Iritsi da eguna. Gaur hasiko da 2026ko BIEMH Makina-Erremintaren Biurtekoa. Urte eta erdiko lanaren, eta zoratzeko moduko azken txanparen emaitza. BIEMHen 33. edizio hau 10. Biurtekoa izango da Xabier Basañez BEC Bilbao Exhibition Centerreko zuzendari nagusiarentzat. 20 urte egiten ditu gainera erakustazokan. Eta gogotsu dago.
Zer-nolako Biurtekoa dator aurten?
Biurteko handia dator. Datuek erakusten dute: 1.500 enpresa parte hartzailetik gora 34 herrialdetatik. Azken hori garrantzitsua da nazioarteko feria batez ari garela aintzat hartuta, eta 3.350 produktu berritzaile baino gehiago izango ditugu.
Baina beste zerbaitek ere egiten gaitu handi Biurteko gisa. Makina ugari izango ditugu funtzionamenduan aste horretan zehar, eta bereziki makina handiak, EAE horretan baita lider. Soluzio horiek funtzionamenduan, lanean, izatea bada BIEMHen balio erantsia. Ez dira kutsa huts bat. Horregatik luzatzen da hainbeste azokaren muntaia. Enpresek asteak igarotzen dituzte hemen, makinak kalibratzen-eta, horiek martxan izan daitezen.
Aurkezpen prentsaurrekoan ere aipatu zen une asaldatua bizi dugula, ziurgabetasun handikoa industrian oro har. Baina nik buelta emango nioke: hain zuzen ere horregatik da aukera enpresentzat, egiten dutena balioan jartzeko, eta datozen hilabeteetan bultzada izan dadin.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
"Urte onena izango da erakustoki kopuruari eta kalitateari dagokionez", adierazi duzue. Martxora aurreratzeak eta sektorearentzat urteko lehen ekitaldia izateak horretan eragin duela uste duzue?
Data aldaketa egiteko proposamena sektoreak berak egin du, eta BEC sektoreari zor zaio. Biurtekoa martxoan egiten zen, hori baitzen data ideala, baina duela urte asko ekainera atzeratu behar izan genuen. Egin duguna izan da zabaldu den aukera-leiho bat aprobetxatu data honetara itzultzeko. BECen azoka-egutegi osoa antolatzea konplexua izanik ere, guk uste genuen, esan bezala, BEC sektoreari zor zaiola.
Hori ona izango da, datuetan ikusten ari garenagatik ez ezik, urteko lehenengoa izango delako ere. Urte hasieran aurrekontuak freskoago izaten dira denontzat. Gainera, Biurtekoan landutako operazioek heltze epe bat izaten dute, asteetakoa edo hilabeteetakoa. Ekainean egiten genuenean, udan izaten den jardueraren jaitsierak negoziazioak eten egiten zituen. Orain martxotik uztailera dugu operazio horiek ixteko, eta hori ona da erakustokia duten enpresentzat zein BIEMHentzat.
"Data aldaketa egiteko proposamena sektoreak berak egin du, eta BEC sektoreari zor zaio. Biurtekoa martxoan egiten zen, hori baitzen data ideala, baina duela urte asko ekainera atzeratu behar izan genuen"
Eta Xabier Basañezi bereziki ilusioa egiten dion zerbait ba al da aurtengo edizioan?
Niri ilusioa egiten didana da atzera begiratzea eta Biurtekoaren magia ikustea. Bi azokaren artean dagoen tarteko epe horretan ikusten ez den lan izugarria egiten da. Arlo komertzialeko lankideak enpresa guztietan izaten dira, bisitarien kanpaina ere egiten da eta Komunikazio arloa hedabideekin —nazioartekoekin ere bai— mugitzen da. Herrialde asko bisitatu ditugu: Mexiko, Kolonbia, Turkia, Maroko...
Ni BECen sartu nintzen 2006ko Biurtekoa baino aste batzuk lehenago. Aste horietan lan eta lan ibili behar izaten gara, makinak eta kamioiak han-hemendik ikusten dira, garabiak, pintura, olioa, zerrautsa, zarata... Gogoan dut edizio hartan aurreko egunean ikusi nuenean gauzak nola zeuden, pentsatu nuela hurrengo egunerako azoka ez zela prest izango jendaurrean aurkezteko, lehendakaria eta guzti. Eta hor, nolabait, Biurtekoaren magia gertatu zen eta gertatzen da oraindik ere. Igande gauetik astelehenera, dena zoragarri jarrita geratzen da. Noski, hobetzen ere bagoaz, gauzak aldatzen diren heinean.
