• EKONOMIA
  • Urtero 30 abokatu gutxiago Gipuzkoan

Urtero 30 abokatu gutxiago Gipuzkoan

Geroz eta gutxiago izateak eta ofiziozko guardietako eta txandetarako betebeharrek zaildu egiten dute abokatutzaren etorkizuna

Donostiako epaitegia | Argazkia: Haizea Solagurenbeaskoa
Donostiako epaitegia | Argazkia: Haizea Solagurenbeaskoa
Haizea Solagurenbeaskoa
2026ko maiatzaren 15a - 05:30

Abokatuak zientzia juridikoetan espezializatutako pertsona da. Epaiketetan ez ezik, auzibidetik kanpo ere aritzen den profesionala da. Pertsonen zein enpresen interes publiko edo pribatuak aholkatzen, defendatzen eta ordezkatzen ditu; izan kontratuen negoziazioan, izan erreklamazioen erredakzioan, izan gatazken bitartekaritzan.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Egun Gipuzkoan 1.907 abokatu daude kolegiatuta, baina 1.513 dira abokatutzan aritzen direnak. Hau da, salaketa tartekatu edo epaiketa egin dezaketenak, adibidez. Lanbidea, nabarmen, bulego txikiek osatzen dutela azaldu dio EnpresaBIDEAri Sergio Guimerans Ausejok Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko idazkariak; zehazki %90 bulego txikiak dira, gehienak pertsona bakarrekoak. Badira handiak ere, urtez urte hazten ari direnak, txikiak ez bezala. Izan ere, egun, abokatutzan hasten diren gazteen erdiak kontratu batekin egiten du, dela enpresa pribatukoa, dela abokatu bulegokoa. Abokatuen adin batezbestekoa altua dela adierazi du idazkariak: 51 urtekoa. Gainera, azpimarratu du urtez urte sektorea uzten dutenak gehiago direla lanbidera batzen direnak baino. Zehatzago esanda, urteko balantzean 30 abokatu gutxiago daude Gipuzkoan eta egun duela hamar urte baino 250 gutxiago dira. Joera mantenduta, 10 urte barru arazoak izango dituztela aurreratu du Abokatuen Elkargoko idazkariak, ofiziozko txandetan behinik behin.

Ofiziozko guardien eta txanden antolaketa

Abokatuen Elkargoa sektoreko profesionalak batzen dituen entitatea da. Espainiako Estatuan nahitaezkoa da abokatuak elkargoko kide izatea. Entitatearen egitekoen artean kokatzen da, besteak beste: lanbidearen jarduna antolatzea, abokatuen interesak defendatzea eta etika profesionala (deontologia) zaintzea.

 

Abokatuek kasu partikularrak zein ofiziozkoak kudeatzen dituzte. Partikular izendapena dute pertsona zein entitateek abokatuarengana auzi batekin zuzenean jotzen dutenean. Aldiz, ofiziozkoa Espainiar Estatuko Konstituzioak definitzen duen “doako laguntza juridikorako eskubideari” lotutako zerbitzua da. Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzaren ardurapean badago ere, herrialde bakoitzeko Abokatuen Elkargoa da horren kudeaketa egiten duena. Ofiziozko txanden barruan guardiak eta txandak aurki daitezke.

Guardia egunean abokatuak eskuragarri egon behar dira, edozein unetan deia jaso eta asistentzia egiteko. Horretarako, haien mugikorretara desbideratzen da abisua

Guardia urteko egun guztietan bermatzen den zerbitzua da, eguneko 24 orduetan. Bost guardia mota zeuden orain arte: atzerritartasunekoa, adin txikikoa, genero indarkeria, atxilotuak artatzekoa gazteleraz eta atxilotuak artatzekoa euskaraz. Artikulua idatzi bitartean seigarrena sortu da: indarkeriaren arloko epaitegian ikertuari laguntzea. Azken hori, ordea, astelehenetik ostiralerakoa izango da. Guardia bakoitza Gipuzkoako barruti judizial guztietan bermatzen da. Hau da, justizia-administrazioaren oinarrizko lurralde-unitateetan. Gipuzkoan zehazki hauek dira: Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Irun eta Tolosa. Guardia motaren eta barruti bakoitzaren arabera abokatu kopuruak aldatzen dira. Esaterako, atxilotuari laguntza penala emateko gazteleraz Donostian 6 profesional daude egunero; aldiz, Azpeitian, Bergaran, Tolosan eta Eibarren bakarra. Biolentziako guardian, berriz, Irunen, Tolosan eta Donostian 3 abokatu daude eta 2 gehiago errefortzu moduan.

