, eta urtebeteren buruan parkea amaituta egotea kalkulatu dute. 40 MW-eko parke eoliko hori instalatuz gero, gaur egun EAEn eraikita dagoen potentzia eolikoa %26 handituko litzateke, Iberdrola eta EEEren arabera. Era berean, Labrazako parkeak 90 lanpostu sortzea aurreikusi dute.

Aixeindarrek ohar bidez argitu du parkeak hegaztiak eta biodibertsitatea babesteko hainbat neurri "berritzaile" hartu dituela kontuan, hala nola hegazti sentikorrak hautemateko gailuak instalatzea.