• EKONOMIA
  • Uztailera arte, egunean 107 lan istripu izan dira EAEn, Osalanen arabera

Uztailera arte, egunean 107 lan istripu izan dira EAEn, Osalanen arabera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 22.500 lan istripu baino gehiago jazo dira 2025eko lehen zazpi hilabeteetan

Lan istripuen aurkako manifestazioa | Argazkia: Europa Press
Lan istripuen aurkako manifestazioa | Argazkia: Europa Press
2025eko abuztuaren 13a - 11:50

Euskal Autonomia Erkidegoan 22.514 lan istripu izan dira uztailera arte, Osalanek emandako datuen arabera, iazko epe berean baino %7,6 gutxiago. Hala, egunero 107 lan istripu jazo dira Araban, Bizkaia eta Gipuzkoan, bai lanpostuan, bai lanerako bidean edo itzulian (in itinere). Lanaldiko istripuak (lanpostuan jazotakoak) 18.978 izan dira eta in itinere zenbatutakoak 2.504.  

 

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen arabera, 2025eko urtarrila eta uztaila artean, 19 lan heriotza izan dira, 2024ko epe berean baino bat gehiago. Era berean, 113 zauritu larri zenbatu dituzte (2024an 131).

Lanaldiko istripu guztietatik 18.864 arinak izan dira (-%8), ehun larriak (-%7,4) eta 14 hilgarriak (2024an 15). In itinere ezbeharretatik 2.486 (-%3,2) arinak izan dira, 13 larri (2024an 23) eta bost hildako (hiru urtebete lehenago).

 

Urtarrila eta uztaila bitartean lanaldian ezbehar-tasa handiena izan duen sektorea zerbitzuena izan da (9.936 istripu), ondoren industria (6.445), eraikuntza (2.299) eta azkenik, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza (298 baja).

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan urteko lehen zazpi hilabeteetan laneko baja eragin duten 970 gaixotasun profesional berri zenbatu dira, hots, % 2ko igoera 2024ko aldi berean zenbatutakoekin alderatuta.