Gainera, ni ekonomista naiz, ez naiz ingeniaria edo teknikoa, eta izugarria iruditzen zait ikustea makina horiek zer egiteko gai diren: areto honetan ikusten dugun edozein elementu ekoizteko erabili da makina erremintako tresnaren bat.
Biurtekoa da BECen benetako jendaurreko aurkezpena, edo erakustazokan egiten diren ekitaldi guztiek dute kutsu hori?
BECentzat ekitaldi guztiak dira garrantzitsuak, ekitaldi bakoitza antolatzen duen sektorearentzat gakoa delako berea bertan egitea. Gu gainera euskal erakundeen —Jaurlaritza zein Aldundia— menpekoak gara, eta horregatik nolabaiteko azoka-ordezkaritza izan behar dugu herrialde honetan estrategikotzat jotzen ditugun sektore guztietan. Horregatik ditugu azokak ontzigintzan, siderurgian, azpikontratazio industrialean, fabrikazio gehigarrian, deskarbonizazioan, elikaduran, gastronomian, turismoan... Hori esanda, Biurtekoak badu zerbait gehigarria.
"BECentzat ekitaldi guztiak dira garrantzitsuak, ekitaldi bakoitza antolatzen duen sektorearentzat gakoa delako berea bertan egitea. Hori esanda, Biurtekoak badu zerbait gehigarria"
BECek egin duen apustuaren baitan, zein garapen izan du BIEMHek?
BECen jarduerak bere osotasunean garapen handia izan du, eta asko aldatu da. 33 edizio atzera egingo bagenu, eraikin zaharrean izateaz gain, BECek berak antolatzen zituen azokak hartzen zituen soilik. Egun BECek antolaturiko azokak daude, baina baita hirugarrenenak edo guk aliatuekin antolaturikoak.
Azokak ere asko aldatu dira. Orain sekulako lana egiten dugu erakustariak zein bisitariak erakartzeko. 1980ko eta 2000ko hamarkada bitartean, ia-ia makina pabiloian jartzea nahikoa zen bisitariak zein erakustariak bor-bor etor zitezen. Baina egun eskaintza oso zabala da eta horrekin lehiatzeko lan ugari egin behar duzu. Biurtekoaren kasuan 18 hilabeteko lanaz ari gara, eta eszenaratzea ere erabat desberdina da. Lehen makinak besterik ez zeuden; orain hori "apaindu" edo osatu behar duzu bestelako jarduerekin ere bai: hosted buyers program erosleak erakartzeko programa, Jaurlaritzak finantzatuta eta babestuta; Innovation Workshops berrikuntza tailerrak, zeinak erakustokietan gertatzen ari dena osatzen duten; speaker's cornerrak; eta B2B bilerak egiteko eremuak bezero, hornitzaile edo dena delakoarekin... Azoken merkatuak eraman gaitu horretara. Ez soilik Biurtekoan, oro har baizik.
Kontua da gainera erakustazoka honetan ez ditugula soilik azokak egiten; kontzertuak ere hartzen ditugu, izan nazioartekoak, Espainia mailakoak edota bertakoak. Horrek musika eta kultura esparruan ere erreferente gisa kokatzen gaitu. Nazioarteko artistentzat Madril, Bartzelona eta Bilbo dira erreferente. Kongresu, topaketa, bilera, batzar... ugari ere izaten ditugu, zorionez, instalazio oso onak ditugulako, eta horretan ari den lantalde izugarriari esker.
Biurtekoaz harago, zein da BECen aurreikuspena 2026rako?
Urte itzela izango dela uste dut. 2025eko balantzea egiten genuenean ere hori ikusten genuen. Tendencias Creativas egin dugu jada, eta orain Biurtekoa hasiko da, baina ondoren etorriko dira beste azoka garrantzitsu batzuk, tartean Food for Future, Biospain, Gustoko, Expovacaciones, Euskal Encounter... Egutegia oso betea dator.
Hala ere, bai egin nahiko nuke aipamen berezi bat: DS Industry, industriaren deskarbonizazio eta jasangarritasunerako azoka. Prozesu industrialetan, batez ere elektrointentsibo direnen kasuan, deskarbonizazioa gauzatzea ezinbesteko da. Horretarako da azoka, baliozko eduki ugari izango dituena, industriak berak lagundu behar duelako industria deskarbonizatzen. Eta balio kate guztiari eragiten dion zerbait da.
