
Urtea hasi zenetik, 39 langile hil dira lanean ari zirela Euskal Herrian, LABen arabera. ELAren arabera, 31 dira. Zenbakiak gorabehera, egoera “oso larria” da Inko Iriarte LABeko lan osasun arloko arduradunaren hitzetan. Azken hamarkadan, 50 eta 70 langile artean hil dira urtero Euskal Herrian, datu ofizialen arabera, baina zifra horien atzean, ezkutatutako beste heriotza, gaixotasun eta istripu mordoa daude.
“Kopuru horiek dakizkigu, baina gehiago izan daitezke. Gaixotasun profesionalek eragindako heriotzak ez dira aitortuak datu ofizialetan”, dio Iriartek. Azken lan heriotza Gasteizen jazo zen, pasa den asteko astearte arratsaldean, teilatu bat konpontzen ari zen langile bat hil zen, bost metroko altueratik erorita.
Joan den maiatzaren azken astea ere zorigaiztokoa izan zen, zazpi egunetan bost pertsona zendu baitziren lanean ari zirela. “Datuak onartezinak dira. Kopuru horien atzean pertsonak daude, familiak, lagunak eta lankideak, eta sufrimendu asko sorrarazten du”, dio Leire Heredia ELA sindikatuko lan osasuneko arduradunak. "Tamalgarria da, baina neurri egokiak ezarriz, heriotza guzti horiek ekidin daitezke”, deitoratu du.
Munduko Osasun Erakundeak dioenez, laneko heriotza guztien soilik %20 dira traumatikoak. Gainerako %80 ez traumatikoak lirateke, hau da, laneko gaitzek eragindakoak, bihotzekoak, esaterako. “Gehiengo zabal bat dago errekonozitu gabe laneko heriotza bezala. Zati txikienaz hitz egiten ari gara, baina ikusgarriena da, heriotza traumatikoak ikusgarriak direlako nolabait”, nabarmendu du Iriartek.
Geroz eta lanpostu gehiago zerbitzutean
Irakurketa “dramatikoa” egiten du LABeko ordezkariak, are gehiago zerbitzuetan geroz eta lanpostu gehiago daudela kontuan harturik. “Potentzialki arriskutsuak izan daitezkeen lanpostuak geroz eta gutxiago dira Euskal Herrian, lehen sektorekoak (basogintza, arrantza, nekazaritza...) edota industriakoak”. Istripu larriak pairatzeko eremua aproposa ez den lanpostuetan, hots, zerbitzuetan, geroz eta jende gehiagok egiten du lana, baina Iriartek gogoratu du heriotza eta istripuen tasak “izugarriak” izaten jarraitzen dutela.
Inko Iriarte: (LAB): “Potentzialki arriskutsuak izan daitezkeen lanpostuak geroz eta gutxiago dira Euskal Herrian, lehen sektorekoak (basogintza, arrantza, nekazaritza) edota industriakoak”
"2024an, Hego Euskal Herrian ofizialki onartuak, 102.000 istripu traumatiko izan ziren. 102.000 horren erdiak baino gehiagok egun bat baino gehiagoko baja izan zuen, lanak eragindakoa", gehitu du.
Prebentzioa kostu moduan ikustearen kalteak
Lan arriskuen prebentziorako legea orain 30 urte jarri zen abian. Europako Batasunako zuzentarau bat egin zen orduan, estatukide bakoitzak bere zuzenbidera lege bidez bideratu zuena. Lege horretan ezarritakoak, ordea, betetzen ez direla salatu dute ELA eta LABeko arduradunek. “Betetze maila hori jaisten ari da, enpresek ulertu dutelako merkeago ateratzen zaiela prebentzioa ez badute egiten, laneko gaitz bat edo laneko istripu bat Gizarte Segurantzak asumitzen duelako arrisku hori”, azaldu du Iriartek.
Leire Heredia: “Legeak 30 urte daramatza indarrean, baina ez da betetzen. Enpresen erantzukizuna da hura betearaztea, baina askok ez dute gustuko, prebentzioa kostu modura ikusten dutelako"
Herediak uste du arazoaren "hanketako bat" dela prebentzioarena, beste askoren artean. “Legeak 30 urte daramatza indarrean, baina ez da betetzen. Enpresen erantzukizuna da hura betearaztea, baina askok ez dute gustuko, prebentzioa kostu modura ikusten dutelako, eta ez du ezer produzitzen”.
Ikuskari nahikorik ez
Arazoaren beste “hanka” bat ikuskari falta dela dio ELAko arduradunak. “Etengabe salatzen dugu ez dagoela ikuskari nahikorik. Jarraipena egin behar da enpresek bermatzeko araudia betetzen dela, baina egun dauden ikuskari kopuruarekin ezinezkoa da ziurtatzea enpresek segurtasun maila egokia dutenik”. Herediaren arabera, Europako Batasuneko ikuskarien batezbestekora ailegatzeko, EAEn 120 ikuskari gehiago beharko lirateke eta Nafarroan beste 45.
