
Arabako Ogasunak 1.450 milioi euro bildu ditu zergetan urteko lehen zazpi hilabeteetan, iazko epe berean baino %10,6 gehiago (1.310,7 milioi euro), hots, 139 milioi euro gehiago bildu dira.
Zuzeneko eta zeharkako zergek bilakaera ona izan dutela azaldu du Arabako Foru Aldundiak. Zehazki, zuzeneko zergek guztira 646,8 milioi euroko bilketa ekarri dute, %7,8ko igoera hain zuzen, eta zeharkako zergekin guztira 609,1 milioi euro lortu dira, hau da, % 9,5eko igoera iazko uztailarekin alderatuta.
Zerga nagusiek (PFEZa, sozietateen gaineko zerga, BEZa eta hidrokarburoen gaineko zerga) gora egin dute diru-bilketan. PFEZ bidez, 534,6 milioi euro bildu ditu ogasunak, iaz baino %7 gehiago. Sozietateen gaineko Zergarekin 59,5 milioi euro bildu ditu, iaz baino %6,8 gehiago.
Azkenik, BEZa bidez 392,7 milioi euro jaso ditu Arabako Ogasunak. Guztira iaz baino 36,7 milioi euro gehiago.
Bizkaian ere hazkundea
Bizkaiko Foru Aldundiak ohar bidez azaldu duenez, 6.618,0 milioi euro bildu dituzte zergetan uztailera arte, hau da, 2024an epe berean bildutakoa baino 408,5 milioi euro gehiago; beraz, %6,6 egin du gora zerga-bilketak.
Zuzeneko eta zeharkako zerga-ezarpenek bilakaera positiboa izan dute, % 4,6 eta % 5,9 hazi baitira. 3.562,5 milioi euro bildu dira zuzeneko zergetan eta 2.420,6 milioi euro zeharkakoetan.
PFEZak laneko atxikipenen %6,7ko hazkundea izan du, eta, ekitaldi honetako kanpaina amaitu ondoren, % 8,9 hazi da bilketa. Sozietateen gaineko Zergak, berriz, %19,7 egin du behera, 2024ko zergaren kanpainan sartu beharreko autolikidazio batzuen zenbatekoaren ondorioz.