Guardia egunean abokatuak eskuragarri egon behar dira, edozein unetan deia jaso eta asistentzia egiteko. Horretarako, haien mugikorretara desbideratzen da abisua. Neurri hori pandemia garaian ezarri zen. Ordura arte, guardiako telefonoaren bila norbere barruti judizialera joaten ziren goizetan.

Txandak, guardiak ez bezala, beharraren arabera antolatzen dira. Abiapuntua “doako justizia” eskaera da

Espetxe Orientzaiorako eta Asistentzia Juridikorako Txanda (EOAJT) ere guardien barruan kokatzen da, nahiz eta, funtzionamendu ezberdina eduki. Zerbitzu horretan presoei asistentzia juridikoa bermatzeko espetxera bisitak egiten dituzte abokatuek. Urte hasieran antolatzen eta esleitzen dira bisita horiek astelehenetik ostiralerako arratsaldeetan.

Txandak, guardiak ez bezala, beharraren arabera antolatzen dira. Abiapuntua “doako justizia” eskaera da. Pertsona batek eskaera egitean hainbat agiri aurkeztu behar ditu. Ondoren, Elkargoak egoera aztertzen du. Alde batetik baldintzak betetzen diren eta, bestetik, kausa juridikoak oinarririk baduen. Bata zein bestea betetzen badira, eskaera egin duen pertsonari abokatua izendatu eta zerbitzua eskaintzen zaio. Aldiz, baldintzak betetzen ez baditu abokatu bera modu partikularrean kontratatu dezake.

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko liburutegia II
Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko liburutegia | Argazkia: Haizea Solagurenbeaskoa

Gero eta abokatu gutxiago eta helduagoak

Ofizioko txandetan sartzeko abokatuek egiaztatu behar dute hiru urte izan direla kolegiatuta, gutxienez, eta hainbat ikastaro egin dituztela. Gaur egun 512 bat abokatu daude Gipuzkoan ofiziozko txandetan izena emanda. Kolegiatuta daudenen herena dira. Bilakaera, aldiz, beheranzkoa dela dio Guimeransek.

Kontuan hartzeko beste datu bat da abokatu horien adinaren batez bestekoa: 53 urte. Orokorra baina bi urte gehiago. Horregatik, belaunaldi berriak ofiziozko txandetan sartu ezean, zerbitzua bermatzeko zailtasunak izango dituztela aurreikusten du Abokatuen Elkargoko idazkariak. Are gehiago, dagoeneko zailtasunak izaten hasi dira barruti batzuetan.

Gaur egun 512 bat abokatu daude Gipuzkoan ofiziozko txandetan izena emanda. Kolegiatuta daudenen herena dira. Bilakaera, aldiz, beheranzkoa dela dio Guimeransek

Hain zuzen ere, egoera iraultzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Abokatuen Elkargoek txosten bateratua aurkeztu zioten Eusko Jaurlaritzari 2025eko irailean. Txostenean ofiziozko txandetan sartzeko hiru urteko antzinatasuna kentzea proposatzen zuten. Egun ez da aurrera atera ekimena, idazkariaren aburuz, eskumena Eusko Jaurlaritzarena den edo ez ulerkera ezberdinak daudelako.

Erretiroak eta hasierak, zubi posible bat

Abokatutzan hastea ez ezik, jubilatzea ere zaila dela azaldu du Guimeransek. Izan ere, auziak bi eta bost urte arteko prozesuak izan daitezke. Horrek bulego txiki batean jubilatu nahi duen abokatuari aurreikuspen handiarekin antolatzea suposatzen dio. Besteak beste, hainbat urte lehenago kasuak hartzeri uztea, ondoriozko diru iturri murrizketarekin. Egoera hori aukera bat izan daitekeela uste du idazkariak. Abokatu gazteak praktiketan hartuta bulegoa mantentzeko, erretiroa errazteko eta gazte belaunaldiei hasieran laguntzeko zubi posible bat.