Ildo beretik, enpresei araudia betearazteko organismoa "testimoniala" dela dio Iriartek. “Nafarroa guztiko prebentzioaren integrazioa modu koertzitiboan exijitzeko soilik hamar ikuskari daude, eta proportzioan EAEn horrelako zenbakietan gabiltza”, azaldu du. Bitartean, Osalan EAEn eta Noploi Nafarroan eratu dituzte, baina egitura horiek "kanpo zerbitzu bat" bezala funtzionatzen dutela dio Iriartek, ez baitute isuntzeko gaitasunik, aholkularitzak direlarik. “Gobernuaren helburua da enpresak ez ukitzea, eta bitartean langile klasea ari da pairatzen horrelako istripu eta gaixotasun tasa beldurgarriak”.
Inko Iriarte (LAB): “Nafarroa guztiko prebentzioaren integrazioa modu koertzitiboan exijitzeko soilik hamar ikuskari daude, eta proportzioan EAEn horrelako zenbakietan gabiltza”
Ez da ahaztu behar enpresaburua dela lan prebentzioa bermatzeaz arduratu behar dena eta baliabideak eskaini behar dituena enpresako segurtasuna bermatzeko. “Kontzeptu hau oso ondo barneratu behar da”, nabarmendu du Iriartek. Ikuskatzaile gutxi egoteak, lan segurtasuna bermatzeko jarraipen murritzagoa dakar, isun gutxiago ezarriz, eta isun horiek kopuru aldetik “negargarriak” dira, Herediaren hitzetan.
Arrisku psikosozialen azaleratzea
ELAko kidearen ustez, langileen artean geroz eta presenteago dago lan osasuna. “Kontsulta asko ditugu bai prebentzio aldetik baita kaltea gertatu ondoren zer egiteko galdetzen. Lankide batek gaixotasuna du, zer egin dezaket? Horrelako kontsulta asko ditugu”.
Hein horretan, arrisku psikosozialekin lotutako kontsultak nabarmen hazi direla azaldu du. Sindikatuak orain bi urte Bidelagun fundazioa sortu zuen, ikusten zutelako geroz eta gehiago zirela lan istripu eta gaixotasunak pairatzen zituzten pertsonak. Fundazio honen bidez artatzen dituzte lan istripuz edo lan gaixotasunak dituztenak, baita arrisku psikosozialekin erlazionatuta dauden gaitzak ere. “Kontsulta guztien erdiak baino gehiago arrisku psikosozialekin erlazionatuta daude, itzela da”.
LABen ere joera bera sumatu dute: “geroz eta indar gehiago dauka arazo psikologikoen kontsultak gure lan osasuneko departamentuan, azkeneko hamarkadan batez ere nabarmen igo da”, esan du Iriartek, eta gehitu du enpresen gehiengoak ez dituztela ebaluaketa psikosozialak eginda. “Kapitalismoak eraman gaitu abiadura handiko bizitza batera, eta hori lanpostuetan ikusten da. Bere buruaz beste egin duten langileek kopurua deigarria da”.
Leire Heredia (ELA): “Kontsulta guztien erdiak baino gehiago arrisku psikosozialekin erlazionatuta daude, itzela da”
Zaintza sektorea bezalako sektore feminizatuetan arazo psikosozialak nabarmenak direla aipatu du LABeko lan osasuneko arduradunak. “Gaur da eguna, nahiz eta arrisku psikosozialak arrisku nagusiak izan, ez dagoela kontingentzia profesional bezala arrisku bakar bat ere errekonozituta. Dena mutuen bitartez automatikoki bideratzen dituzte Osakidetza edo Osasunbidera, eta, horrela, enpresak ez du ardurarik”.
Derrigorrezkotasunaz hitz egiteko garaia
“Gobernuek ez dute lehenesten gai hau, nahiz eta pertsonei kalte oso handiak eragin”, aldarrikatu du Herediak. Patronalen interesei kalte ez egiteko ez dutela lan gehiago egiten dio. Bere ustetan, baliabideak behar dira, baina baita formazio gehiago ere. “Mezua argia da prebentziorik egiten ez baduzu, garesti aterako zaizu”.
“Enpresei legea betearazteko modu koertzitiboan jartzen ez bagara, honek okerrera egingo du. Izan ere, ikusi degu 30 urtetan prebentzioa betetzen zutenek orain ere betetze dutela, batez ere, enpresa txikiek, baina egin ez dutenek, zeinak gehiengoak diren, bete gabe jarraituko dute”, gaineratu du Iriartek. Kultura prebentiboaz hitz egiteari utzi, eta derrigortasunaz hitz egiteko garaia dela uste du. “LABek aurreikusten du istripu tasak berdin edo okerrera egingo dutela, ez dagoelako neurririk hartzeko borondaterik”.