"2026 urte itzela izango dela uste dut. Egutegia oso betea dator"
BECek antolaturiko azoka al da?
BECek antolaturiko azoka da Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren laguntzarekin. Azaroan egingo da, baina dagoeneko komertzializazio lanetan ari gara eta jende ugari izango da. Are gehiago, baliteke Biurtekoan ikusiko ditugun komertzialak ere azoka horretakoak izatea, enpresek euren prozesuetan deskarbonizazioa sustatzen lagunduko duten sistema, zerbitzu edo produktuak txertatu beharko dituztelako.
Jo dezagun datu ekonomikoetara. BECek lurraldean izandako eragin ekonomikoa 2025ean 201 milioikoa izan da, eta 2024an 226,9 milioikoa. 256 ekitaldi 2025ean eta 280 ekitaldi 2024an. Urte bikoiti-bakoitietan BECek izaten duen aldearen parte al da hori?
Gure misioa da EAEko garapen sozioekonomikoari ekarpena egitea. Zifra horiek horren isla dira, alegia, azoka batek zer eragiten duen bai hemen, bai inguruan —jatetxeetan, hoteletan, garraioan, merkataritzan, etab—. Kontua da urtea bakoitia edo bikoitia izan, gorabehera bat izaten dela eraginean zein emaitzetan, bikoitietan bakarrik egiten delako BIEMH. Urte bakoitiak soilik hartuta, bilakaera goranzkoa izan da, eta urte bikoitiak hartuta ere gauza bera.
Pandemiak kolpe nabaria suposatu zuen BECen zifra ekonomikoetan, besteak beste, EBITDA. 2022an EnpresaBIDEAn eginiko elkarrizketa baten aipatzen zenuen espero zenutela egoera berreskuratzea 2024rako edo 2026rako. Dagoeneko 2026an gaude. Zein da egoera?
2012 eta 2013 oso urte txarrak izan ostean, 2020ra EBITDA positiboarekin iritsi ginen, baina pandemiak hasierako laukira eraman gintuen bueltan. 2021 ere urte txarra izan zen, eta 2022an jarduerari berriro heldu bagenion ere, oso apurka gertatu zen hori, eta EBITDA negatiboa izan zen. 2024an dagoeneko positiboa zen, eta hala izango da 2026an ere. Alegia, hobera egin du. Urte bakoitietan —2025a barne—, aldiz, ez dugu lortu positiboa izatea.
Gure helburua da, epe ertainean, bi urteko epe hori hartuta —2028-2029, 2030-2031...— emaitza positiboa izatea EBITDAn.
"Gure helburua da, epe ertainean, bi urteko epea hartuta —2028-2029, 2030-2031...— emaitza positiboa izatea EBITDAn"
Hori noiz gerta liteke?
Ez da berehala gertatuko. Zabalik utziko dut, bestela hatzak harrapatu eta hemendik urtebetera berriro etorriko zara esan nuenarekin [barrez].
Egia da jarduera asko hazten ari dela, baina aldi berean kostuek —energiari, garbiketari, segurtasunari, mantenuari, materialei, soldatei... loturikoek— ere izugarri egin dute gora. Eta salmenta prezioak igotzea ez da hain erraza, beraz, diru sarreren bitartez hori guztia berreskuratzea kostatzen ari zaigu. Espero dut 2030-2031rako hori lortzea.
20 urte betetzen dira aurten BECen hasi zinenetik. Zer nahiko zenuke datozen urteetan mantentzea?
Gauza asko aldatu dira, baina nik azpimarratuko nuke nola egokitu garen garai bakoitzera, jarduera berriak ere txertatuta. Malgutasuna da egun dugun eta etorkizunean mantendu beharko genukeen gaitasuna. Etxe honen malgutasunaz ari naizenean, pertsonez ari naiz, une bakoitzera, egoera bakoitzera eta azoka bakoitzera egokitzeko abilezia dutenak. Une on eta txarrak bizi izan baditugu ere, moldatzen jakin izan dugu; azoka handia edo txikia izan, kongresu bat, 20 laguneko bilera, 3.000 pertsonako kontzertua edo musika emanaldia 15.000 lagunekin, horretan ere etengabe egokitu gara. Etxe honetan lan egiten duten pertsonen meritua da hori. Adimen artifiziala eta eraldaketa digitala honetan txertatzen joango garen tresnak izango dira, baina pertsonak izango gara horiek erabiltzen ditugunak.